ETBrekin bueltaka

images

Ikasturte honetan, ETB1 programazio duina izaten hasi da, aspaldiko partez. Bestalde, igandean Maite Iturbek Berrian adierazi zuenez, hemendik aurrera ETB2n euskara sartzen hasiko dira. Ongietorri halakoei; hala ere, uste dut zenbaitek gehiago ere eskatuko genukeela:

Audientziei kasurik ez egitea. Hizkuntza gutxitu batek ez du inoiz audientziarik emanen. Beraz, audientzia onak bilatuz gero, baliabide gehienak ETB2rentzat.

Euskara kameren aurreko eta atzeko aldean. ETBren euskarazko programetan, batzuetan ikusten da euskara kameren aurrean egiten dela bakarrik, eta atzeko aldean dena erdaraz egiten dela (101 gaztelun, adibidez). Euskara lan hizkuntza izan dadila.

Ez ukitu gure programazioa. Nahitaezkoa al da pilota partidak, futbola, su artifizialak, dantza txapelketak… ematea? Ongi da, baina eman ETB2n, eta euskaraz (beharbada horixe da asmoa?). Ez aldrebestu ETB1eko programazioa behin eta berriz.

Elkarrizketetan ETBk ez ditzala euskaldunak zigortu. “Euskara eta gaztelania dakizkizunez, elkarrizketa zuk zerorrek erdaratuko duzu, ETB2rako”. ETBk ez dezala jendea bultzatu erdaraz egitera. (Berriako artikulua irakurrita, iduri du hemendik aurrera norabide hori hartuko dela).

Bikoizketa lana ez bota zaborrontzira. Hainbeste urtez bikoiztutako filmak eta serieak (eta euskaraz egindakoak) jarri eskura Interneten, adibide hauetan bezala: Fénix 11*23 eta Gartxot. Bestela ez dago film eta serie horiek eskuratzerik. Eta, adibideetan bezala, eman aukera azpitituluak bai/ez hautatzeko, baita azpitituluen hizkuntza aukeratzeko ere. Euskara ikasteko oso baliagarria izan daiteke.

Barne produkzioari, bikoizketari eta azpitituluei bai. Ez bultzatu hautu faltsurik (hau ez dago ETBri zuzendua bakarrik): barne produkzioa vs bikoizketa (“Eusko Jaurlaritzak EiTBn eginiko ekarpen guztiak herrialdean inbertitu behar dira”: bikoizketa ez da Euskal Herrian inbertitzea?), bikoizketa vs azpitituluak, euskarazko hedabide publikoak vs herri ekimenekoak …

3 pentsamendu “ETBrekin bueltaka”-ri buruz

  • Aupa Naparroan, interesgarriak zure ekarpenak baina lehenbizikoarekin ez nago ados. ETB1eko audientzia kontuan hartu behar da. Ez audientzia globala (populazio osoa kontuan hartzen duena) baina bai euskaldunon arteko audientzia, ez baitu zentzu handirik inork ikusten ez dituen programak egitea. ETB1eko programazioa erakargarria izan behar du ikus-entzuleentzat, bestela ez du zentzurik.

  • Ados zurekin, Naparroan.
    Euskaradunok geurean sinetsi eta inbertitzen ez badugu, ez du beste inork egingo. Behar mota asko daude herri honetan, baina herri euskalduna izan nahi badugu, ezin hizkuntza bigarren mailakotzat hartu.
    Goiz on.

  • Iban Tustán 2013-11-20 08:31

    Nafarroan-en bidetik. Ados oro har, baina ikusleak behar ditu ETB-k (kate euskaldunak behintzat), bestela gaixki gabiltza.