2022 urtea, Udal Liburutegiari TXILLARDEGI izena jartzeko urtea izango da

TXILLARDEGI –

ADIERAZPENA 2021 

“Txillardegi Udal Liburutegia” herri ekimena 

Txillardegiren heriotzaren 9. urteurrena dugu aurtengoa, hurrengoa hamargarrena. Zenbaki borobila. Eta hamargarrenari begira jarri nahi dugu. Ekimenaren helburu nagusia burura eramateko urtea izatea nahi dugu. Bederatzi urte hauetan aldarrikatu dugunari jarraiki, izenik ez duen Donostiako Udal liburutegi zentralari “Txillardegi liburutegia” izena jartzea nahi dugu

Gogoratzea komeni da, ekimena sortu zela, Txillardegiren heriotzaren harira, 17 idazle donostiarren eskaerari Udalak ezetza eman ziolako, dena alde zela zirudienean.

Hauxe izan zen eskaeraren testua:


TXILLARDEGI

Azpian sinatzen dugun Donostiako idazleok eskaera aurkezten dugu Donostiako Udalean,  hiriaren Liburutegi Nagusia “Txillardegi Liburutegia” izenda dezan. Honela, gure hizkuntzari eta gure hiriari hainbeste eman dion idazlearen oroimenak merezi duen lekua hartuko luke, Koldo Mitxelenak, Carlos Santamariak eta Inazio Mª Barriolak hartu duten bezala. Urrezko Domina eman zionez, esan gabe doa Donostiako Udalak ezagutzen dituela Txillardegiren merituak bere izena hiriaren barruan txerta dadin kulturaren eta bereziki irakurketaren eragin-gune gisa”.

Sinatzaileak

Ramon Agirre, Jokin Ansorena, Joxe Austin Arrieta, Harkaitz Cano, Rafa Egiguren, Mikel Hernandez Abaitua, Joan Mari Irigoien, Koldo Izagirre, Ibai Iztueta, Fito Rodriguez, Beñat Sarasola, Ibon Sarasola, Ana Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, Dorleta Urretabizkaia, Juan Luis Zabala, Iban Zaldua.

Ezetzaren aurrean 9 urtez aritu gara Txillardegik merezi duen aitortza lantzen eta sustatzen, Donostiak aitortza publikoa egin diezaion, Udal liburutegiari “Txillardegi” izena jar diezaion. Ez dugu amaierarik ez duen ekimen bat izan nahi, beraz 10. urtean, behingoz, gure helburua  lortzeko urtea izatea nahi dugu.

9 urte hauetan gauza asko gertatu dira Euskal Herrian, eta Txillardegiri berari dagokionez ere, bidea egin da:

Jakinek Txilardegiren lan guztiak sarean jarri ditu eta bere biografia eta lana ezagutarazteko argitaratutako liburuak, JAKIN aldizkaria eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lan hitzarmenari esker.

AEKren eskutik 21.KORRIKAN Txillardegi omentzeko egindako “Txillardegiren klika” dokumentala argitaratu zuen.

Euskara batuaren 50. urteurrenean, hain zuzen ere, Oñatiko Udalak Arantzazuko Milikua etxean Txillardegi omentzeko oroigarria jarri zuen eta Mauleko Udalak euskara batuaren  inguruan erakusketa antolatu zuen, Txillardegiren lana goraipatuz.

EHUk Donostia Kanpusean “Txillardegi” izena daraman Erakusketa Aretoa sortu zuen Karlos Santamaria eraikinean. Eta, une berean, Euskal Herriko erakunde nagusien babesa duen Klusterrak soziolinguistikako ikerkuntzarako eremuan “Txillardegi Hausnarketa Saria” saria martxan jarri zuen.
EITBek ere, nolabaiteko aitortza egin dio Txillardegiri, bere bizitza jasotzen duen “Euskara batua zertan den” izeneko ordubeteko dokumentala Ur Handitan saioan eskaintzearekin.

Ezin ahaztu ere Zarauzko zineman Txillardegiren inguruan antolatu zen erakusketa eta emanaldia. Ikusten duzuen moduan, zuen babesarekin, gure Elkartea beste eragileekin elkarlanean antolatutako lanari esker, aurrera doa poliki-poliki Txillardegiren aitortza publikoa.

Plaza honetan bertan horma-irudia inauguratu genuen 2018an, eta bere tokia egin du Antiguatarren artean.

Bide hori egiteko garrantzitsuak izan dira Jean Luis Davant edo Ibon Sarasolaren adierazpenak plaza honetan bertan egindakoak:

Horra Jean Louis Davanten hitzaldiaren 3 pasarte:

“Txillardegiri etiketa bat jartzekotan, poliaintzindaria zela erran nezake, zeren aitzindaria izan zen lauzpabost alorretan: frankismo denborako abertzale berria, sozialista librea, Iparraldekoen lagun goiztiarra, idazle polifazetikoa, bide berrien urratzailea sail askotan.”

“Halere niretzat, Txillardegiren obra nagusia, euskara batuaren sorrerakoa da, Iparraldean hasia.”

“Bai, hala da: Txillardegi euskara batuaren aita dugu, gero Mitxelena gozaita, eguzaita, aita pontekoa izango bazen ere. Euskara batua hazten ari zaigu beti, edozein izaki bizidun bezala. Txillardegi bera ez zen lehenbiziko pauso hartan gelditu, etengabe aurrera egin zuen, jo aitzina bururaino!”

Eta jarraian, 2017an, Antton Abadia saria jasotzean, euskarari egindako ekarpenagatik, Ibon Sarasolak esandako hitzak, ondoren horma-irudiaren inaugurazio ekitaldian berretsi zituenak:

“Nik hor Txillardegi aipatuko nuke… jendeak uste duena baino lan gehiago egin zuela… jakinen publikatu zen eskema hura, hura gabe eta horren atzean zegoen indarra gabe, Mitxelena ez zen sartuko euskara batuaren kontuan… eta horren arima izan izen Txillardegi. Txillardegik hasiera hasieratik izan zuen garbi batasunarena… eta horretan egin zuen lan, primerako idazlea zen, egun hauetan aritu naiz huntaz eta hartaz irakurtzen… eta buah!… eta garai hartan, klaro! Euskalgintzari eta euskara batuari eman ziona ez dut uste behar adina errekonozitu zaionik, esaten dizut, Txillardigik ez bazuen montatu exilioan zegoenean zera hori…”

Hortaz, lehenago esan bezala, aurtengo helburua, Donostian merezi duen aitortza izan dezan, Donostiako Udal Liburutegiari “Txillardegi Liburutegia” jartzeko nahiko adostasun lortzea izango da erronka. Sukalde lan handia eskatuko duena, eta berehalakoan lantzen hasiko garena.

Hasteko, lehen eskaera egin zuten idazleekin jarriko gara harremanetan, eta, ondoren geroztik loratu diren idazle berriekin, edota euskalgintza eta euskal kulturgintzako beste eragileekin.

Eta nola ez, hemen zaudetenok ere izango duzue nola babestu ekimena arrakastatsua gerta dadin.

Txillardegik bakarrik ez, guk guztiok ere merezi dugulako!

TXILLARDEGI UDAL LIBURUTEGIA!!!

Dani Goñi “Txillardegi Udal Liburutegia” herri ekimenaren izenean.

TXILLARDEGI

TXILLARDEGI