Jaitsi

Jaitsi –

Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Hitzan.

Descartesen “Pentsatzen dut, beraz banaiz” hura gehiegi barneratu zenuelako edo, zure bekokiaren eta hezur parietalaren artean kabitzen da zure izate guztia. Arrazionala zara, sentimenduak pentsatzerainokoa (pentsa!). Eraikinak, arazoak, egitekoak, egin gabeak, helburuak, antolaketa, asfaltoa zara. Plazera eta inspirazioa ere programatu egiten ditu zure garun ahaltsuak, kirola ere bai, tristura ere bai. Horregatik deskantsatzen duzu bakarrik igandeetan, horregatik egiten duzu dantza asteazkenetan 17.00etatik 18.00etara kiroldegian eta ez edonoiz eta edonon, horregatik egiten duzu negar zure gelara iritsitakoan, iluntzean.

JaitsiJaitsi pixka bat, egin ezazu ariketa hori minutu batez. Jaitsi ezazu zure bekoki atzeko kontrol panela zure eztarrian behera. Utzi argudiatzeak goian, behean ez dituzu behar. Sentitzen duzu zerbait? Agian ohartuko zara korapilo bat daukazula aspalditik, edo ez, agian altu kantatzeko gogoa daukazu, besterik gabe, edo garrasi egitekoa. Beharbada ez duzu ezer sentituko eta zure garunak “hau tontakeria bat da” esango die zure belarriei barrutik. Baliteke hala izatea. Baina berriro eskatuko dizut jaisteko pixka bat, egizu ahalegina. Joan eztarritik beherantz eta iritsi bularrera, eta gero sabelera. Zure buruak ahaztuta utzi zuen emozio hondarren bat aurkituko duzu agian, norbaitek esandako hitzen batzuk, une lotsagarriren bat, beldurra, maitemina, tentsioa. Amaraunak bezala, zure gorputz ertzetan iruten doaz arrazionalak iruditzen ez zaizkizun kontu guztiak, zure garunak noiz kasu egingo, zain. Ikusten dituzu?

Orain jaitsi beherago, sabelpetik genitaletara, izterretara, hanketako behatzetara. Buruak hain ahaztuta daukan azalaren mailara jaitsi edo, metaforikoki, igo. Galdetu al diozu inoiz zure gorputzari zer behar duen? Ulertu al duzu inoiz zure gorputza mugikortasunerako tresna xume ez den beste moduren batean? Bilkari izaeraz haratago doan subjektu jasotzaile, interpretatzaile eta pentsatzaile gisa, esaterako? Bale, ba orain garuna behean daukazula, ez iezaiozu utzi berriro buruan gotortzen. Eraiki behingoz zure garunak hainbeste defendatzen duen harreman horizontala zure baitan, ez goitik beherakoa beti. Berdindu itzazu argudiatze sendoak eta bihotzaren bulkadak, dialektika aberatsa eta sabeleko ezinegona, zure marko teorikoa eta bat-bateko oilo ipurdia.

Eta, besterik gabe, ikasi existitzen, produktiboa eta arrazionala iruditzen zaizun ezer egin gabe egoten, eta ez epaitu gero. Imajinatu ze atseden zure buruak, pentsamendua gorputz osora delegatuta, estimuluei libre utzita. Eta kogitoak berriro bekokitik heltzen zaituenerako, esaera filosofiko bat oparituko dizut, deskartez: “Bazara, beraz, hasi sentitzen”.

Jaitsi
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude