Antsoaingo gurasoak: "Mobilizazioari esker prozesua azkartu da"

Antsoaingo gurasoak –

Nestor Esteban (Iruñea, 1977) urte luzez aritu da militatzen Euskal Herrian Euskarazen, eta Itziar Ruiz (Antsoain, 1979) hezitzailea eta euskaltzalea da. Azken bi elementu hauek, hezkuntzak eta euskarak, elkartu ditu, baita hirugarren batek ere: haurrak. Antsoainen haur eskola euskalduna lortzeko borrokan ari diren gurasoetako bi dira. Dinamikaren bilakaeraz eta udalarekin izan berri duten bilkuraz hitz egin dugu.

Antsoaingo gurasoak

Gaiari buruz ezer entzun ez duenarentzat komenigarria litzateke kokapen batekin hastea. Antsoaingo haur eskolan ezin da euskaraz ikasi. Nondik dator egoera hau eta noiz hasi zineten gurasoak antolatzen?

Itziar Ruiz: Ni izan nintzen haur eskolako lehen promozioa, eta 40 urte ditut…

Nestor Esteban: Oraingo ereduak urte batzuk daramatza indarrean. Lau gela daude, eta gela bakoitzean bi hezitzaile. Txikienen gelan bi hezitzaileak erdaldunak dira, eta besteetan bat elebiduna eta bestea erdalduna.

I.R: Saiatzen dira bikotea egotekotan bat euskalduna izaten, eta bikoterik ez badago, ba erdalduna jartzen dute, ikasturteko matrikularen arabera.

N.E: Eredu ofiziala, webgunean jartzen duena, da klase bakoitzean bi hezitzaile egon behar direla, eta horietako bat euskalduna, txikien taldean izan ezik (biak erdaldunak). Baina funtzionamendua gaztelaniaz da, Udalak ere hala dio.

I.R: Ez da inmertsio eredu bat. Euskarak badu presentzia, badago, baina egunerokotasuna eta eredua bera ez dira euskaldunak.

N.E.: Duela bi urte pasatxo hasi ginen mugitzen gai honekin, 2017ko abenduan. Hasieran bi familia, Martarena eta gurea. Guk instantzia bat sartu genuen Udalean, galdetuz ea zergatik ez zegoen euskarazko murgiltzeko eredurik herrian; Martak beste arazo bat ere bazuen: umeak euskaraz ikas zezaten Iruñera joan behar bagenuen, ea zergatik ordaindu behar genuen kuota gehigarri bat. Iruñeko udalak, kanpotarra izateagatik, 83€ gehiago kobratzen dizkizu hilean. Martak kantitate hori bere gain hartu zuen ume bakar bat bidaltzen zuen bitartean, baina bigarren umea izan zuenean egoera berarekin jarraitzea gehiegizkoa iruditu zitzaion. Bi familiak elkar ezagutu genuen, eta lanean hasi ginen.

Nolakoa izan da ibilbidea?

Antsoaingo gurasoakN.E: Lehenengo galderari dagokionez, udalak erantzun zigun ez zegoela euskarazko murgiltzeko eredurik, baina lanean ari zirela. Bigarrenari dagokionez, aurrematrikulazio epearen atarian geunden, eta erabaki genuen kuota gehigarriarena behintzat lehenbailehen konpontzea, hori lehenestea. Udalarekin hainbat bilera egin genituen, Arartekora jo genuen eta arrazoia eman zigun, eta lortu zen Antsoain eta Iruñeko udalen arteko hitzarmen bat: Antsoaingo udalak bere gain hartu zuen kuota gehigarria. Kontua izan zen hitzarmena matrikulazioa egin eta gero sinatu zela, eta zenbait gurasok ezin izan zutela hau kontutan hartu beraien seme-alabak non matrikulatuko zituzten erabakitzerako orduan.

Ikasturte honetan berriz lortu genuen hitzarmen hori sinatzea, aurrematrikulazio epea baino lehen, gainera. Baina udalak ez zituen gurasoak informatu erabaki honen inguruan.

Kontu honekin bueltaka bi urte aritu eta gero, jabetu ginen udalak ez zuela urratsik eman haur eskola euskalduna lortzeko bidean, eta erabaki genuen gai hori kaleratzen hastea; ondorioz, familia gehiago elkartu gara. Otsailaren 26an prentsaurrekoa eman genuenean udalaren partetik egon zen mugimendu faltaren inguruko hainbat adibide jarri genituen:

  • 2019ko pleno batera eraman zuen gaia EH Bilduk (guk ez genekien ezer), baina era berean erretiratu egin zuten puntua, alkateak esan zuelako ez zegoela ez baldintzarik ez bermerik hori aurrera eramateko. Guzti honetan prentsatik enteratu ginen.
  • Maiatzean udal hauteskundeak izan ziren, eta ez genuen alderdien programetan gai honen inguruko punturik topatu.
  • Abenduan adostu zituzten 2020rako aurrekontuak, eta hor ez zegoen diru partidarik haur eskolaren euskalduntzea sustatzeko.
  • Haur eskolaren araudiaren arabera plantilla organikoko 9 langileetatik 6k euskaldunak izan behar dute, eta ez da betetzen. Alderantzizkoa gertatzen da, hiru bakarrik dira euskaldunak.
  • Amaitzeko, ez dutela lan deialdirik egin. Guri bere garaian esan ziguten Nafarroako Gobernuak haur eskoletarako lan deialdi bat egin ez gero haiek ere egingo zutela, herri txikia izatean ez dagoelako baliabiderik horrelako zerbait zerorrek abiatzeko; gobernuak, ordea, iaz egin zuen lan deialdi hori, baina udalak ez.

Guzti hau ikusita, gure aldarrikapena kaleratzen hasi ginen , batez ere azken hilabeteetan.

Ander Orozek, Antsoaingo alkateak, hainbat adierazpen egin zizkion NAIZ hedabideari gai honen inguruan. Aztertu ditzakegu alkatearen argudioak?

N.E: “Ley de Estabilidad Pesupustaria” delakoak ez omen die irakasle gehiago kontratatzen uzten. Guk ez dakigu hori ze puntutaraino den horrela, ez gara adituak lege kontuetan. Dakiguna da Nafar Gobernuaren lan deialdia probestu zezaketela eta ez zutela egin. Bestalde, beti daukat gogoan adibide bat: kuota gehigarriaren kontuarekin ari ginenean udalak esan zigun ezin zutela hitzarmenik egin Iruñeko udalarekin, ezinezkoa zela. Hori aztertzen hasi ginen, eta azkenean bai, posible zen egitea.

I.R: UGT-k udalaren plantilla organikoa osoaren aurka errekurritu duela ere aipatzen da bertan, euskara dela eta. Haur eskolaren gaira mugatuta, legez 9 hezitzailetik 6 euskaldunak izan beharko lirateke, eta ez da horrela.

N.E: Duela bi urte argi esan ziguten “hainbat zailtasun” zituztela. Kontua da duela bi urte galdetu genuela zergatik ez zegoen euskarazko murgiltze eredurik, eta azaroan sartu genuen instantzian galdetu genuen zein neurri hartuko zituen udalak eta zein epeetan. Arazoen diagnostikoa gauza bat da, baina gu harago goaz: arazo batzuk daudela ikusten baduzue, zein neurri hartuko dituzue eta zein epeetan? Azkenean, pasa den astean bildu ginen, baina bitartean ez genuen erantzunik jaso (ia lau hilabetez). Horrek gure partetik hainbat protesta eragin zituen: umeekin sartu ginen udaletxean jolastera,  itxialdia, kontzentrak…

Udalak aipatzen ditu hainbat arazo dauzkala, besteak beste, haur eskola euskalduna izan dadin lortzeko. Guk ez ditugu arrazoi horiek zalantzan jartzen, baina eskatu dioguna da arazo horiek nola konponduko dituen azaltzea.

Antsoaingo gurasoak

Orozen adierazpenetako batek arreta piztu zidan: “Antsoaingo irakasleen birziklatze bat bultzatu zuten zeukaten euskara jakintza sustatzeko, baina ez zuen arrakastarik izan”. Ze esan nahi du honek? Sei langile erdalduni eskatzen diezula zerbitzu publiko bat emateko euskaraz ikastea, eta ezetz esaten dizutela? Hor sartzen al da UGT, langile elebakarren pribilegioak babesteko lobby gisa?

I.R: Hor udalak haur eskolako gaia udalbatzara eraman eta era berean erretiratu zuenekoa datorkit gogora. Guk ez dakigu zergatik erretiratu zuten eurek aurkeztu behar zuten puntua (hori udalak jakinen du), baina ondoriozta daiteke euskalduntze neurria bermatzerik ez zutela izan…

Lehen aipatu duzue kuota gehigarrien harira Arartekora jo zenutela duela urte pare bat. Zuen haurrak herrian eta euskaraz hezteko eskubidea duzuela adieraziz jo duzue berriz berarengana. Zer dio Arartekoak?

I.R: Behatokikoekin aurkezu genuen kexa, eta ondoren Arartekoak udalaren iritzia ere jaso zuen. Guztia aztertu eta gero, bi gomendio luzatzen dizkio udalari: batetik berma dezala Antsoaingo gurasook gure haurrak euskaraz hezteko daukagun eskubidea (Euskararen Legean oinarrituta);  eta bestetik, ebazpenarekin bateginez gero, ze neurri hartuko dituen zehaztea. Hortik aurrera udalak bi hilabete dauzka erantzun bat emateko. Arartekoak aholkatu egin dezake, ez agindu.


Q20.319 TSRG – Arartekoaren txostena


Testuinguru honetan egin zen otsailaren 29ko manifestazioa, “Euskara eskubidea”. Nola baloratzen duzue manifestazioa?

I.R: Gu pozik. Gonbitea jaso genuen Iruñeko haur eskoletako gurasoengandik, eta argi ikusi genuen “Euskara eskubidea” lelopean gaudela gu ere. Guretzat garrantzitsua izan zen bertan egotea, beste herrietako esperientziak ezagutu (Mendigorria, Iruñeko haur eskolak, NUPeko ikasleak, Lanbide Heziketakoak…) eta gurea ere kontatzeko. Manifestazio ederra izan zen: jendetsua, koloretsua, animo askorekin egina… Herrian egun hari begira gure lanketatxoa egin genuen.

N.E: Bestalde, aipatu nahiko nuke nabaritu genuela mobilizazioaren prestaketan hainbat erresistentzia egon zirela Antsoaingo haur eskola euskaldunaren aldarrikapena baldintzatu nahian. Guk garbi genuen gure aldarrikapena primeran txertatzen zela manifestazioan, eta inork ez digu esango gure umeek euskaraz ikas dezaten egiten dugun borroka noiz, non eta nola egin behar dugun.

Duela gutxi “Denok batera Antsoain euskaldunaren alde” iritzi artikulua publikatu zuten ZuZeun Imanol Karrerak eta Saul Arangibelek. Honakoa zioten: “Antsoaingo Udala (EH Bildu) Navarra Sumak eta PSN-k urteetan egin dituzten eta oraindik ere egiten dituzten eraso euskarafoboekin … parekatzeak, aurreko larunbateko manifestazioan gertatu zen moduan, ez du errealitatearekin bat egiten”.

N.E: Hemen ez daukagu umeak euskaraz matrikulatzeko aukerarik, hori da kontua. Manifestazioan zaku berean sartu zena euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen duten adibide ezberdinak izan ziren, hurrengo egunetako egunkarien lerroburuetan ikus zitekeen bezala. Lekuz kanpo dagoen eztabaida bat da.

Zuen kasua beste guztiengandik ezberdintzen duena da EH Bildu dagoela udalean. Egoera nahiko paradoxikoa da.

Antsoaingo gurasoakI.R: Guk ez dugu begiratu ea nor dagoen agintean, guk gure seme-alaben hizkuntza eskubideei begiratu diegu. Egiten ari garena herriari egiten diogun ekarpen bat dela iruditzen zaigu. Konfrontazio honetatik ahalik eta urrunen mantentzea da gure borondatea. Gure asmoa ez da izan udalarekin talka egitea, kontrakoa, elkarlana bilatu dugu modu jator batean. Nahiz eta batzuetan, badirudi, ez asmatu.

N.E: Egia da momenturen batean, instantzia sartu eta ez dakit zenbait denborara erantzun bat jasotzen ez duzunean, ba pazientzia agortzen zaizula. Egoera horretan kokatzen da egin genuen itxialdia, adibidez.

I.R: Are gehiago, dena izan beharko litzateke errazagoa agintean dagoenak zure helburu berberak konpartitzen baditu.

Eta bada, agian, beste kasu batzuetan baino errazagoa, elkarlanerako atea zabaldu delako. Iragan astean udalarekin bildu zineten, eta ZuZeun argitaratu zenuten oharrean adierazi zenuten itxaropentsu irten zinetela.

N.E: Azken hilabeteetan dinamika bat eraman dugu aurrera, eta uste dugu bilkura bera horren fruitu dela. Otsail hasieran Arartekoarengana jo genuen. Jarraian batzar informatibo bat egin genuen herrian hurbiltzen zenari aditzera emateko zertan ari ginen eta ibilbidea zein izan zen; alkatea ere agertu zen batzarrera. Agerraldia eta kontzentrazioa ere egin ditugu. Horri “euskara eskubidea” manifestazioa gehitu behar zaio. Manifestazioaren bezperan jaso genuen alkatearen bilkura gonbitea. Mobilizazioari esker prozesua azkartu da.

I.R: Bilerari berari buruz esan daiteke itxaropentsu irten ginela. Hiru familia, alkatea eta bi zinegotzi elkartu ginen. Guk plan bat eskatu izan diogu udalari, eta lehenik eta behin onartu ziguten ez dagoela planik; baina zirriborro posible bat aurkeztu ziguten, eta lehenbailehen ixteko asmoarekin. Aurrematrikulazio epeak laster hasiko dira, eta beraz, hurrengo ikasturtean ezinezkoa da plan hori aplikatu ahal izatea; gure itxaropena 2021-22 ikasturte hasieran kokatzen da, espero dugu ordurako euskarazko lerroa abiatzea.

Badakigu udalak inoiz ez duela borondate faltarik izan, bat egiten duela aldarrikapenarekin; kontua da zehaztapena falta zela, eta zorionez, hori aldatzen ari da.

Non kokatzen duzue zuen burua bilera honen ondoren? Zein da zuen egitekoa epe laburrean?

I.R: Gurea asmoa da Antsoaingo gurasoak animatzea umeak euskarazko haur eskoletan matrikula ditzaten (aurrematrikulazio epea atzeratu egin da berrogeialdiarengatik). Ingurura jo beharko dugu, eta badakigu Iruñean ezinezkoa izango dela. Publikoetara joko dugu, eta ezinezkoa bada pribatuetara. Bestalde, familia bakoitzak bere lehentasunak dauzka, bere egoera, bere baldintzak… Normalena, umea haur eskola batean hartuko dutela bermatzea gurasoak lanera joan ahal izateko.

N.E: Euskarazko ereduaren alde egiteak gastu gehigarriren bat suposatuko baligu, Antsoaingo udalak kasuak aztertzeko konpromisoa hartu du.  Iruñean lehen txiripaz sartzen ginen Txantrean edo Errotxapean, baina orain ezinezkoa izango da… nork daki… agian etorkizun batean Iruñekoak etorri beharko dira Antsoainera umeak euskaraz matrikulatzera!

Antsoaingo gurasoak
Antsoaingo gurasoak
Antsoaingo gurasoak
Antsoaingo gurasoak
Antsoaingo gurasoak
Antsoaingo gurasoak
Antsoaingo gurasoak
Antsoaingo gurasoak
Antsoaingo gurasoak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

2 pentsamendu “Antsoaingo gurasoak: "Mobilizazioari esker prozesua azkartu da"”-ri buruz