Zuloak betetzeko: hitz potoloak
Eskerrak gizarte progresista batean bizi garen, bestela nire aitite-amamaren garaiak direla sinetsiko nuke sarri, behialako irainak eta guzti. Burujabearen plantak egiten baditugu ere, gaur bikoteak geure malura oro osotzen duen sendabelarra izaten darrai. Horregatik pena ematen digute birrotxa edo mutilzahar geratu(ko) diren gizon-emakumeek eta lagunak juntatzeari ekiten diogu fede onez. “Zu nire lagun honekin gustura zeundeke; bikote ona osatuko zenukete” askotan esana eta entzuna dugu. Kasamenteruarena egiteko ohiturak gure ikurretan ere eragin handia dauka, adibidez, Olentzeroari ere bere printzesa aurkitu berri diogu. Emakume bat, naski.
Badut lagun batek deblauki esaten duena maitasuna ez dela existitzen. Barraren bestaldean egiten du lan eta larunbatero ikusitakoak bere fedea agortu du. Nik ez dakit zer esan, luzaroan maiteminduta egon diren bikote oso gutxi ikusi baititut. Gainera, zur eta lur naukate bikoterik bikote saltoka dihardutenek, izan ere, maitasuna hain sentimendu sakona balitz, minak denbora batez iraungo luke. Dena den, gertakizun oro historikoa den aro honetan, edozein gauzari maitasuna deitzeak ez ninduke harrituko. Azken batean, absurdoa ageri zaigun bizitzak uzten dituen zuloak hitz potoloz betetzen ditugu, hala maitasuna, nola historia oso erabilgarriak baitira izateari zentzu apur bat emateko.