Agian

Agian –

Igual, oso posiblemente, segururenik, despistaturik kafe artean irratian hau entzuten duzunerako, ez duzu jakingo zer den Euskaraldia. Agian, inork ez dizu ezer azaldu Ahobizi edo Belarripresten inguruan. Seguruenik ez duzu ikusi propaganda hainbat lekutan. Posiblea delako, oso posiblea, zeu eta zeure ingurukoak kobazulo batetan bizitzea, edo.

AgianMatraka gora eta matraka behera Euskaraldiarekin, todo el dia con el Euskaraldia. Badirudi santo griala topatu dugula, Azaroaren 23tik aurrera Euskal Herri euskaldunean biziko garela. Eta ez, ez da horrela izango, aurreratzen dizuet hori.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Euskal Herri osoko milaka herritar euskaraz hitz egiteko hautua egingo dugu, Ahobizi eta Belarriprest txapen atzean izkutatuta, mundua pasatzen ikusiko dugu, mundu horri euskaraz eusteko prest.

Izena eman dugunon milaka herritar horietatik gehienok, Ahobizi gisa eman dugu izena, aktibo izateak duen prestigiotik, eta ez aktibo izate horrek duen erantzukizunetik seguruenik. Txapa jarriko dugu, ni feminista naiz, edo ni internazionalista naiz, edo ni euskalduna naiz dioen horrek bezala.

Baina hizkuntz ohiturak aldatzea ez da txapa kontua, ez da identifikagarri kontua, ez ditugu aldatuko txapa jartze hutsagatik. Borondate onarekin, soilik, ez da mundua aldatzen. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ekin behar da, ekin eta ekin, deseroso bizi, gure pribilegioen konszientzia izan, gure kontraesanak adarretatik hartu eta aurrera egin.

Beste guztia postureo hutsa delako, “ni zu baino erradikalagoa naiz” eta erradikalenari, erradikalago bat ateratzen zaio alboan, bera baino erradikalagoa dena. Erradikalena ez omen delako, estrategiak moldatu, eta irakurketak birformulatu, erradikalena ez omen delako bakoitza beretik hastea, gure ohiturak aldatzea, erradikalena betiko ezezkoan gelditzea delako, gure lubakietan eroso.

Bestea markatzea da erradikala, besteari bere akatsak markatzea, ezezkotasunean lerrokatu eta bitartean bizi pozik, gazteleraz eginez, jarrera matxistekin, kapitalismoaz gozatuz, ondoko ijitoari mezprezuz begiratuta, baina eh! horiek nire kontraesanak dira! Bestea etsaia!

Euskaraldia ez da izango, seguruenik, Euskal Herria euskalduntzeko tresna magikoa, baina euskalduntze horretan tresna aktibo bat eskaintzen digu, positibotasunetik eraikitakoa. Beste hamaika tresnarekin bat egiten duena, ez dena kontrajarria, gehigarria dena. Ezinbestekoa delako, helduen alfabetatzean buru belarri jarraitzea, ezinbestekoa delako, eskola euskalduntzen jarraitzea, ezinbestekoa aldekotasuna indartzea eta ezinbestekoa gure hizkuntza eskubideak urratzen dituztenak salatzea.

Ezinbestekoak ditugu euskararen aldeko indar guztiak, erraminta guztiak, pertsona guztiak, ezinbestekoak, ez garelako hainbeste, indarrak ez ditugulako soberan, eta aurretik dugun lana ez delako makala! Beraz, euskaraz bizi gaitezen, hamaika egunez, eta baita hamabiz ere, euskaraz bizi gaitezen eta indartu dezagun herri euskaldun baten ametsa, utopia, aldarria.

Agian

Bizitzaren aldeko militantea. Zuia.

5 pentsamendu “Agian”-ri buruz

  • Erradikaltasuna zu zeu zara, Oier, eta zuk bezalako erradikalek izan ohi dituzuen kontraesanen katalogo honen bidez oso argi utzi diguzu. Eta zuk inork baino hobeto kabalgatzen dituzu kontraesan horiek guztiak, argi utzi diguzun bezala, euskaldun batzuk internazionalistak, feministak edota antikapitalistak ez direla aintzat hartu gabe (edo aintzat hartuz, baina ez ikusiarena eginez). Atera zaitezte zuen burbuila akademikotik, eta zapaldu ezazue benetako kalea, ez soilik batzar moloietatik bueltan zeharkatzen duzuena.

  • “Ez direla” idatzi duzu Kalamardo, baina ez litzateke zuzenagoa “ez garela” esatea?
    Eta zilegi duzu ez izatea, zer demonio. Eta, agian, feminista ez, baina kapitalista bai… Hori ere zilegi da.
    Baina nik ulertu diot Oierri kritika sakonago bat: ez dela zilegi euskararen aurkako portaera izan eta “ni ere euskaldun naiz” aldarrikatzea.
    Zeri erreparatu diozun eta nola… Horrek utzi zaitu agerian

  • Ez zara erradikala izan behar euskalduna izateko eta euskaldun gisa bizi izaten saiatzeko, hori zen nire “kritika”. Agian ez dut asmatu hitzak aukeratzean, ala kritika ez da behar bezain sakona, eta agerian geratu naiz. Badakizu, gaztetasunaren ausardia eta lotsagabetasuna…

  • Eta euskaraz eginen bazenu? Orduan bai! Zer, zeure uste erabat kontrara, ez zara euskaraz ari.

  • Dena txukun hasi naiz irakurtzen harik eta trinitate santura iritsi naizen arte: feminista, internazionalista, euskalduna. Ohituraren ohituraz.

    Segi ezazue (batzuk) euskara lotzen harekin zerikusirik ez duten gauzekin.

    Gogoratu: internazionalistena, esperantoz egiten duena.