ZuZeu eta zentsura
ZuZeu eta zentsura –
ZuZeu sortu genuenean oso pattala zen euskaldunon jarduera Interneten. Sustatu zen interneti begira jaio eta hazitako bakarra, baina ezer gutxi besterik. Bai, Berriak, Argiak eta beste batzuek bazituzten euren guneak sarean, baina, egia esatera, 2009ko apiril hartatik hona, asko azkartu dira kontuak internet erabili zale den euskaldunarentzat. Eta ZuZeuk ere egin du euskal hedabideen arteko konpetentzia-zirikatze horretan bere lantxoa.
Hainbestetan aipatu izan dugun horizontaltasuna izan zen ZuZeuren sortzezko berezitasunetako bat, denborarekin lantzen eta definitzen joan garen kontzeptua bera. Jakin ez genekien ezer, baina Madril aldean izandako beste esperientzia batzuetan ikasitakoa ez zen izan alferrikako. Garai beretsuan, Pariseko Liberation egunkaritik irtendako kazetari zenbaitek zer ziharduen begiratu genuen oso hurbiletik.
Lehena desagertuta dago aspaldi, bigarrena, ostera LeNouvelObservateurren besoetara erori eta freskotasun guztia galduta dabil… Baina, nolabait, aipatutako bi horiek izan genituen inspirazio nagusi geure egitasmoan.
Senak esaten zigun euskaldunok geure arteko kontuak eztabaidatzeko gune bat behar genuela nahitaez. Ez ahantzi, gainera, orduko hartan ETA indarrean zela eta geure artean burutu ziren eztabaidetako askok, bizi genuen lapikoari presioa kentzeko balio izan zutela. Hala iruditzen zaigu, behintzat.
Eta handik hona zenbat eztabaida! Huntaz eta hartaz, baina bereziki hizkuntzaren eta politikagintzaren ingurukoak. Itsuak dirudigu horretan ZuZeu erabiltzen dugunok. Eta zer? Horixe gustatzen bazaigu, horrexetaz ariko gara, geuk eta ez beste inork eztabaidatzeko sortutakoa den leku honetan.
Une batean, baina, begira diezaiogun arretaz ZuZeuren tripetako arbelari:
Argi ikusten da denbora honetan guztian, ia 8500 sarrera edo artikulu egin direla eta 17.300 iruzkin. Ez dakit asko ala gutxi den, baina uda garaian kopurua jaitsi arren, hilabetean 20.000 lagun desberdin batzen gaituen orainkari honetan, egunero zortzi sarrera inguruko bataz bestekoa ematen du horrek, eta iruzkinei dagokienean, egunero egin izan dira 13 gutxienez, batazbestekotan hau ere. Baten batek ezagutu nahi bagintu, azterketa soziologikoa egiteko aukera ederra leukake horiek guztiak aztertuta.
Baina ondo erreparatzen badiozu, bada beste datu bat ere, orainkari hau n0lakoa den hobeto ulertzen lagunduko dizuna: bidalitako 17302 iruzkinetatik, 17281 argitaratu dira. Baina gezurra diot, argitaratu denak argitaratu baitira automatikoki eta ezegokiak zirelako kendu dira gero 21. Bai, kontuak ez baditut gaizki egin, hogeita bat, hamazazpi milatik hogeita bat baizik ez. Gehienak erabilera baldintzak ez gordetzeagatik, baina baita akatsengatik eta bestelako gertaerengatik ere, esaterako, iruzkingileek eurek hala eskatu digutelako…
Horrelako zifra ikustea ohore handia da ZuZeu egiten dugunontzat, gure ustez erakusten baitu, zenbateraino errespetatzen duen erabiltzaileak orainkari hau. Mintza zaitezte beste hedabide elktronikoetako arduradunekin eta ikusiko duzue zenbat zabor eta kakazahar ateratzen duten egunero kanpora iruzkinetatik. Gu zorioneko izan gara, oraintsu arte.
Azkenaldion, baina, izain koadrila batek orainkari hau darabil bere oihartzun propialaren mesedetan, eta nahi ez genituen neurriak hartzera eraman gaituzte. Denona den sukalderaino sartzeaz gain, iseka eta zalaparta obsesiboan ageri dira behin eta berriz euren idatzietan, zentsoreak eta abar garela esanez.
Ez gara altzairuzkoak eta sutan jartzen gaitu horrelako bidegabekeriak entzuteak, batez ere erabiltzaile asko neurriak har ditzagun eskatzen dabilen bitartean… Honela ba, geure horizontaltasunarekiko fedetik eskaini izan diegu irtenbiderik: ZuZeuko plazaren erdian aritu ordez, alua.mundua honen eta beste guztien antzeko blog bat eskainiz, eurek kudea dezaten euren eztabaida, nahi duten moduan, baina ZuZeun gabiltzanok guruzpide honetatik libratuz, lehendik ere badugu eta nahikoa lan. Zentralitaterik gabe, baina hitzik kendu gabe, hemen ukan dezakete aukera bikain bat haien eztabaida zenbateraino den interesgarria ikusteko eta ez beste inoren lorpenetatik lotsagabeki profitatzeko.
Ez eta erantzun ere. Ez digute fitsik ihardetsi nahi izan eta eurenean segitu dute bortizki. Buila eta zalaparta lotsagabea nahi dute, antza. Eta ez besterik. Eta geu zentsore gaizto. Bai, baliteke.