1757ko euskarazko gutunak eta egalité
1757ko euskarazko gutunak eta egalité
Zuzeun argitaratutako beste artikulu batean esan dutenez, “Euskal Herriko ikerlari talde batek 1757an euskaraz idatzitako 50 gutun aurkitu ditu, eta informazio dezente bildu dute izkribu hauen inguruan. Lapurtarrez daude idatzita, eta 1757ko apirilaren 4ean Baionako portutik atera zen “Le Dauphin” itsasontziak garraiatu zituen Louisbourgera. Gotortutako herri hau Cape Breton uhartean (frantsesez Île du Cap-Breton, mikmakeraz Únamakika) dago, Kanadako Eskozia Berrian”.
Izan dira antzeko beste aurkikuntzak, baina denak ere Frantziako Iraultzaren aurrekoak. Eta horrek zer pentsatua ematen du.
Hasteko eta behin, Euskal Herriko beste leku askotan ez bezala, 18. mendean euskaraz hitz egiten zuten eta euskaraz idazten zioten elkarri Lapurdiko familiek. Izan ere, gutun horiek denak zeramatzan ontzia postari moduan irudikatzen baitugu, familia beraren bi parteak lotzen, garai haietan, eta euskaraz lotzen. Espainiako Koroaren zerbitzari leial izan ziren haiek ere hala egin izan balute bertan utzitakoekin! Horrexegatik egiten zaigu askori hain harrigarria gutun haiek denak euskaraz idatzita egotea.
Bestalde, oso adierazgarria da egin diren aurkikuntza denak ere 1789tik aurrekoak izatea, Frantziako Iraultza libertarioaren aurrekoak, hain zuzen ere. Geroztikoak, ordea, bat bera ere ez. Askatasuna eta molde-aldaketa ekarriko zituen Iraultzak, baita elkartasuna ere, baina… berdintasuna? Ni bezalakoak bazarete, bai, zalantzarik gabe! Eta bide horretatik hasi zen setiatzen eta desagerrarazten euskararen erabilera Ipar Euskal Herrian, berdintasuna izan baitzen inposatua Parisko ereduaren arabera, hau da, den-denak paristarrak bezalakoak izan zitezen; eta, hizkuntzaren arloan, frantsesez, noski!
1757ko euskarazko gutunak eta egalité
…
“Bestalde, oso adierazgarria da egin diren aurkikuntza denak ere 1789tik aurrekoak izatea, Frantziako Iraultza libertarioaren aurrekoak, hain zuzen ere. Geroztikoak, ordea, bat bera ere ez”.
Ez dakit ba. Badira zenbait ñabardura, horretaz nik baino askoz gehiago dakien jendeari aditutakoak.
Lehenengo: Iparraldeko euskaldunek oro har euskaraz irakurri eta idazteko ohitura handiagoa eduki omen dute, Hegoaldekook baino. Edo, hobeki esanda, Hegoaldekoek baino irakurtzeko eta idazteko ohitura handiagoa eduki dute, eta kitto.
Iparraldeko euskaldunek etxera idaztean, dela Ameriketatik, dela soldadutzatik, euskaraz egin izan omen dute, Hegoaldekoek ez bezala: lehen eskutik kontatu izan didate, nola iristen ziren etxe euskaldun elebakar batera senidearen gutunak erdaraz, agian bidaltzaileak, analfabetoa izaki eta, norbaiti diktatuak zirelako…
Ipar Euskal Herriko laborari jendeak euskarazko prentsa irakurri du XIX. mende bukaeraz geroztik, Louis Etxeberri eta Jean Hiriart Urruti bezalako karka ultrakatolikoen eskutik. Hegoaldean, aldiz, garai berean, euskal kazetaritza anekdotikoa da.
Zer dela eta? Ba, besteak beste, baliteke, beharbada, zer dakit nik, frantses errepublikak ekarritako alfabetatze tasa handiari esker. Edo ez?
Kon Mikel Aldanondo, zurekin erabat ados!