Altxorrak eta tresnak
Altxorrak eta tresnak –
Azken hilabetean Frantziako Kontseilu Konstituzionalak eta Espainiako EAEko Auzitegi Nagusiak lehen lerrora bueltatu dute euskararen garapenaren afera bi estatuetan. Horren aurrean, Macron Presidenteak adierazi du eskualde hizkuntzak babesa merezi duten altxor nazionala direla. Museoan mantentzeko erlikiak, akaso? Baina badakigu museora hilabetean behin besterik joaten ez garela.
Edozein elementu sozialaren osasun egoera (aldarrikapena, jarduera ekonomikoaren garapena, hizkuntza sustapena, erlijioa) sozietate zibilean eragiten duen aktibismoan eta konpromezuan neur daiteke. Euskal Herrian, inguruko beste edozein herrialdeetan bezala, hala izan da. Hiri paisaien, enpresa ekimenen edota kultura eta hizkuntza pizkundeen atzean sozietate zibilaren ekimen pribatua egon da.
Ostera, badira ere gizartean adostasunak sor ditzaketen aldarrikapenak eta aldi berean honengan berebiziko grina esnatzeko gai ez direnak. Kasu horietan, aldarrikapen horien garapena instituzio publikoetan uzten da. Nolabaiteko nagikeria soziala.
Zentzu horretan, hizkuntza baten rol soziala ezin daiteke instituzioek artatutako altxor kulturalarena izan, sozietate zibilak bere eguneroko harremanetarako erabilgarria den tresna bat izatearena baizik. Eguneroko harreman horien zati handi eta nuklearra dira jarduera ekonomikoak eta profesionalak, negozioen arloa. Erregistro horietara sarrera moztuta duen hizkuntza batek zail izango du gizartean garatzea, nahiz eta administrazioaren kartel guztietan presentzia eduki. Horretan datza erabilgarritasunaren funtzioa.
Orain arteko nire ibilbide profesionala herrialde desberdinetan garatzeko aukera izan dut, tartean Euskal Herria eta Katalunia. Gogoratzen dut nola hango lan elkarrizketa batean zuzenean katalanez galdezka hasi zitzaizkidala, aurre abisurik gabe. Nire ulermen gaitasuna aztertu nahi zuten. Beste batean, ez zidaten ezer galdetu, eta lanean hasi nintzenean zuzenean hasi zitzaidan katalanez zegoen lana heltzen. Inork ez zuen ezta pentsatu ere egin lan hura hizkuntza arrazoiengatik baztertuko nuela: hori Bartzelona zen eta han lan egin nahi izatekotan bazenekien zertarako prest egon behar zinen.
Era horretan, bezeroekin hitzez eta idatziz katalanez lan egitea tokatu zitzaidan. Ordu luzeak zirauten hainbat pertsonako bileratan egon nintzen, katalanez osorik zirenak. Bileran presente zegoen abokaturen batek gaztelera nahiago izateak ez zuen inolako garrantzirik: bezeroek katalanez lan egin nahi zuten eta profesionalak haiei zerbitzu bat emateko zeuden. Qui paga, mana.
Katalanez egin beharreko lana ugaria zen, eta anitza: administrazio publikoen aurrean burututako tramiteak eta hauen dokumentuak, notaritzetako eskritura publikoak, mota guztietako kontratu pribatuak (merkatari eta autonomoak, enpresa txikiak, enpresa taldeak, bankuak)… Oso osorik katalanez negoziatutako ehun milioi baino gehiagokooperazioetan parte hartu nuen. Atzerriko eta Kataluniako enpresek antolatutako negoziazio bileretan egon nintzen presente, aldi berean ingelesez eta katalanez egindakoak. Are gehiago, Katalunia utzi eta jarraitu dut hango hizkuntzarekin kontaktua izaten. Zergatik? Hango administrazioekin harreman profesionala izan dudalako eta haiek helarazitako dokumentazio guztia katalanez zegoelako, beste aldean zegoen enpresaren jatorria edozein izanda.
Aurreko guztiak egiten du katalana enpresa eta esparru profesionaletan presente dagoen hizkuntza, Katalunian negozio proiektuak aurrera eramateko beharrezkoa den tresna. Azken buruan, baliagarria da, edozein hizkuntzaren lehen eta azken asmoa.
Euskerak paradigma aldaketa behar du. Mundu erreibindikatzailean, hezkuntzan eta sektore publikoan fosilizatuta geratzea ekidin. Enpresaren munduari eta sektore profesionalen munduari heldu, ekimen pribatua garatzeko medio bilakatu. Eta horretarako erabilgarria izan behar da. Enpresek jarduera ekonomikoa garatzeko euskera beharrezkoa dela somatzen dutenean, orduan garrantzia eta lehentasuna lortuko du. Fakturatzeko euskeraz lan egitea beharrezkoa bada, orduan euskera inbertsioa izango da, inoiz ez gastua. Erabilgarria izango zitzaielako.
Euskeraz bizi ahal izateko, euskeraz lan egin ahal izan behar da. Eta euskeraz lan egin ahal izateko, bere erabilera lan giroan beharrezkoa izan behar da, hau da, behar bat asetzeko erabilgarria izan. Erabilgarritasunak desberdintzen baitu erlikia eta tresna. Erlikiak museo batean erakusteko dira, kanpotik itxitako espazio batean gordeta, kontrolatzeko errazak.