Euskara eta zezenketak

Euskara eta zezenketak

Joan den urteko azaroan fundazio pribatu batek antolatu zuen III Seminario Multidisciplinar sobre el plurilingüismo en España. Mintegi horretan, bestek beste, ESPAINIA ELEANIZTUNA, Espainiaren hizkuntza aniztasunaren onarpenaren eta garapenaren aldeko agiria onartu zuten.

José Ortega y Gasset-Gregorio Marañón Fundazioa erakunde pribatua da, Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloan kultura zabaltzen eta prestakuntza, eztabaida eta ikerketa lantzen jarduten duena. Fundazioak erakundeari izena ematen deutson pertsonaren espiritua du inspirazio-bide. Erakunde hori 1978. urtean eratu zuen Soledad Ortega Spottornok. Urte horretatik aurrera, ondoko pertsona hauek izan dira Fundazioaren lehendakariak: sortzailea bera, Leopoldo Calvo Sotelo, Pere Duran Farell eta Antonio Garrigues Walker; gaur egun, José Varela Ortega da erakundearen lehendakaria. Hori da, fundazioaren web gunetik hona aldatu duguna.

2915172071_80c99021dc_zEsan moduan, fundazio horrek sustatua argitara eman zuten Espainia Eleaniztuna agiria; Espainiaren hizkuntza aniztasunaren onarpenaren eta garapenaren aldeko agiria. Agirian, Erresumako eleaniztasunaren alde, zerrendatzen dira hamar arrazoi eta gero esaten da: Arrazoi hauengatik guztiengatik, espero dugu indar politiko guztiek jende aurrean konpromisoa hartu dezatela datorren legegintzaldian Espainiaren hizkuntza aniztasuna aitortu eta garatuko duen lege bat proposatu, eztabaidatu eta adostasunez onartzeko.

 Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, Foru Komunitateko Euskarabidea erakundearen arduradunak, EiTBko zuzendari ohiak, unibertsitateko zenbait irakaslek eta beste zenbait pertsona ezagunek sinatu zuten agiria. Argi dago zein den jarrera ofiziala. Printzipioz, ez diogu gaizki irizten Espainiako Erresumak hizkuntzen aniztasuna onartzeari. Beldur gara, ordea, eleaniztasuneko legearen aitzakian, estatuko gobernuak euskararen gaineko eskumenak hartzean zer gerta daitekeen. Oraindik orain, euskararen gaineko eskumen osoak Jaurlaritzaren eta Foru Komunitateko gobernuaren eskuetan daude, ondo iruditzen zaigu horrela izatea. Ez dugu uste euskararen normalizazioa Espainiako Erresumaren eskutik etorriko zaigunik.

Frantziako Errepublikak eta Espainiako Erresumak hizkuntza aniztasuna onartzearen aldekoak gara, jakina, baina, batez ere, euskararen normalizazioa lortzeko Euskal Herriaren erabateko burujabetasuna beharrezkoa dela defendatzen dugu, hizkuntza politika burujabea, alegia. Dena dela, auzi-mauzi honetan agiriaren oinarrian antzeman daitekeen diskurtso linguistikoa interesatzen zaigu. Hau da, indarrean dagoen hizkuntza politikaren oinarrizko diskurtsoa zein den aztertu nahi dugu.

Bizkaiko Foru Aldundian Euskara Atala antolatu dute, Arabako Foru Aldundiaren euskarari dagokion ataria Euskaraba izendatu dute, Nafarroako Foru Komunitatean Euskarabidea izenarekin eratu zuten euskararen nafar institutua, Iparraldean Euskal Kultur Erakundeak (EKE) kudeatzen ditu euskararen gaineko eginkizunak, Gipuzkoan, azkenik, Euskal Herriko herrialde euskaldunenean Hizkuntza Berdintasuna deitu diote euskararen ardura omen duen lehengo Euskara Zerbitzuari. Ikusten denez, eremurik euskaldunenean zerbitzuaren atalburutik euskara ezabatu eta, bere ordez, hizkuntza berdintasuna jarri dute. Kasualitatea ote? Ez dirudi, aldundia hasi baita berdintze lanetan: aurreko legealdiko aldundiak euskaraz erakutsitako web guneak orain elebitan erakusten ditu, euskaraz eta gaztelaniaz.

Nagusitzen ari den berdintasunaren edo, nahi bada, aniztasunaren diskurtsoak oinarri-oinarrian bi idei nagusi aldarrikatzen ditu: bat, aniztasuna, ohiko egoera izateaz gainera, onuragarria da eta, bi, euskarak, aniztasun egoera horretan, berdintasuna bilatu behar du. Diskurtso berri gisa agertzen bada ere, zaharra da, oso zaharra. Garai batean kontsideratzen zen moduan, euskara fenomeno bereizgarria izatea, kategoria mugatua izatea, “gure” herriaren multzo baten ezaugarria eta antzeko gauzak. Hau da, euskaldunak erdararen murgilean izaterik badugu, bai, baina  haien arteko azpimultzoa gara: elebidunak.

Gaude, EAJrentzat euskara eta zezenketak antzeko gauzak direla: kultura-ondarearen adierazpenak, kultura-fenomenoak, alegia. Hau da, euskara eta zezenketak herriarenak dira, guztiona den zerbait, babestu beharrekoa, bai, baina gero norberak erabaki behar du zezenketetara joan ala ez, euskaraz hitz egin ala ez. Agian, horregatik, sustatzen ditu EAJk diru publikoz zezenketak edota euskararen erabileraren sustapena.

Euskara eta zezenketak
diskurtsoa, euskara, hizkuntza-politika

3 pentsamendu “Euskara eta zezenketak”-ri buruz

  • Egungo Gipuzkoako Aldundiaren praktikaren berririk ez dut eta, alde horretatik ezin esan. Dena den, nondik begiratzen den, “Euskara Atala” , “Euskaraba” edota “Euskarabidea” bezalako izenak erabiltzea ere kontsidera liteke problema euskarak (euskaldunek) daukatela adierazteko modutzat ere.

    Arazoa euskaldunengan ez, baizik eta euskaldunek elebakarrekin eduki ezin duten HARREMANEAN dagoela uste dudanez, ez zait Mikel Irizarrek harturiko erabakia okerra iruditzen.

    Hara hor behean Mikel Irizarren argudioak:

    http://goiena.eus/debagoiena/1441209099010

    Ez bat, ez bi, Mikel Irizarri euskararekiko hipokrita dela aurpegiratzerakoan ez zara oso fin ibili, Xabier. Bere planteamendua eztabaidagarria bai, noski, baina maila gutxiespen hain kategorikoa baino erantzun eraikitzaileagoa eskatzen duen planteamendua da. Izan ere, hori egin ezean, batek pentsa bailezake Bilduri euskararen gaia, batez ere, EAJren aurka jotzeko baino ez zaiola interesatzen.

    Zurea irakurrita edonork esango luke Bildun argi baino argiago duzuela espainolaren eta euskararen erabilerari dagokionez gauzak nola egin behar diren eta nola ez…

  • Egunon, egunon! 2016-05-12 08:16

    Egunon, euskarak ez dauka arazorik? Euskal hiztunok ez daukagu hizkuntza eskubide arazorik? HARREMANEAN dago arazoa? Hamaika ikusteko jaio gara! Erdal elebakarra lasai bizi da hemen, euskal elebakarrik balego berdin litzateke? Zein berdintasun mota da hori?

  • Zehaztu egin beharko dut: Bai, euskal hiztunok badauzkagu hizkuntza eskubide arazoak (ere) eta arazo horietako batzuk adierazten dira elebakarrekin harremanetan jartzen garen aldioro.

    Beraz, arazoa edo problemetako bat da elebakarrek elebidunei ez dietela eurek erabili nahi duten hizkuntza libreki aukeratzen uzten. Mundu guztia elebidun izateak soilik berma dezake jendearen arteko harremanetan hizkuntza aukeratzeko askatasuna eta euskaldun izatea problema gisa bizi behar ez izana.

    Hain zuzen, elebakarrak lasai bizi dira helarazi izan delako problema euskarak edo euskaldunek daukatela euren minorizazioarekin eta eskubideekin, baina ez beraiek, euren betebeharrekin.

    Harremana hizpide hartzea norberaren eskubide eta betebeharren zentzua zabaltzeko era bat izan liteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude