Aldaketak Euskalbarren

Aldaketak Euskalbarren –

Euskalbar euskarazko hiztegiak eta bestelako hizkuntza-baliabideak (corpusak, zuzentzaileak…) kontsultatzeko Firefoxerako gehigarri bat da. Software librea da, hainbat pertsonaren artean elkarlanean garatutakoa. Oso erabilgarria izaki, nahikoa estimatua eta arrakastatsua da. Laster aterako den azken bertsioan aldaketa nabarmenekin datorkigu.

Aldaketak Euskalbarren

Duela bi urte inguru, jatorrizko egileak eta azkenaldian garapena zeramaten lagunek Euskalbarren egiten zuten lana uzteko nahia adierazi zuten, eta ordura arteko kolaboratzaileetako batek, Elhuyar Fundazioak, hartu zuen jarraipenaren ardura. Geroztik atera diren bertsioetan, ohiko lanak egin izan dira: hiztegiak gehitu, hiztegiak konpondu… Baina bertsio honetan, Euskalbar zerotik hasita osorik berregin behar izan dugu.

Izan ere, Firefox-ek luzapenak garatzeko WebExtensions API berria erabiltzera derrigortzen du orain. Orain artean, aurreko teknologia erabiliz egindako luzapenek funtzionatzen jarraitu dute, baina, azaroan ateratzekoa omen den Firefox 57tik aurrera, WebExtensions darabilten luzapenak soilik ibiliko dira. Hau da, zegoen bezala Euskalbarrek ez zukeen funtzionatuko Firefox-en bertsio berrietan. Horregatik, dena berriz ere hasieratik programatu behar izan dugu.

Gure asmoa Euskalbar berria aurrekoaren berdina izatea bazen ere, ezinezkoa izan da dena berdin uztea. API berriak hala behartuta, aldaketa nabarmen batzuk badaude bertsio berrian. Horietatik aipatzekoena da Euskalbarrek izena ematen dion izana galdu duela: orain ez da beti bistan dagoen tresna-barra bat, WebExtensions APIan ezin baita horrelakorik egin. Beste hainbatekin batera, guk ere eskatu genien Firefox-ekoei tresna-barrak egiteko aukera jartzea, eta onartu zuten. Euskalbar berregiten hasi aurretik, ezaugarri hori noiz inplementatuko zain egon ginen, baina duela bi hilabete ikusi genuen ez zutela prest edukiko Firefox 57rako, eta beste modu batera egin behar izan genuen aurrera. Orain, Euskalbarrek botoi bat jartzen du tresna-barra orokorrean, eta, erabili nahi dugun bakoitzean, botoi hori sakatu behar dugu barra irekitzeko. Laster-tekla baten bidez ere ireki daiteke barra (Ktrl+Shift+U), baina, edozein kasutan, saguaren klik edo tekla-sakatze bat gehiago egin behar da orain Euskalbar erabiltzeko. Etorkizunean Firefox-ek barra egiteko aukera jartzen badu, berriro bihurtuko dugu barra Euskalbar, erabiltzaileek hala nahiago badute.

Oinarrizko egituraren aldaketa horretaz gain, hainbat hiztegi gehitu edo konpondu ditugu bertsio berrirako (EGAMaster hiztegia, Farmazia hiztegia, Freelang hiztegia, GEMET ingurumen thesaurus-a, Gizarte Zerbitzuen hiztegia, Glosbe hiztegia, Gotzon Garateren atsotitzak, Kamusi Project hiztegia, Laneki hiztegia, Nafarroako euskalkien hiztegia, Trengintza hiztegia, Zientzia eta Teknologiaren hiztegi entziklopedikoa eta Zurgintza hiztegia), eta beste hiztegi batzuk kendu ditugu, API berrian ezin direlako txertatu (BFA Hiztegi Terminologikoa, GFAren itzulpen-memoriak eta Microsoft hiztegia) edo webguneak ez dabiltzalako (CorpEus eta Elebila). Hemen dago aldaketa guztien zerrenda: http://euskalbar.eu/version50/.

Laster igoko dugu Euskalbarren bertsio berria Mozillako luzapenen webgunera. Haiek aztertu eta onartzen dutenean, Euskalbar aurrez instalatua zenutenei automatikoki eguneratuko zaizue bertsio berrira. Besteek, Mozillaren luzapenen webgunetik instala dezakezue Euskalbar.

Egiteko geratu direnen artean, hauek dira aipagarrienak: interfazea beste hizkuntza batzuetara itzultzea, bilaketa konbinatua hiztegi guztiei jartzea, bilatzeko hitza idazterakoan laguntzeko “autocomplete” jartzea eta testuinguru-menua jartzea edozein orritan.

Gogoratu Euskalbarren garapenean edonork lagundu dezakeela. Programazioaz ezer ez badakizu, probatu, eta akatsen berri eman edo aldaketak zein hiztegi berriak eskatu ditzakezu orri honetan. Programazio-ezagutzak izanez gero, Euskalbarren GitHub orritik kodea jaits dezakezu, hobekuntzak edo gehikuntzak egin, eta, gero, onartzera bidali. Edo garatzaile-taldean ere gustura sartuko zaitugu!

Aldaketak Euskalbarren

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Zer duzu buruan “Aldaketak Euskalbarren”-ri buruz

  • Elexpururen Bergaraldeko hiztegia ala hil!

    Mantentzen ez bada, etxia ipurdittik etarako dogu arrantzaka, negarraren negarrez.