Aldatzen

Aldatzen –

Aldatzen
Arg: Migel Angel Garcia (Flickr)

Erribera, Erribera… zein euskaltzalek, zein abertzalek, ez du Benitoren kanta kantatu (edo) gaueko ordu ttikietan, postretik kopen txandara jauzi egiteko tenorean? Erribera, Erribera, gure ezinen zabalera izan da urte luzez. Lur emankorra bai, baina ez guretako. Bertan ametsak isuri bai, ez, ordea, gureak, Nafarroako antieuskaltzaletasunaren gotorlekuan. Tira, dena ez da basamortua izan. Ikastola batzuk, han-hemen. Euskaltegiren bat, bazterrean. Halako dantza-talde bat, uste ez genuen tokian. Ez erakundeek ez euskalgintza antolatuak bultzatu gabeko A ereduak, zenbait tokitan. Eta 4 urte hauetan, areago. Harrabots handirik atera gabe, eta hamaika oztoporen artean, D eredu publikoa hasi da bidea urratzen. Castejonen 12 neska-mutikorekin aurten. Bat-batean, zenbait kargudun publikok, armairutik atera eta zerrenda euskaltzaleetan joateko prestasuna agertu dute. Lodosako alkatea, kasu. Nafarroako bertsolari txapelketa Tuterara ere bidaiatu da aurten. Gaur goizean, bihotza samurtu zaigu “Andosillako Txistulariak” izeneko taldearen berri izatean. Ez nahi genukeen abiaduran bada ere, ez nahi genukeen indarrez bada ere, Erribera ere aldatzen ari da gure oharkabean.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko otsailaren 27koa]

Aldatzen
Aingeru Epaltza

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.

9 pentsamendu “Aldatzen”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-03-02 11:36

    Santxikorrotari zerbait zor die

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-03-03 18:03

    Euskaldun bat, zer derasazu? ala Aingerurkiko hizkuntza segeretu bat da?

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-03-03 18:08

    Aingeru, barkatu pena egiten badizut, bainan zure baikortasuna ez zait konbentzigarria.
    Alainan zer behar dugu gehiago ? baikortasuna? ala errealismoa?

  • euskaldun bat 2019-03-03 21:23

    Ez Benat, ez da ezer sekreturik. Ez duzu ezagutzen Santxikorrota? 1400 edo 1500 inguru horretan, ez dut gogoratzen, Bardeetako desertuan bidelapur eta justiziarengandik ihesi zebiltzan askok zuten gordelekua eta bizitokia, eta horien artean Santxikorrota izeneko batek ospea hartu zuen. Erriberako jendeak asko maite omen zuen Santxikorrota eta gaur egun arte gorde da ohozko transmisioan: agintariei lapurtu eta herritarren artean banatzen omen zuen. Izen horrekin, garbi dago Santxikorrota euskalduna zela eta Erriberan euskaldunak bazeudela, esaten dena baino gehiago. Horregatik idatzi dut Erriberako jendeak Santxikorrotari zerbait zor diola, euskara ez dela Martetik etorri zaien zerbait.
    Interesa baduzu, Bardeetan Santxikorrota izena duen mendi tontor bat dago eta tontorrean babesleku moduko bat dago. Elezaharrak dioenez, hantxe omen zuen gordelekua Santxikorrotak. Joaten baldin bazara, kontuz ibili tontorrera bidean, oso maldatsua eta harritsua delako. Santxikorrotari buruzko liburu bat badago, eleberri bat da, ez da hain liburu ona baina beno… Interneten aurkituko duzu informazio gehiago.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-03-03 22:14

    Nafarroako Robin Hood bat!
    Ez nuen ezagutzen. Erdi analfabeta naiz eta
    Milesker.

  • Aingeru Epaltza 2019-03-04 18:41

    Beñat. Ez naiz ez baikor ez ezkor. Gauza batez baizik ez dut ohartarazi nahi: Erriberan ere gauzak aldatzen ari dira. Astiki, mantso, xumeki baina aldatzen. Mugimendurik ez zen tokian mugimendu zerbait bada egun. Ez ikaragarria. Ez izigarria. Zerbait. Horrek zer ekarriko? Auskalo. Ez da beti negarrez ari behar, ordea.

  • Ganbaratxotik 2019-03-04 19:52

    Aingeru, ta erriberako euskaltzale horiek zerk hurbiltzen ditu euskaltasunera? Zer da korronteari aurka joatearen nekea hartzea merezi duela pentsatzera eramaten dituena?
    Ideologiak ba ote du eraginik?

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-03-04 22:22

    Ez, Aingeru laguna, arrazoi duzu, nigar egitea ez da soluzioa baizik eta momentuan pena arintzeko manera biziki on bat.
    Bainan nigar ez egiteko, errealitatea ukatzea ez da soluzioa ere.
    Zantzu on batzuek ez dute izkutatu behar tendentzia orokorra. Espero dut araiz zantzu horiek tendentzia orokorraren seinaleak direla.
    Zer gerta ere, soluzioa da Erriberatarrek berek arreta emaitea errealitateari diagnostiko serio bat egiteko. Iragana eta oraia serio azterturik, aurrean diren indarrak analisaturik, badago egiterik. Adore eta nahikunde kontua da.
    Berdin berdina da gure Lapurdiko parte haundienean, nahiz hemen azken urteetako beherekada oraindik lasterragoa eta larriagoa den.
    Diagnostikoa guretzat katastrofikoa bada ere, eman dezagun Erribera eta Lapurdi galduak direla guretzat, balegoke oraino ekiterik. Euskaldun egon nahiek, ondo nigar egin ondoren, bizirauteko kibutz bat eraik dezakete toki horietan.
    Ene iduriko, grabeena litzateke gure burua enganatzea, zeren eta, nik lehenik, baitugu horretarako joera. Gurean ametsa sobera balorizatua da eta.

  • Urrats txikiak badira ere, guztiz beharrazkoak eta pozgarria. Bide batez, “zein” galdetzailea ez da horrela erabiltzen euskara batuan. Hor “zer” behar du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude