Zuria + beltza = grisa

http://alteretaego.wordpress.com

 

57_lehenengo txaparradak

Argazkia: Lehenengo txaparradak
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 3840×5760 px (2:3)
Sortze data: 2013/10/04
Latitudea: 43º 19,414´ N
Longitudea: 1º 59,234´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 100mm f2.8/L Macro IS USM
Distantzia fokala: 100m
Irekidura: f7,1
Esposizio denbora: 1/100?
Sentikortasun eskala: 400 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Ostegunero foteatzera joateko ohitura hartu dut. Poteatzera, aldiz, ostiraletan joaten naiz. Joan den ostegunean, baina, biak uztartu nahian, Donostiako Alde Zaharrera jaitsi nintzen.

Badaude egun zehatz batzuk, tabernaz eta konpainiaz aldatuta ere, jendearen hizketa gaia beti bera izan ohi dena. LOMCE delakoari tokatu zitzaion, antza, egun horretan. Lekuz kanpo harrapatu ninduen, erabat; nik, behintzat, kontua zertaz doan ere ez baitakit oso ondo, oraindik. Horrelakoetan, dakitenei entzutea baino ez da geratzen.

Izan ere, denok dugu koadrilan edo bestelako talde sozial zabalagoetan maisu-maistraren bat. Egia da eurotako bati ere ez diodala pelikula zehatz-mehatz azaltzeko eskaririk luzatu. Baina autopista batetik kotxez zoazela kotxe guztiak kontrako norantzan datozela konturatzen zarenean bezalatsu, nik uste, zer galdetu gutxi dagoela: zeu zara, agian, kontrako norantzan doana. Ostegun horretan bertan egin zen Espainiako parlamentuko bozketan PPren bozak bakarrik zeudela ditxosozko lege horren alde ikusteak, ezinbestean, behar nituen pista guztiak eskaini zizkidan.

Txarra da, antza, legea. Nola liteke, bestela, jaiotzen diren unetik bertatik umeak euren kausarako erreklutatu nahian dabiltzan Euskal Eskola Publikoak, Kristau Eskolak eta Ikastolen Elkarteak fronte komun bat osatzea legearen aurka? Desberdinen artean adostasun zabal bat bilatu beharra dagoela entzuten dudan bakoitzean, besterik ezean, gaia mamitsua dela da burura etortzen zaidan lehenengo gauza.

Bitxia da, oso, jende ugariren artean zabiltzala, euren artean hain desberdinak diruditenek ere zerbaiten gaineko iritzi bera dutela ikustea. Adi-adi nenbilen, hortaz, batak eta besteak ziotena entzun, barneratu, hausnartu eta neure ondorioak atera nahian.

Kontu horiekin guztiekin buruan, bat-batean, argazkiak egitera jaitsi nintzen arren, oraindik argazki-kamera pizteke nengoela konturatu nintzen.

Bitxia da, baita, on botoiari eman eta gertatu zitzaidana. Saiatzen nintzen, zinez, egoera konkretu bat islatzeko egokia zen enkoadraketaren bat aurkitzerakoan kliskagailuaren botoia sakatzen, baina emaitza beti bera zen: zuri-beltzezko argazki bat. Txaparrada polita jausi berri, horrelakoetan bakarrik sortzen den argi berezia harrapatu guran nenbilen. Baina ezin.

Denbora mordoa galdu nuen doikuntzetan saltseatzen. Ez, bada: ez zen hori, dirudienez, arazoa. Argazkilaritzaz nik baino gehiago dakien lagun bat ikusi nuen orduan, eta harengana hurbildu nintzen, laguntza eske. Bera ere ez zen gai izan arazoa konpontzeko. Berak baino gehiago kontrolatzen duen batekin zegoela aprobetxatuz, harengana jo zuen lagunak. Argazki-kamerarekin jolastu zuen hirugarren esku pareak ere ez zuen zergatia igartzen jakin.

Azkenean, etxerako bidea hartu nuen, amorrazioz, eta zuri-beltzezko argazkiak memoria txartelean. Entzun nituen berriketek sugestionatuta nengoen, ziurrenik, baina ez ote zen hura hezkuntza-sisteman murgilduta edo murgiltzear daudenen etorkizunaren metafora bat izango? Ez ote da kolore biko mundua izango hezkuntza-sistema horretan murgilduta edo murgiltzear daudenek ezagutuko duten bakarra?

Ego dixi.