Boxeoa, bizitzarako argibidea

Boxeoa, bizitzarako argibidea –

Gaur egun bizi garen gizarte ezjakin honen zati handi batek boxeoa ez du begi onez ikusten kirol honetan bi pertsonek elkar jotzen dutelako. Baina, hain zuzen ere, pentsamendu horretan bertan dago beren akatsa, boxeoa hori besterik ez dela uste baitute. Eta errealitatean hori boxeoaren oso gainazaleko aspektua da. Ring batera igo aurretik dagoen prozesua jendeak ez du baloratzen, borroka baina mila aldiz garrantzitsuagoa izan arren. Izan ere, prozesu hau da bizitzarako prestatzen gaituena.

Beste edozein kiroletan ez bezala, boxeoan bizitzan ezinbestekoak diren baloreak lantzen dira. Hala nola, errespetua eta  apaltasuna. Boxeo eskolan sartzean bezain pronto inor ez da inor baino gehiago. Denok gara berdinak, gure esfortzu guztia ateratzeko prest gauden pertsonak, berdin dio edozein txapelketako txapelduna izateak edo helduberria izateak, guztiok elkar errespetatzen dugu, inork ez dio inori adarra jotzen, bertan boxeatzeko gaude, besterik ez.

Gainera, irakasleari diogun errespetua ezin daiteke edozein ikastolako ikasleek irakasleei dieten errespetuarekin konparatu. Inork ez du errespetu faltarik egiten. Inori ez zaio burutik pasatzen ere irakasleari erantzun txar bat ematea. Inork ez du hitz desegokirik erabiltzen. Erabateko errespetua, besterik ez. Eta honek nahi ala ez bizitzarako edozein egoeratarako prestatzen gaitu. Bizitzan errespetua jokabide nagusienetako bat baita.

Horretaz aparte bakoitzaren apaltasuna izugarri lantzen da. Entrenamendu bakoitzetik irtetzerakoan  apalagoa sentitzen naiz, pertsonagoa, inondik inora ere inor baino indartsuagoa edo boteretsuagoa, apalagoa besterik ez. Izan ere jendeak ez dakiena egunero entrenamendu gogorrak egiten ditugula da, baina irakasleak inor berezirik ez garela argi utziz, zaborra gara azken finean, entrenamendu fisikoa sufrimenduzko oihuz egin gabe, isilean betetzeko kapazak ere ez garena. Horrek lekzio bat irakasten digu, bizitzan oso garrantzitsua dena. Arrakasta ez da behin, birritan, edo hirutan zerbaitetarako ahalegintzean lortzen, ez. Arrakasta lortzeko egunero ahalegindu behar gara hobeak izaten, baina inor baino gehiago garela pentsatu edo sentitu gabe, beti apalak izaten eta gure hankasartzeak onartuz eta konponduz.

Errealitatean, ondo pentsatuta, bizitzaren metafora ezinhobea da boxeoa. Bizitzan etengabe ari baikara zeozerengatik borrokatzen (gure ametsak, gure metak, nahiak, desirak…). Baina bide honetan askotan erortzen gara, eta jaikitzen ikasi behar dugu, etengabe erortzen bagara ere, etengabe altxatu. Izan ere hori da boxeoa, eta azken finean, bizitza.

Boxeoa, bizitzarako argibidea