119 langile euskaldunen aurkako errekurtsoa Gipuzkoako Aldundian

119 langile euskaldunen aurkako errekurtsoa Gipuzkoako Aldundian –

Euskaraz bizi nahi duen euskal komunitatearen aurkako erasoa da

119 langile euskaldunen aurkako errekurtsoa Gipuzkoako Aldundian

Euskal Herrian euskaraz bizi eta lan egiteko erabakia hartu duen euskal komunitatearen aurkako eraso berri baten atarian gaude.

Aste honetan jakin dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko behin-behineko langileak egonkortzeko eman den prozesuko 119 administrari euskaldunen izendapena airean dagoela, berauek finkatzeko eginiko merezimendu-lehiaketan euskara jakitea eskatu zaielako, II. edota III. Hizkuntza Eskakizunaren mailan.

Izan ere,  Nafarroako Izquierda Unidako zuzendaritza lehiaketan borrokan murgilduta egon den politikari nafar bat izan da, Bilboko abokatu ezagun baten laguntzarekin, 119 lanpostu horien egonkortzeko onartutako oinarrien aurka errekurtsoa tartekatu duena, euskara lanpostu guztietan eskatzen zela azpimarratuz. Oldarraldi berri baten atarian gaude, beraz. Nafar politikari bat, Bilboko abokatu ezagun baten laguntzarekin, Gipuzkoako deialdi bat inpugnatu nahian… Noraino zabaltzen ari da oldarraldia?

Okerrena da salaketa hau 119 lanpostu horiek betetzeko prozesu amaieran eman dela, hau da, administrari gisa izendatuko diren 119 langile euskaldun horien behin betiko zerrenda argitaratu ondoren etorri dela. Beraz, 119 langile euskaldunek, lanpostua eskuratzeko unean iritsi da beraien aurkako erasoa. Epaileek gaur arte aritu diren ildo beretik joko balute, langile euskaldun hauetako multzo garrantzitsu batek lanpostua eskuratu ondoren, utzi egin beharko luke herritarren eta lankideen hizkuntza hautua errespetatuko ez luketen langile elebakar erdaldunei ateak zabalduz.

Gauzak horrela, LABek errekurtso honen aurka kodemandante modura aurkeztuko dela jakinarazi nahi du, eta egonkortze prozesuan parte hartu duten eta kaltetuak direnei ere gauza bera egin dezaten eskatzen die.

 Eta, bestetik, ezinbestekotzat jotzen du epe laburrean mobilizazioetara jotzea, langile kaltetuak, erabakiaren aurkakoak diren politikariak eta euskalgintzako eragileak bateraturik.

Euskaraz lan eta bizi nahi dugulako, mobilizazioan parte hartzeko eskatzen dizuegu.

Euskararen aurkako amets gaiztoak aurrera darrai.

 

Edurne Lizaso, Amaia Arruti eta Nadet Arrizabalaga

Gipuzkoako Aldundiko LABeko Sail Sindikala

119 langile euskaldunen aurkako errekurtsoa Gipuzkoako Aldundian

Zer duzu buruan “119 langile euskaldunen aurkako errekurtsoa Gipuzkoako Aldundian”-ri buruz

  • “Que vienen los vascos!” ordez, “Que vienen los navarros!” esan beharko dugu. Jainko maitea!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude