Zuek zarete terroristak

Zuek zarete terroristak –

Sendoa Jurado Garcia, Amnistiaren aldeko militanteak, Ahotsa.info atarian.


Pasa den ostegunean Espainiako Audientzia Nazionalak hamarnaka preso politiko ohiren kontu korronte eta ondasunen aurkako operazioa abiatu zuen. Dirua, autoak eta higiezinak bahitu zituen eta pertsona askoren bizitza izorratzeko urrats errepresibo handia eman zuen (operazio honen barnean daudenena eta etorkizunekoetan egongo direnena).

Zuek zarete terroristak
Arg: Berria

Sistema kapitalistaren barnean bizi garen heinean, jabetza pribatua eta oinarrizko eskubideak bat eta bera bihurtzen dira, edo beste modu batera esanda, jabetzan dituzun ondareen araberako eskubide kopurua daukazu, ezta bat gehiago ere ez. Hori horrela izanda, Estatu espainol faxistaren eskubide urraketa berri baten aurrean gaudela (jateko eta etxebizitzarako eskubideen urraketa) esan dezakegu zalantzarik gabe. Zerrenda luze bateko beste urraketa bat gehiago baino ez.

Azpimarratzekoa da preso ohien desjabetzen zerrendan Langraitz Bideko hainbat ere sartu izana, zapaltzaileek ezarritako jokoan parte hartzeak inolako bermerik ez dizula ematen erakutsiz. Klinex baten antzera tratatuko zaituzte aukera emanez gero: erabili eta bota.

Baina denaren gainetik ezin dugu ahaztu eraso hau politikoa izan dela, salbuespen epaitegi horrek militante politikoen aurka egiten dituen guztiak bezala. Erantzukizun zibilaren ordainketa “birgizarteratzearen” kotoiaren froga da, froga definitiboa, kondena onartzen duzunarena, terrorista zarela konturatu zarela ziurtatzen duen zalantzarik gabeko seinalea. Ez da egia zure barnean hori onartzen duzunik baina ordaintzen baduzu Estatuak egiatzat salduko du hortik etekin politikoak lortzeko.

Eta galdera saihestezina da: zergatik orain erantzukizun zibila deritzana ordaindu arazteko operazioa? Erantzuna historiari begirada emateak emango digu, izan ere ohikoa izan baita gerra irabazten dutenek galtzaileen ondarea lapurtzea, erabateko umiliazioa. Ez dute gutako bakoitza zigortu nahi, baizik eta proiektu politiko oso bat. Estatua sentitzen da irabazle eta gutako asko burumakur dago, borrokak eragin dizkigun ondorioak balantzan jarrita, hau guztia merezi izan duen jakin asmoz. Orduan, Francok gerra-botina eraman baldin bazuen, zergatik ez dute bere seme-alaba politikoek gauza berbera egingo beste gerra bat irabazi ostean?

Testuinguru honetan gainetik pasatu ezin dugun beste detaile bat da dagoeneko hainbat presok hasitako ibilbide juridikoa. Aterabide indibidualen aldeko apustuak batzuek zigorrean ezarri dieten erantzukizun zibila ordaintzen hastea ekarri du, eta ondorioz beste guztiontzako ere langaren altuera aldatzea. Erbia harrotu dute. Espetxearekin zerikusia duen ezertan ez dago aterabide indibidualik, erabakia bakar batek hartuta ere beste guztiei ere eragingo dielako.

Zuek zarete terroristak
Arg: NAIZ (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Nik bigarren gradua eskatzen badut zuri lehenengoa ezarriko dizute. Nik kalera irteteko kontrol telematikoa onartzen badut osasuntsu egon arren, preso eriari are gehiago presionatuko diote neurri hori bera onar dezan. Nik erantzukizun zibila ordaintzen badut nire borondatez, zuri daukazuna kentzeaz mehatxu egingo dizute erantzukizun zibila ordain dezazun zure borondatearen kontra bada ere. Hori da logika, nik errepresio neurri bat onartzen dudan bakoitzean bere eraginkortasuna onartzen ari naizelako. Eta ez da posiblea batzuek egiten dutena egitea ere, alde batetik presoak erantzukizun zibila ordaintzera bultzatu eta bestetik Audientzia Nazionalaren operazio hau salatu, jarrera hori eskizofrenikoa delako.

Espainiako Barne Ministerioak esan zuen operazio honek “ezker abertzalearen baitan kontraesanak sortzea bilatzen” zuela, eta noski sortu dituela askoren artean. Gure buruak sozialistatzat ditugun arren jabetza pribatua ikutu digute, maisuki gainera, hipotekek jendea itotzen dutelako, eta alde horretatik kolpatu izan gaituzte aspaldi. Konturatu dira kartzelak “zuzentzen” ez duena isunek eta enbargoek zuzentzen dutela.

Izorratu gaituzte gure seme-alabei jabetza pribatuak utzi nahi dizkiegulako herentzian eta ez digutelako uzten, ahaztu dugulako utz diezaiekegun ondarerik onenak balore iraultzaileak eta gaurkoa baino etorkizun politiko oparoagoa direla. Izorratu gaituzte ez dakigulako aldarrikatzen dugun bezala bizitzen. Izorratu gaituzte kapitalismoaren arau etiko eta ideologikoen amaraunean kartzeletakoak baino barrote indartsuagoen artean gaudelako preso.

Bada garaia gure bizimodu eredua zalantzan jartzen hasteko, kapitalismoak ezartzen digunaren araberakoa izaten jarraitzen duen bitartean ezinezkoa izango dugulako amesten dugun iraultza gauzatzea, eta bada garaia borrokan aritzeagatik ondorio ekonomikoak pairatzen dituztenen inguruan benetako sare solidarioak antolatzeko, “denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuek dena eman behar ez dezaten” esaldia, polita izateaz gain, erreala izan dadin.

Hala ere, gauza txar guztien artean, errepresioak badu zerbait ona: gogorarazten digu gure ibilbidea zein izan den eta gure printzipioen oinarrietara itzultzen gaitu. Egin genuen apustuaren tamaina uzten du agerian eta elkartasunerako ateak irekitzen ditu. Kartzela militantziarako esparru bezala ulertu genuen guztiok borrokarako aukera bezala ikusi behar dugu operazio hau.

Bukatzeko eta lehen esan dudan bezala, garrantzitsuena eraso hau politikoa dela ez ahaztea da, eta ondorioz erantzuna nahita nahiez politikoa izan beharko duela. Ez dut inor epaituko eta ez diot inori esango zer egin behar duen, ulertzen dudalako eraso honek egoera larriak sortu dituela. Hala ere, gogorarazi nahi dut erantzuteko hartzen dugun jarrerak beste batzuen etorkizunean izango duela eragina.

Horregatik argi daukat nik ez dudala ezarritako zigorraren euro bakar bat ere ordainduko nire borondatez. Egia da ezer gutxi daukadalako ezer gutxi kendu ahal didatela, baina ez dut inolaz ere onartuko faxismoari aurre egitea terrorismoa denik. Kasu honetan ere borroka da bidea.

Zuek zarete terroristak Zuek zarete terroristak Zuek zarete terroristak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.