Denok batera Antsoain euskaldunaren alde

Denok batera Antsoain euskaldunaren alde –

Euskara Antsoainen lantzea inoiz ez da erraza izan. Zailtasun horren atzean dauden hiru arrazoi ezberdin aipatuko genituzke. Lehenena Antsoaingo soziologia bera: langile herria dugu Antsoain, eta ondorioz Estatu espainoleko hainbat herritako langileek aurkitu zuten lana, lekua eta bizitza dagoeneko beraiena den herrian. Bigarrena, eta honetan autokritika zintzoa egin behar dugu, euskararen garapena eta defentsa lantzea behin eta berriz proposatu dugun arren, ez gara gai izan ekimenak eta indar soziala ondo bideratzeko. Hirugarrena, Nafarroa osoan bezala, urteetan Antsoainen PSN-k izan duen jarrera euskarafoboa.

Denok batera Antsoain euskaldunaren alde

Azken horri dagokionez, ikuspegi historikoa eta estrategikoa izateko, gogoratu beharrekoa da PSN-k bere garaian Antsoainen egitekoa zen Pirritx eta Porrotxen emanaldi bat debekatu zuela. Horretaz gain, Xalbador euskaltegia ere itxi zuen. Baina larriena izan zen PSN-k herrian ezarritako hizkuntz politika euskarafoboalan postu publikoetan euskara baztertzeko eta euskaldunon eskubideak urratzeko. EH Bilduk alkatetza lortu zuelarik, politika haren ondorioak euskaldunondako samurragoak izan zitezen, bestelako plantilla organiko bat onartu zuen, baina UGT sindikatuak, PSNren soka berekoa baita, epaitegietara eraman zuen.

Egun, zorionez, bestelako errealitate bat dugu Antsoainen. Antsoaingo soziologia erabat aldatu da. Kanpotik etorritako langile haien seme-alaben seme-alabek euskara eredura eramaten dituzte beraien haurrak, eta horregatik Antsoainen dagoen Lehen Hezkuntzako eskola bakarrak euskara eredua dauka soilik.

2015ean aldaketa politikoa gauzatu zen udalean 24 urtez PSN-ren gobernu jarraituei amaiera emanez eta horrekin batera euskarafobiari. Oraingo Udalak Antsoain euskaldun baten alde lan egiten du. Aurreko legegintzaldian egin zuen moduan euskaren aldeko mugimendu bat sortzeko baliabideak jarriz, esate baterako. Aldiz, lehen aipatutako autokritika zintzoari eutsiz, onartu beharra dago herri mugimendutik jarraitzen dugula euskarari behar duen lehentasuna eman gabe, urratsak eman gabe.

Horregatik, gure uste apalean, Antsoaingo Udala (EH Bildu) Navarra Sumak eta PSN-k urteetan egin dituzten eta oraindik ere egiten dituzten eraso euskarafoboekin (Mendigorria, Iruñeko haur eskolak, Altsasuko lanbide heziketa…) parekatzeak, aurreko larunbateko manifestazioan gertatu zen moduan, ez du errealitatearekin bat egiten. Parekatze horrek ez dio inolako ekarpenik egiten Antsoainek euskalduna izateko duen erronkari eta helburuari. Kontrakoa, gure ustez. Antsoainen haur eskolarekin dugun arazoa euskarafobia parametro horietan korapilatzeak ez du ezer gehitzen eta beharrezkoak diren indar guztiak sakabanatzen ditu, nahasten ditu, herrian azken aste hauetan ikusten ari garen moduan.

Antsoainen euskaldunon eskubideak errespetatu eta bermatu behar dira eta horretarako 0-3 urte arteko haurrak euskaraz ere eskolatzeko dagoen eskaera soziala ahalbidetu behar da. Udalari dagokio, beraz, herriari eta langileei zehaztea eta azaltzea noiz eta nola izanen dugun haur eskola osoki euskalduna.

Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek esaten du “gure bizitza eta herria eraldatzeko tresna” dela euskara. Eta gure ustez ere, hau da herri bezala dugun erronka kolektiboa aldaketa sozialean sakontzeko eta herri justu bat eraikitzeko. Horretarako aukera eta baldintza ikaragarriak ditugu kalean eta, zapatistek dioten bezala, herriaren gobernuaren etxea den udalean. Antsoain herri euskalduna bilakatzeko determinazioz eta ilusioz, beharrezkoak diren indar guztiak batuz. Egin dezagun!

 Imanol Karrera eta Saul Arangibel, antsoaindarrak

Denok batera Antsoain euskaldunaren alde
Imanol Karrera

Langile Abertzaleen Batzordeetako bozeramailea Nafarroan

5 pentsamendu “Denok batera Antsoain euskaldunaren alde”-ri buruz

  • Ze hitz jarioa zer eta Antsoaingo guraso euskaltzaleek beraien-seme alabek euskarazko haur eskola izan dezaten abiatu duten ekimena mespretxatzeko! Izan ere Antsoaingo udaletxea zuen Bildu super guaiak kudeatzen du eta orduan gaizki dago euskararen aldeko herri aktibazioa. Ze lotsa gutxi! Zapatistak eta tokiz kanpoko beste hainbat lekuz kanpoko adibide, “alternatiboarenak” egiteko, betiko postureoan, baina haur eskolarik euskaraz ez eta Espainiako bandera udaletxeko balkoian.
    Animo eta kurai guztia guraso euskaltzale eredugarri horiei!

  • Ederki idatzitako idazkia, baina bukatu eta zer? Borontatea handia behar da gero esan nahi duena ulertzeko! Edo hobeki esan, esan nahi lukeena.
    Imanol, beste garai batean gaude eta argi hitz egin behar da, adinez nagusiak baikara.
    Zer eragozpen dago euskal haur eskola bat izateko? Ez duzu arrazoi garbi bakar eman. Sentitzen dut, baina beste fase batean gaude, jaunok!

  • Hemen daude udalak azaltzen dituen eragozpen batzuk: https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20200219/movilizacion-en-antsoain-para-reclamar-una-escuela-infantil-en-euskara

    Hala ere, iritzi artikuluan esaten dudan bezala: aitzakirik gabe “Antsoainen euskaldunon eskubideak errespetatu eta bermatu behar dira eta horretarako 0-3 urte arteko haurrak euskaraz ere eskolatzeko dagoen eskaera soziala ahalbidetu behar da. Udalari dagokio, beraz, herriari eta langileei zehaztea eta azaltzea noiz eta nola izanen dugun haur eskola osoki euskalduna”.

    Ez borondate ez fobia, “eskubide kontua da”. Denok batera Antsoain euskaldunaren alde.

  • Nestor Esteban
    Nestor Esteban 2020-03-06 00:49

    Hemen duzue larunbateko “Euskara eskubidea” manifestazioaren amaieran irakurri zen idazkia:

    “70eko hamarkada zen. Gutako asko haur batzuk ginen, beste batzuk jaiogabe ziren, eta beste zenbait ordurako Iruñean eta Nafarroa osoan euskaraz ikasteko aukera izateko borrokan ari zineten. Euskaraz ikasi ahal izateko aukerak ez dizkigute inoiz oparitu. Eskubideak burutan, elkartasuna eskutan eta duintasuna bihotzean lan egin duten ehundaka eta ehundaka emakume eta gizonek lortu duzue gaur ditugun ikastolak eta D ereduko ikastetxeak martxan jartzea. Gaur ez dugu ahaztu nahi egin zenuten lan hori guztia, eta ezer baino lehen eskerrak eman nahi dizkizuegu. Biba zuek!!

    Medio siglo. Llevamos medio siglo haciendo posible lo imposible. Medio siglo sudando por hacer frente a los obstáculos. Hemos trabajado duro para defender nuestro derecho, para hacer realidad la posibilidad de vivir en euskara, para dar un futuro mejor a nuestros hijos e hijas. Y hoy podemos decir que la situación ha mejorado, porque disfrutamos en euskara, el euskara nos hace y nos enriquece.

    Nahiko genuke modu erosoan aukera hori eduki. 2020an, eleaniztasunaren aroan, justizia soziala ahoz-aho dagoen sasoian, ezagutzaren garaian oraindik eta zentzugabeago dirudi Instituzio Publiko batek herritarrei haien hizkuntza ikastea galaraztea. Gure lingua navarroruma ukatuz elebakartasunera kondenatu nahi gaituzten agintariak haien teilatu gorriari harrika ari zaizkio. Euskaraz bizitzea da gure hautua. Gure eskubidea delako, bai. Baina baita elebitasun errealak eleaniztasunerako jauzia emateko eskaintzen dituen abantailengatik ere. Bi hizkuntza ongi menperatuta, errazagoa da hirugarren bat ikastea. Eta Nafarroan, batzuek ikusi nahi ez arren, bi hizkuntza modu egoki eta orokortuan irakatsi eta ikasi ahal izateko bide bakarra euskarazko murgiltze eredua eskaintzea da.Gure txikientzako hori da nahi duguna, eta hautu hori egin nahi duen orok aukera izatea ere bai: Nafarroa osoan eta maila guztietan.

    Las agresiones que estos últimos meses ha sufrido el euskara vienen en esa dirección: El Ayuntamiento de Iruñea, del que ostenta Navarra + la alcaldía, ha anunciado que quiere reducir la oferta actual de las escuelas infantiles amenos de la mitad, argumentando que hay demasiada oferta. Sin embargo, es sabido que las plazas en euskara se llenan. Pero tenemos claro que, aunque no fuera así, seguiríamos teniendo derecho a educar a nuestros hijos e hijas en euskara. Esto es un episodio más de la cruda euskarafobia que se esconde tras el tramposo binomio oferta-demanda.

    Gainera, gure kasua aurreko moldaketa salatu zuten gurasoekin alderatu nahi dute batzuek, ñabardura garrantzitsua ahaztuta: orduko kasuan ezbezala, guk egun ez dugu gure seme alabak nahi dugun ereduan inora eramateko alternatibarik. Argi eta garbi esan nahi dugu ezin dugula ahaztu eskubideez hitz egiten ari garela, ez garela zenbakiak, pertsonak gara, eta euskaraz ikasteko eskubidea dugu irakaskuntza publikoan. Zentzu horretan,martxoaren 5eko Iruñeko udal-batza bitarte han izanen gara hori aldarrikatuz. Hori horrela, azken eraso honek bestelako herrietan ere eragina du, adibidez, Antsoaingo ume zein gurasoetan. Antsoaingo haureskolan ez da inoiz eskaini euskaraz ikasteko aukera, eta hautu hori egin nahi duten gurasoek Iruñera jo behar dute. Hemendik aurrera, gainera,zailago izanen dute berez injustua den hori egitea.

    Sin embargo, el problema no acaba en las escuelas infantiles. Se da en todo el ciclo educativo. El Departamento de Educación acaba de dar a conocer que no pondrá en marcha el modelo D en Mendigorria, argumentando quela demanda es demasiado pequeña, cuando ni siquiera nos han dejado prematricular a nuestras txikis en ese modélo. Una vez más, algunas personas somos tratadas como ciudadanas de segunda, negándonos la igualdad de oportunidades. Como tantas otras veces, nos vemos obligadas a elegir entre que nuestras txikis estudien en su pueblo o estudien en su idioma. El mismo Departamento no ha permitido al centro educativo de Castejón salirse del PAI y entrar en el modelo D. En Sakana también tienen problemas para poder estudiar la formación profesional en euskara.

    Eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere egoera oso kezkagarria da:euskaraz ikasi nahi dugun ikasle askok beste unibertsitate batzuetara joan behar izaten dugu ikasketak euskaraz egin nahi izan ezkero, Nafarroan bertan ikasketa horiek soilik gaztelaniaz eskaintzen direlako. Eta honakoa suertatzen da, geroz eta ikasle gehiago garenean gainera, NUPen aukera eduki ezkero, euskara aukeratuko genukeenak. Enegarrenez, eskaintza eta eskariaren aitzakipean, eskubideak urratuta, nafar herritar batzuk bigarren mailakoak bihurtuz. Horregatik, apirilaren 2an ikasleak berriro ere kalera aterako gara “euskaraz ikasi, bizi eta irakatsi nahi dugu” lemapean.

    Argi dugu, nagusiki eta gaurdanik, Nafar Gobernuari dagokiola guztion hizkuntza eskubideak bermatzea, inor bigarren mailako herritar gisa ez tratatzea eta aukera berdintasuna bermatzea. Horregatik, gaur hemendik enplazamendua egiten diogu: Ez gaude prest gure eskubideetan atzera egiteko. Eskubideetan aurrera egiteko garaia da. Nafar herritar guztiak berdintasunean tratatzeko garaia. Euskara eskubidea delako, ni más nimenos!!! GORA EUSKARA!

  • Euskarafobiari hauspoa ematen diotenak dira legeetan katramilatu, manipulatu eta ezkutatzen direnak euskarari ate berriak irekitzeko orduan. Aitzaki onak eman dizkiozue UPN-ri eta PSN-ri gauza bera egiteko legearen izenean. Hori bai dela parekatzea eta herriak ikusi baino ez du egin.
    Antsoainen egin den kudeaketak, eman diren arrazoiek eta jarri diren oztopoek euskaldunon eskubideak urratzen dituzte.
    Hau al da determinantea izatea euskara kontuetan? Hau al da euskaldunen egoera hobetzea?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude