Iraintzeko bizio txarra gure herrian

Ez gara isolaturik bizitzen. Hori horrela da. Horregatik, inguruetako bizio eta gauza onak itsasten zaizkigu, erdarakadak barne. Euskaldunok ez gara horretan ezberdin, ezta geure polikariak ere. Espaina nahiz Frantziatik asko ikasi dugu. Maiorga Ramirez EAko buruzagiak ere asko ikasi ei du inguruko politikariengandik. Bestela, nekez uler liteke aurrekoan botatako adierazpenak, hau da, Urkullu iraindu zuten jendearen jarrera krisiaren testuinguruan kokatu izana.

Ez dakit Ramirezek papautzat hartzen gaituen edo bere hitzak benetan sinisten dituen (bien artean txarrena zein den erabakitzea zaila egiten zait). Ni oso gazte naiz — ez Urkullu iraindu zutenak bezain gazte– eta gauza bat argi daukat: herri honetan iraintzeko barra libre egon da beti. Memoria daukadanetik, pintada iraingarrak leitu ditut nire herriko paretetan eta gehienak Ezker Abertzaleak erabilitako ohiko leloak izan dira (“PNV Español”, “Aralar Putreak”, “Zipaioak hormara”…). Hauxe dena, oparotasunean zein krisi ekonomikoan.

Honekin ez dut esan nahi Ezker Abertzaleko denek berdin jokatzen dutela, ezta horretarako hegemonia daukatela, baizik eta, Ezker Abertzaleko sektore batzuek adierazpen askatasuna eta iraina konfunditzen dute, aurreko astean Azpeitian bezala. Iraintzea oso bizio txarra izan da herri honetan (txarrena ez, zoritxarrez) eta ezaugarri ñimiño hori aipatzea ahaztu zaio Ramirezi. Autokritika egiteko aukera parebakoa zeukan Bilduk; Sortuk bide batez. Izan ere, onartezinak direla aitortu arren, EHBilduk krisiaren testuinguruan kokatu ditu irainak, salbuespena balitz bezala. Eta hori ez da horrela.

Xa2-k egindako argazkia http://www.argazkiak.org/photo/irain-distribuciones-alim/size/o/

 

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.