EUSTAT edo Jaurlaritzaren hizkuntz politikaren gorabeherak

EUSTAT edo Jaurlaritzaren hizkuntz politikaren gorabeherak –

JAURLARITZAREN HIZKUNTZ POLITIKA ASKOTARIKOA DA
Sail bakoitzak, erakunde autonomo bakoitzak, eta sarri zuzendaritza bakoitzak ere, bere hizkuntz politika dauka, Jaurlaritzari dagokion derrigortasun indizearen muga lausoen barnean. Bestela esanda, sailburu, sailburuorde edo zuzendari euskaltzalea dagoen eremuetan zeozer egiten da. Euskaltzalea ez denean (gehienetan) ezertxo ere ez.

MENPEKOA DA
PP eta PSOEren eragina gero eta nabariagoa da EAJren hizkuntz politikan (eta zeharka, beste eragile askorenean ere bai, subentzio politikaren gatibu). PSOEk urtetan hedatutako tesiek indar handia hartu dute Jaurlaritzan (Isabel Celàaren itzala luzea da…): EGA (3. HEren baliokidea) oso zaila dela eta exijentzia maila “egokitu” beharra dagoela (baina ez maila bereko frantsesa, ingelesa edo alemanierarena ostera); hizkuntz eskakizun jasoegiak ezarri direla lanpostu askotan (gezurra zuzenean); zenbait lanpostu publiko eskuratzeko euskararen ezagutza exijitzea bazterkeriaz jokatzea dela (lanpostu guztietan espainiera exijitzea ez, ostera)… eta mantra horien araberako neurriak hasi da aplikatzen EAJ, urte batzuetatik hona, inongo oposiziorik gabe gainera.

ZEHARO INKOERENTEA DA
“Euskadiko” administrazio orokorreko edozein lanpostu eskuratzeko espainieraz ondo jakitea derrigorrezkoa da. Aldiz, soilik lanpostu horien erdiak eskuratzeko, euskara-mailaren bat (ere) egiaztatu beharra dago, batetik laura artekoa (apur bat jakitetik, ondo menperatzera). Langile askori, euskara maila nahikoa eskuratzeak urteetako ahalegina eskatzen dio, sarri lan orduetatik kanpo, baina behin maila hori egiaztatzea lortuta ere, ikasitakoa ezin dute aplikatu lanean, Jaurlaritzan espainiera hutsez egiten baita lan, oso atal gutxitan ez bada, itzulpen masibo bidez estaltzeko ondoren errealitatea. Horrela, urte gutxiren buruan, eskuratutako euskara-maila galtzen dute askok, alferrikako bilakaraziz ikasten emandako urteak eta gizarteak egindako inbertsio ekonomikoa ere.

LANGILEEI BIZKARRA EMANEZ DISEINATUA DA
Hizkuntz politika, agintarien erabakiak aurrera atera behar ditugun langileon iritziaz paso eginez diseinatzen dute. Sindikatu honekin adibidez, urteak dira ez direla bildu HPSko ordezkariak. Agintariei ez zaie euskarazko betebeharrik ezartzen. Horrela, ardura eta harreman sare handiko zenbait lanpostu, erdaldunek betetzen dituzte, erabat baldintzatuz euren eraginpeko langileen jarduna. Guztion artean ordaindutako propaganda instituzionalak euskara normalizatzeko planak “guztionak” direla esaten du, baina ez da inondik ere egia, tamalez.

EUSTATEKO ADIBIDE LARRIA
Euskal Estatistika Institutuak, inkestagileak eta ikuskatzaileak lan baldintza erabat kaxkarretan kontratatzen ditu gehienetan. Laurogeita hamar pasatxo langile dira, emakumeak gehientsuenak, dagoeneko bataz beste 54 urte dituztenak, eta hamarkadak eman dituztenak EUSTATentzat lanean. Langile hauek euren lan baldintzak salatuz auzitara eraman zuten EUSTAT azkenean, eta epaiketa irabazi… baina ordutik egoera okertu egin zaiela esan genezake. Jaurlaritza galtzaile txarra da…
Langileoi sekula ez die euskarazko ezagutzarik exijitu EUSTATek, herritar asko eta askorekin harreman zuzena sarri izan arren, eta euskarazko prestakuntza sistematikoki ukatu die.

Alabaina, egun batetik bestera, gaztelera hutsez lan egiten duen zuzendaritzak, erabaki du langile hauei 2. hizkuntz eskakizuna exijitzea, hara. EUSTATen erabaki honek egunduko ezinegona eragin du eragindako langileon artean, lanpostuak arrisku bizian ikusten baitituzte, gutxi batzuek baino ezingo dutelako euskara maila hori egiaztatu. Jubilaziora gerturatzen ari direnean, kalean jartzeko mehatxua egin diete, euskara aitzaki. Bitxia benetan Jaurlaritzak iragartzen duen “auzolan” moldea.

 

Miren Zubizarreta Juaristi eta JJ Agirre Martinez
ELAkideak

Oinezkoa