Animaliak euskal irainetan

Animaliak euskal irainetan –

Animaliak beti izan dira euskal iruditeriaren iturri, eta heien itxuran, izakeran eta ezaugarrietan oinarriturik, hamaika irain sortu dugu. Urdea, zakurra, zerria, astoa, sugea, txoria, apoa, putrea, otsoa… dira gehienbat erabiltzen ditugunak, baina katua, ahuntza, zizarea, barea, ahatea, akerra, lapa, bixigua, legatza, zomorroa… eta beste horrelako ainitz ahantzi gabe.

Euskara euskaldunon altxor handia da, era guztietako baliabidez gainezkaturiko mintzaira eder eta aberatsa. Irainbidea horietako baliabide bat dugu, baliabide zabal, irudimentsu eta naroa dena, gaurko zerrenda honetan frogatu ahal izanen duzun bezala. Hitz bilduma honetan gure inguruan bizi diren animalien bidez egindako irainak aipatzeaz gain, hainbat animaliaren gorputz-atalez  (adarra, errapea, susa, isatsa, buztana… )  osaturikoak ere bildu ditut.

Ez dezagun euskara ahantzi! Erabil dezagun bizitzaren arlo eta une guztietan!  biharko belaunaldiek bihotzez eskertuko baitigute.

Animaliak euskal irainetan


ABERE: Animalia, animalipuska.

ABEREPUSKA: Basa, salbaia, hezigabea.

ABRETRUK: (E) / Animalipuska, basati samarra.

ADARDUN: Honela esaten zaio gizon bati, bere emaztea beste gizon batekin dabilenean. Adb: “ Pauxtin adardun handia duk, bere emaztea Martinenkin baitzebilek!”

ADARJOLE: Ikusi adarjotzaile.

ADARJOTZAILE: Adarra jotzen duena. Bromoso handia. Txantxetan dabilena.

ADARMOTZ: Zakil ttikia duen gizona.

ADARRANDI: Zakil handia duenari esaten zaio.

ADARRASTU: (B) / Adarduna. Adb: “Kendu hadi hortik, adarratsu hori!”

ADARZORROTZ: Zakila beti pronto duena.

AHARDI: Txerrama. Puta.

AHATEGIBEL: Mozkorti handiari esaten zaio.

AHATEZANGO: Oin lauak dituenari esaten zaio modu irringarrian.

AHUNTZBIZAR: Honela esaten aie bizardunei modu irringarrian.

AHUNTZ ZAHAR.- 1.- Pertsona zahartu samarra.  2.- Bizar ttikia duen gizona.

AKAINA: Pertsona matrakosoa, besteekin itsastsi egiten dena. Adb: “Maite beti izan da oso neska akaina, Joxerekin ateratzen hasi nintzenean ere, ezin nuen paretik kendu!”

AKASTUN: Akatsez betea.

AKERBIZAR: Honela esaten zaie bizardunei modu irringarrian.

AKETZ: 1.-Beti harreman sexualak edukitzeko prest dagoena /   Gizon-ezkoa.  2.- Pertsona antzua.

AKEZTU: 1.-Sexualki berotua dagoena / Gizonezkoa  2.- Antzutua.

AKIRINA: Akeztua. Barrabil gabea. Andragizona.

ALKULUNBRERA: Ikusi ergela.

ANIMALIA: 1.-Astakeriak egiten dituena.  2.- Eskolagabea.

ANIMALIPUSKA: Astakeriak edo gehiegikeriak esaten edota egiten dituena. Ikusi astapotro.

ANTZARAGIBEL: Mozkorti handiari esaten zaio.

APO: Itsusia, zikina.

APOBORONO: Ergel handia.

APOTE: Larrua jotzeko beti prest dagoen gizonezkoa.

APOUSTEL: Ustela, gaizto samarra.

APOZIKIN: Itsusi samarra.

APOZIZTRIN: Pertsona zikina, itsusi samarra.

ARRAIN: (B) / Maleziadun pertsona. Adb: “Zelako arraine zara ba!”

ARRAIN-ZANTAR: (B) / Badaezpadakoa. Pertsona alferra edota ez fidagarria. Azerikerietan dabilena. Adb: “Kontuz horregaz, arrain-zantarraren antza dako eta.!”

ARRATOIHANDI: Ustela, gaiztoa.

ARRATOIUSTEL: Pertsona ustela.

ARRATOIZIKIN: Ustela, gaiztoa.

ASTABUZTAN: Gizon ergela.

ASTAGIZON: Gizon basa, zakarra.

ASTAINAPUTZ:  (B) / Ikusi astapotro.

ASTAKAIKU: Astakeriak egin edo esaten dituena. Kaiku samarra.

ASTAKARDU: Pertsona zakar samarra.

ASTAKILA: Emakumezko asto samarra.

ASTOKILO: Gizonezko asto samarra.

ASTAKILOTE: Ikusi astokilo.

ASTAKIRTEN: 1.-Pertsona asto samarra.  2.- Eskolagabea.

ASTAKOROTX: Ergela, deusetarako ez den laguna.

ASTAKUME: Asto samarra.

ASTAMA: Animalepuska samarra den emakumea.

ASTAÑA: 1.- Emakumezko basati samarra. Andre animalepuska. 2.- (E) / Lerdoa, ergela.

ASTAPIKU: (G) / Ergel samarra. Kaiku handia.

ASTAPISTOLA: 1.-Pertsona ergela.  2.- Animalipuska.

ASTAPITO: Ergel handia.

ASTAPITOTX: (Z) / 1.- Astopotro.  2.- Gizonezko ergela.

ASTAPOTORRO: Gizon guztiekin sexu arloan dabilen emakumezkoa.

ASTAPOTRO: Astakeriak egiten edo esaten dituen gizonezkoa. Adb: “Astapotro horrek, pareta bota egingo ez du ba!”

ASTAPUTZ: Ikusi astapotro.

ASTAR: Animalipuska. Gizonezkoa.

ASTATIPULA: Memeloa.

ASTATRANKA: Zakil handia duen mutilari esaten zaion irainezko hitza.

ASTAZAKIL: Ikusi astapotro / Gizonezkoa

ASTO: Animalipuska / Gizonezkoa.

ASTO BEHARRIHANDI: (Z) / Ikusi asto belarrihandi.

ASTO BELARRIHANDI: Asto samarra. Kaikua, ergela.

ASTOBUZTAN: Ergela, pitoa.

ASTOHAUNDI: Asto samarra. Animalepuska.

ASTOKER: Oker dabilen astapotroa.

ASTOKO: Ikusi asto. /Gizonezkoa.

ASTOÑO: Ikusi astama. /Emakumezkoa.

ASTOPIKU: Ikusi astapiku.

ASTOPISTOLA: Ikusi astapistola.

ASTOPITO:  Ikusi astapotro / Gizonezkoa

ASTOPITOTX: (Z) / 1.-Astopotro.  2.- Ergela. / Gizonezkoa.

ASTOPOTRO: Ikusi astapotro.

ASTOPUSKA: Animalepuska. Zakar samarra.

ASTOTRANKA: Ikusi astapotro / Gizonezkoa.

ASTOTXO: Asto samarra. / Gizonezko eta emakumezkoentzat.

ASTOTZAR: Asto samarra. Astohandia.

ASTOZAHAR: Ikusi astoa.

ASTOZIRI: (Ipar.) / Ergela.

AZERI: Zital samarra, maltzurra. Maltzurkerietan dabilen pertsona. Adb: “Ulises azeri handia zen, maltzurra oso, eta berari bururatu zitzaion Troiako zaldia egitea”

AZERIMUTUR: Besteen gauzetan sartzen denari esaten zaio.

AZERIZAHAR: Ikusi azeri.

AZPISUGE: Faltsukerietan edota azpikerietan ibiltzen dena. Adb: “Zer ari haiz azpijanetan azpisuge hori?”

AZPIZAPO: (B) Azpisugea.

AZTOREBEGI: Zelataria.

BARE: Geldia, lasaia, nekez asaldatzen dena.

BARELERDAKO: Geldoa, alfer handia.

BASAHUNTZ: Basati samarra.

BASAKATU: Pertsona basa, hezigabea.

BASAPIZTI: Gaizto eta zital samarra dena. Hezikaitza. Menditarra. Adb: “Urtean behin jeisten da baspizti hori kalera!”

BASATXORI: Basatia, hezi gabea.

BASURDE: Gorputza ilez beterik duen gizonari esaten zaio. Basa.

BEHIERRAPE: Bular handiak dituen emakumezkoa.

BEHIMARRU: Negarti handia.

BEHIPUSKA: Neska ederrari esaten zaio modu irringarrian.

BEHISUSA: Sexurako beti pronto den emakumezkoa.

BEHISUSALDU: Sexurako beti pronto den emakumezkoa.

BEHIZAKAR: Emakume zakarra.

BEHORPUSKA: Neska ederrari esaten zaio modu irringarrian.

BEHORTXO: Neska adoretsua.

BELABELTZ: (G) / Apaiz sotanadunei esan ohi zaie. Adb: “Beizak, On Joxe belabeltza badoa bere etxera!”

BELAKUME: Bihotz gabea.

BELE: Zurrumurruak zabaltzen dituenari esaten zaio.

BELEBELTZ: Bihotz gabea. Gaizto samarra.

BELEGAIZTO: Zurrumurru-zabaltzaile ustela.

BELEMOKO: Pertsona faltsua, zitala.

BELEUSTEL: Pertsona faltsua, zitala. Zurrumurru-zabaltzaile gaiztoa.

BELEZIKIN: Pertsona ustela, gaizto samarra.

BELEZITAL: Zurrumurru-zabaltzaile gaiztoa.

BETISUSA: Sexurako obeti pronto den laguna.

BETIZU: Betozko samarra, buruhandia. Lagun basatia, hezikaitza. Adb: “Hori neska betizua zen, beti mutilekin pilotan eta jostaketan aritzen zena”

BIXIGU: Beti begira aritzen dena, deus esan gabe. Funtsarik gabea.

BIXIGUBEGI: Pertsona zozo samarra.

BUZTANANDI: Ikusi buztanaundi.

BUZTANAUNDI: Zakil handia duenari esaten zaio.

BUZTANGABE: Gizona ez dena. Koldarra.

BUZTANLUZE: Nesken atzetik dabilen mutila.

BUZTANMOTZ: Zakil ttikia duen gizonezkoari esaten zaio.

BUZTANZORROTZ: Larrutarako prest dagoena.

DORTOKA: Lasaia, geldoa. Adb: “Hortik doa Mañuel dortoka, beti lasai-lasai!”

DORTOKAGELDO: Pertsona geldoa, nagia.

DORTOKAHAUNDI: Pertsona geldoa, nagia.

DURDUNEZPAIN: (B) / Emakumezkoena / Mutur-handia, lotsagabea. Adb: “Isil zaitez etxe honetan ez dugu durdunezpainik gura”

ERBIAZKAR: Korrika dabilenari esaten zaio.

ERBINUDEGAIZTO: Ankerra, odoltsua, hiltzailea.

ERSUGE: Izugarri haserretzen dena. Haserreti samarra.

GAUBELE: Gautxoria. Gauez parrandaz parranda ibiltzen dena.

GAUAINARA: Gautxoria, gaueko parrandazalea.

GAUTXORI: Gauez parrandan dabilena.

GIZONZIKIRO: Ezdeusa, deusetarako balio ez duen laguna.

HONTZA-PONTZA: Mozolo samarra. Ixila eta begirale handia. Fulda-menturik gabea. Geldo samarra.

HÜNTZ: (Z) / Zozoa, fuldamenturik gabea. Geldo samarra.

ISATSAUNDI: Zakil handia duen gizonezkoa.

ISATSGABE: Zakil ttikia duen gizonezkoa.

ISATSANDI: Zakil handia duen gizonezkoa.

ITXUKILANPERNA: (B) / Bista gutxiko pertsona. Adb: “Kontuz harriaz, itxukinlanperna hori!”

KABUSI: Ezer gutxi dena. Balio gutxiko pertsona.

KAKALERDAKO: Ergel handia.

KAKALERDO: Leloa, lerdoa, alproja. Fuldamenturik gabea. Adb: “Kaka-lerdo halakoa, mugi hadi bestela ez duk lan hau nehoiz amaituko!”

KAKARRALDO: Lerdoa, ergela, txotxoloa.

KATABEGI: Zelatan dabilenari esaten zaio.

KATABUZTAN: Ipurterre, ezinegon.

KATAGAIZTO: Pertsona gaiztoa, bihozgabea.

KATAMALO: Mozorroa, mamua.

KATAMUSTATX: Honela esaten zaie bibotedunei modu irringarrian.

KATATXILIN: Ezdeusa, deusetarako ez den laguna.

KONEJUBELARRI: Belarri luzeak dituenari esaten zaio.

KONEJUBIZAR: Mutil nerabeei esaten zaie.

KUKUKABI: Lapurra, ebaslea, ohoina.

KUKUXO: Zirikatzailea, zipoteroa.

KURKUILUGELDO: Geldoa, alferra, nagi handia.

KURRINKARI: Zikin samarra. Zerri alena.

LABEZOMORRO: Pertsona gaiztoa eta zitala.

LANPERNAMOKO: Pertsona itsusia.

LANPERNAMUSU: Pertsona itsusi samarra.

LANPERNAZORRI: Besteak izorratzen dabilenari esaten zaio.

LANPERNAZORRO: Deusetarako ez den pertsona.

LAPAJALE: Pobrea, behartsua, eskalea.

LAPAMERKE: Pobrea, behartsua, eskalea.

LAPAZIKIN: Nesken gainean, zirri egin nahian, dabilen gizonezkoa.

LAPINBELARRI: Belarri handiak dituenari esaten zaio.

LAPINBIZAR: Nerabeei esaten zaie.

LARRESUGE: Azpisugea.

LEGATZAUNDI: Mozkorti handia.

LEGATZ-BILTZAILE: Mozkorti handia.

LUKI: (B) / Azeria, maltzur samarra.

LUPU: Oso gaiztoa. Gaiztakeriaz betetako pertsona. Adb: “Lupua baino okerragoa haiz”

LUPUANDRE: Emakume ankerra, gaiztakeriaz betea.

LUPUGIZON: Gizon ankerra, gaiztakeriaz betea.

MAKAILU: Pertsona luzexka, argala eta graziarik gabea.

MANDO: Animaliapuska.

MANDOEULI: Beti traban eta zirikan aritzen dena.

MANDOIPURDIZAKAR: Pertsona zakarra.

MANDOKO: Astokirtena.

MANDOLILI: Ergela, pitoa.

MANDOTZAR: Astokirtena. Animaliapuska.

MANDOZAKAR: Pertsona zakar samarra.

MARIAKER: Pertsona adoretsua modu irringarrian.

MARIAPO: Itsusia eta gaizto samarra.

MARIASTOKO: Animalepuska.

MARIBEHOR: Neska ausarta eta oldarkorra.

MARIBELE: Zurrumurruak zabaltzen dituenari esaten zaio.

MARIBETIZU: Hezikaitza, basati samarra.

MARIBIXIGU: Pertsona zozoa, ergela.

MARIDORTOKA: Geldoa, nagia.

MARIERRAPE: Bular handiak dituen emakumezkoa.

MARIKABUXI: Ezdeusa, ezertarako ez den laguna.

MARIKAKARDO: Pertsona itsusi samarra.

MARIKUKUXO: Zirikatzailea, zipoteroa.

MARIKURKUILU: Geldoa, alfer handia, nagia.

MARILEGATZ: Mozkorti handia.

MARIMAKAILU: Pertsona luzexka, argala eta graziarik gabea.

MARIMANDO: Animalipuska, zakarra.

MARIMARRAZO: Gaizto-gaiztoa eta oldarkorra.

MARIMOZOLO: Geldoa. Saltsarik gabea.

MARIMUXAR: Bihurri samarra, kokin handia.

MARIOILAR: Harroxko handia.

MARIOILO: Beldurti handia, koldarra.

MARIOTSO: Krudela, ankerra, bihozgabea.

MARIPINPIRIN: Dotore janzten denari esaten zaio.

MARIPUTRE: Pertsona gaizto samarra.

MARISAIA: Gaizto samarra.

MARISUGE: Gaizto samarra.

MARITXAKUR: Bihozgabea.

MARITXERRITXU: Pertsona zikina.

MARITXITO: Beldurti handia, koldarra.

MARITXITXARDIN: Pertsona luzexka, argala.

MARIURDANGA: Urdanga.

MARIXAGU: Bihurri samarra, kokina.

MARIXAGUTXO: Bihurritxoa, kokina.

MARIZALDIKO: Neska ausarta eta oldartsua.

MARIZAPO: Itsusia eta gaizto samarra.

MARIZIKIRO: Ezdeusa, deusetarako balio ez duen laguna.

MARIZOMORRO: Pertsona isila, askotan azpijanetan ibiltzen dena.

MARIZORRI: Pertsona gaiztoa, faltsua.

MARIZORRITXO: Besteak izorratzen dabilenari esaten zaio.

MARRAJO: Iruzurtia.

MIKABEGIHAUNDI: Lapurtzeko edo ebasteko beti prest dena.

MIKAZAHAR: Lapur edo ebasle porrokatua.

MENDIZORRI: (GN) / Baztan aldean eta kontrabandisten artean guardia zibilei eman izan zaien izena.

MOXOLO: 1.- Serio samarra, kopetailuna.  2.- Pertsona ixila.  3.- (B) / Ezpain handiak dituena. Adb: “Ein barre mosolo horrek!”

MOZOLO: Ikusi moxolo.

OILALOKA: Harroturik eta soinu handia eginez dabilenari esaten zaio.

OILAR: Harroputza.

OILARHARRO: Harroxko handia.

OILARHARROTU: Harro handia.

OILARBUZTAN: Modu harroaz mugitzen dena, harrokeriaz ibiltzen dena.

OILARGANDOR: Harro handia.

OILARMOKO: Beti ozenki hizketan aritzen dena.

OILARTU: Harrotua.

OILARTXO.- Harroputz ttikia.

OILOBUSTI: Koldarra.

OILOANDERE: Emakume koldarra.

OILOGIZON: Gizon koldarra.

OILOKOLDAR: Bildurti handia.

OILOLARRU: Koldartua.

OILOLOKEA: (B) / Ikusi oilaloka.

OILOTU: Koldartua.

OKIL: Kikila, kikildua, koldartua.

OKILDU: Koldartua, kikildua.

OLAGARRO: Eskua sartuz, zirriz egiten ibiltzen dena. Adb: “Kentzak esku hori nire hanka gainetik, olagarro horrek !”

ORKUME: Zakurkumea, sasikumea.

OTSAMA: 1.- Emakumezko bihozkabea, zitala.  2.- Emakumezko oldartia.

OTSAPUTZ: Astaputza, harroputza.

OTSATZ: Aski motza den pertsona.

OTSO: 1.- Gizonezko bihozkabea.  2.- Gizonezko adoretsua, oldartia. 3.- (E) / Mozkorturik dagoen pertsona. Adb: “Barda otso nintzen, goxan egarri, non izan banintzen guzion barregarri”

OTSOGAIZTO: Bihozgabea, gaizto samarra.

OTSOKO: Gaztetxo zitala.

OTSOKUME: Gaizto samarra, zitala.

PINPIRIN: Dotore janzten denari esaten zaio.

PIZTI: Gaizto samarra, zitala.

PIZTIGAIZTO: Ikusi pizti.

PIZTIODOLTSU: Hiltzaile handia.

PIZTITZAR: Pizti handia.

PIZTIUSTEL: Ustela, bihozgabea.

PIZTIZIKIN: Pertsona gaizto samarra.

PIZTIZITAL: Oso pertsona gaiztoa. Zital handia.

POTOZORRI: 1.- Emakumezkoena / Nazkante alena.  2.- (B) / Pertsona edo gauza ttikia. Adb: “Nondik etor da ime potozorrijori?”

POTROZORRI:  Gizonezkoena / Nazkagarria.

PUTREGAIZTO: Pertsona gaiztoa, bihozgabea.

PUTREMOKO: Pertsona gaiztoa, ustela.

PUTREUSTEL: Pertsona gaizto samarra.

PUTREHANDI: Oso pertsona gaiztoa, ustel handia.

PUTREZAHAR: Adineko pertsona gaiztoa.

PUTREZIKIN: Gaizto samarra, ustela.

SAGUJALE: Pobrea, behartsua, eskalea.

SAGUXAR: Ikusi saguzar.

SAGUZAR: Gautxoria, gaueko parrandazalea.

SAIUSTEL: Pertsona gaiztoa, ustela.

SAIZIKIN: Pertsona gaiztoa, ustela.

SATOR: Azpijanean dabilena zeredozer lortu nahian. Ezkutuan dabilena.

SATORJALE: Pobrea, behartsua, eskalea.

SATORZORRO: Ezdeusa, deusetarako balio ez duen laguna.

SATORZULO: Beldurti handia, koldarra.

SUGEANTZA: Gaizto samarra. Zitala.

SUGEGAIZTO: Pertsona gaiztoa, bihozgabea.

SUGEGORRI: Zitala, bilaba.

SUGEKANTA: Faltsua, gezurretan ari dena.

SUGEKUME: Zitala, gaizto samarra.

SUGELILI: Itxuraz ona, izatez gaizto samarra.

SUGEMIHI: Hitz faltsuez mintzo dena.

SUGEMIHIZTO: Pertsona faltsua, hitza jaten duena.

SUGEMINTZO: Gauza faltsu eta gaiztoak esaten dituenari esaten zaio.

SUGEMUSU: Gaizto samar itxura duena.

SUGENARRAS: Zitala, faltsua.

SUGENARRASTI: Zitala, faltsua.

SUGEPOZOIN: Gaizto samarra, zital handia.

SUGETZAR: Gaiztoa, zitala.

SUGEUSTEL: Ustel handia, gaizto samarra.

SUGEZAHAR: Adineko pretsona gaiztoa.

SUSA: Sexualki bero.bero eginda dagoena.

SUSALBERO: Segituan susaltzen dena. Sexualki bero-bero eginda egoten dena.

TXAKUR: Bihozkabea. Gaizto samarra. Poliziei ematen zaien irainezko izena.

TXAKUR AMORRATU: Ikusi txakur.

TXAKURGAIZTO: Pertsona biziki gaiztoa. Ustel handia.

TXAKURRAUNDI: Oso pertsona gaiztoa.

TXAKURKUME: Putakume, sasikume, sasiko.

TXAKURMUSU: Gaizto itxura duena.

TXAKURMUTUR: Pertsona gaizto samarra, oldarkorra.

TXAKURMUTURHAUNDI: Oso pertsona gaiztoa.

TXAKURPUSKA: Gaizto samarra.

TXAKURRILAR: (B) / 1.- Baldarra.  2.- Zakarra.

TXAKURTXAR: Ikusi txakur.

TXAKURTXIKI: Besteen morroi modura dabilenari esaten zaio.

TXAKURTXULO: Gaiztokerietan dabilenari esaten zaio.

TXANTXANGORRI: Jolasti samarra.

TXARRI: (B) / Zikina, lizun samarra.

TXARRIKUME: (B) / Ikusi txarri.

TXARRIMUSTUR: (b) Zikina, ustela, lohia.

TXERRAMA: Emakumezkoena / Zikina, lizun samarra. Urdanga, emegaldua.

TXERRI: Ikusi txarri.

TXERRIBUZTAN: Sexurako beti pronto den gizonezkoa.

TXERRIFANDANGO: Parrandazale handia.

TXERRIGOSE: Pertsona lizuna.

TXERRIKOSKABILO: Ustela, zikina, lohia.

TXERRIKOSKOIL: Pertsona ustela, zikin samarra.

TXERRIKUME: Ikusi txarrikume.

TXERRILERDO: Ergela, lerdo handia.

TXERRILIZUN: Lizunkerietan dabilenari esaten zaio.

TXERRIMOKORDO: Zikina, ustela.

TXERRIMOSTRENKO: (G) Txerripuska.

TXERRIMUSU: Zikin eta gaizto itxura duena.

TXERRIMUTUR: Pertsona zikina. Lohia.

TXERRIPITO: Ergela.

TXERRIPOTRO: Pertsona zikina, ustela.

TXERRIPOTROSO: Pertsona ustela eta zikina.

TXERRIPUSKA: Zikina, ustela.

TXERRITAKETA: Sexurako beti pronto denari esaten zaio.

TXERRITRANKA: Sexurako beti pronto den gizonezkoa.

TXERRITXULO: Lizunkerietan dabilenari esaten zaio.

TXERRIUSTEL: Pertsona gaiztoa, ustela.

TXERRIZIKIN: Pertsona gaizto samarra.

TXERRIZIKINHAUNDI: Pertsona gaizto samarra.

TXIMINO: Ikusi tximu.

TXIMINOHAUNDI: Ergel lsamarra.

TXIMU: Pailazo samarra denari esaten zaio.

TXITAKOLDAR: Oso koldarra. Bildurti handia.

TXORIAPO: Pertsona gaizto samarra.

TXORIBALDAR: Baldar handia, oso traketsa.

TXORIBURU: Artaburua, buruarina, kaskarina.

TXORIBUZTAN: Iritziz edo ideiaz maiz aldatzen duena.

TXORIERGEL: Ergel handia, lerdo handia.

TXORIGALDU: Pertsona lotsagabe eta bihurriaz esaten da.

TXORIGOROTZ: Ikusi txorikaka.

TXORIHARRAPAKARI: Lapurra, ebaslea, ohoina.

TXORIKAKA: Ezer ez den pertsona. Baliorik gabekoa.

TXORIKAKATSU: Ergela, pitoa.

TXORIKANTA: Besteen kontuak azaltzen dituena.

TXORIKANTARI: Kezkarik gabe bizi denari esaten zaio modu irringarrian.

TXORIKOKOLO: Ergela, lerdo handia.

TXORIKUME: Nerabe era gaitzesgarrian.

TXORILAPUR: Lapurra, ebaslea, ohoina.

TXORILERDAKO: Ergel handia.

TXORILERDO: Ergel handia.

TXORILOTI: Edozein tokitan lo gelditzen den pertsona.

TXORIMALO: 1.- Nortasunik gabea. Besteen esanetara mugitzen dena. 2.- Ergela.

TXORIMEMELO: Memelo handia, oso ergela.

TXORIMOKO: Pertsona itsusia.

TXORISIMAUR: Txorigorotza, txorikaka.

TXORINEGARTI: Negarti handiei esaten zaie.

TXORITXIOLARI: Beti negarrez ari denari esaten zaio.

TXORITXOTXOLO: Txotxolo handia, ergel handia.

TXORIZIRIN: Ergela, deusetarako ez den laguna.

ÜKÜL: (Z) / Kokoloa, txotxoloa.

ÜKÜLMONTRA: (Z) / Ikusi ükül.

UMEZAPO: 1.- Ume gaiztoa.  2.- Ume lerdoa, ergela.

UNTXIBELARRI: Belarri handiak dituenari esaten zaio.

UNTXIBIZAR: Nerabeei esaten zaie.

ÜRDAINA: (Z) / emegaldua, urdanga.

URDAMA: Txerrama, emegaldua.

URDANGA: Puta, emagaldua.

URDANGAZIKIN: Emagaldu handia.

ÜRDARDI:  (Z) / Emagaldua.

ÜRDAXKA: (Z) /  Emagaldua.

URDE: Zerri galanta. Zikina, lizuna.

URDELERDO: Ergela.

URDELERDAKO: Ergel handia.

URDETRANKA: Sexurako beti pronto den gizonezkoa.

URDEUSTEL: Pertsona gaizto samarra, zitala.

URDEZAKAR: Pertsona zakar samarra.

URDEZAKIL: Ustela.

URDEZAKILAUNDI: Ustel handia.

URDEZAKILOTE: Ustel handia.

URDEZIKIN: Ikusi urde.

USAPALERRATI: Alde batetik bestera, leku finkoan gelditu gabe, dabilenari esaten zaio.

XAGU: Bihurria, maltzurra,… adierazteko erabiltzen den iraina.

XAGUTXO Bihurria, kokina.

XAGUXAR: Gautxori. gauez bizia egiten duena.

XOXO: Pertsona ergela, adimen gutxikoa. Motela, geldoa.

XOXOBÜRÜ:  (Z) / Txoriburu, artaburu.

XOXOTE: Ikusi xoxo.

ZAKUR: Ikusi txakur.

ZAKUR AMORRATU: Ikusi txakur amorratu.

ZAKURGAIZTO: Pertsona arras gaiztoa.

ZAKURMUSU: Gaizto itxura duena.

ZAKURMUTUR: Pertsona gaizto samarra, oldarkorra.

ZALDIBIHURRI: Mutil bihurri samarra, kokin handia.

ZALDIPOTRO: Ausartari esaten zaio modu irringarrian.

ZALDITRANKA: Zakil handia duen gizonezkoa.

ZALDITXORO: Hezigabea, basa samarra.

ZALDIZAKIL: Zakil handia duen gizonezkoa.

ZAPABURU: Buruhandia. Kaskagorra.

ZAPOGORRI: Maltzurkeroa, azpikerietan ibiltzen dena.

ZAPOUSTEL: Ustela, gaizto samarra

ZAPOZAHAR: Adin handiko pertsona gaiztoa, itsusi samarra.

ZAPOZIKIN: Gaizto samarra. / Biziki itsusia.

ZERRIAKETZ: Larrutarako beti prest den gizona.

ZERRIALU: Ergeltxoa.

ZERRIAPOTE: Pertsona zikina eta gaiztoa. Sexurako beti pronto den gizonezkoa.

ZERRIBALDAR: Pertsona baldarra, zarpaila.

ZERRIKIRATS: Pertsona zikina, usain txarrekoa.

ZERRIKOROTX: Pertsona zikina, lohia.

ZERRIKUME: Ikusi txerrikume.

ZERRIMUKITSU: Zikin samar denari esaten zaio.

ZERRIMUTUR: Pertsona zikina, lerdo samarra.

ZERRIPITITO: Ergela.

ZERRIPITO: Pitoa, ergela.

ZERRIPOTERO: Zikina, ustela.

ZERRIPUSKA: Pertsona zikina, ustela.

ZERRIUSTEL: Pertsona ustela, gaizto samarra.

ZERRIZAKAR: Pertsona zakarra.

ZERRIZAKIL: Zakila, pitoa.

ZERRIZAKILAUNDI: Ustel handia, oso ergela.

ZERRIZARPAIL: Pertsona zarpaila, baldarra.

ZERRIZIKIN: Pertsona gaiztoa, ustela.

ZERRIZIRIKA: Zirikatzailea, zipoteroa.

ZERRIZIRRI: Zirri egiten edo eskua sartzen  ibiltzen denaa.

ZERRIZIRRITSU: Zirri egiten edo eskua sartzen ibiltzen dena.

ZERRIZIZTRIN: Pertsona zikina, itsusi samarra.

ZEZENKO: Mutil sendo samarra.

ZEZENPUSKA: Mutil sendo eta ederrari esaten zaio modu irringarrian.

ZIKIRO: Barrabilik gabea, eunukoa. Adorerik gabea. Geldoa.

ZIKIRATU: Barrabilak moztu dizkioten laguna. Adorerik gabea. Geldoa.

ZIKIRATZAILE: Zikiratzen duena.

ZIKITE: Zikiro den pertsona.

ZIZARE: Pertsona argala eta luzexka.

ZIZAREBUZTAN: Ezdeusa, deusetarako balio ez duen laguna.

ZIZAREZIKIN: Pertsona, faltsua, zikina, lohia.

ZOMORRO: Isil samarra. Dena ikusi eta entzun egiten duena, baina gero isilka egiten du berea, inori ezer esan gabe.

ZORRI: Matrakosoa, oldarkorra. Kosta ala kosta berea egin behar duena.

ZORRIGAIZTO: Pertsona gaizto samarra.

ZORRIHILBIZTU: (B) / Aberastu berri den handinahia.

ZORRIKOILARE: (B) / Emakumezkoena / Bihurria. Adb: “Itzizu ezpanetakoa baken, zorrikoilarek!”

ZORRIPIZTU: Berrikitan aberastu den pobrea.

ZORRIPOTROSO: Zikina, ustela.

ZORRITSU: Zikina. Adb: “Berea egin behar duena kosta ala kosta.” “Gizon jatorra zen, ez horietako zorritsu bat.”

ZORRIUSTEL: Ustela, bihozgabea.

ZORRIZIKIN: Pertsona ustela eta zikina.

ZORRIZITAL: Oso pertsona gaiztoa, ustel handia.

ZORRIZTO:  (B) / Ikusi zorri.

ZOZO: Motela. geldoa.

ZOZOILO: Ergela.

ZOZOMIKOTE: Ergel samarra.

ZOZOTE: Zozo handia.

ZOZOTU: Ergeldua.

Animaliak euskal irainetan
Animaliak euskal irainetan
Animaliak euskal irainetan
Animaliak euskal irainetan
Animaliak euskal irainetan
animaliak, Animaliak euskal irainetan, hizkuntza, hiztegia, irainak, isekak, lexikoa, ondarea
Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

6 pentsamendu “Animaliak euskal irainetan”-ri buruz

  • Honi espezismoa deritzaio. Aberastasunetik urrun dagoen espezismoa.
    Ez gara aberatsagoak izango animali izenak elkarri botata; aberatsagoak izango gara animaliak ulertu eta beraiekin komunikatzen garenean.
    Testu hau idatzi duenari begiradamotz deituko nioke, edo sentikaitz, edo diskriminatzaile. Iraintzeko, animaliarik gabeko hitzekin aberastu behar dugu hiztegia, ta horrela aberastuko gara geu ere.
    Egunen batean animaliak ulertuko ditugu, maitatuko ditugu gizakia maitatzen dugun neurri berean, eta hori izango da lur honek biziko duen iraultzarik aberatsena.

  • Bai, itsusia da irainak beste espezieei egotzitako ustezko basa-tasun eta keria guztiak (neurri handi batean erlijio monoteista eta patriarkalen bidez sortutakoak) erabilita asmatzea, baina espezista zitalek ere euskaraz egiten duten egunean salbatuko da euskara, eta lan bikaia!

  • “Zepela” hitza erabiltzen dugu Beterri aldean, Gorka eta bere gisakoak bezalaxe gauzak nola diren konturatu ezin dutenak izendatzeko. Txori baten izena denaren ustea izan dugu, baina inork ezin izan digu zinez baieztatu.

  • Animaliak zertarako darabiltzagun konturatuta nagok. Konturatuta nagok zeinen zekena den gure jarrera haiekiko. Konturatuta nagok begiak dituztela ikusteko, sudurra usaintzeko, belarriak entzuteko,…, eta burmuina pentsatzeko; eta zantzuak igartzen zaizkiek zer pentsa dezaketen antzemateko, nahiz eta oraindik denbora falta zaiguken azken horretaz jabetzeko.
    Konturatuta nagok sufritzen dutela, pozten direla, haserretzen direla,…; alegia, gure sentimen berberak azaleratzen dituztela. Hi ere horretaz guztiaz konturatzera animatzen haut (agian badakik, baina eztek horrekiko aipurik egin).
    Konturatuta nagok zor diegula errespetua eta begirunea. Zor diegula nolakoak diren ezagutzea, ahaztua edo ezeztatua baitugu.
    Konturatuta nagokelako aldatu diat haiekin neukean harremana, eta harreman horren puntuetako bat hizkera duk. Animalia-izenak irainen hiztegiari gehitzeak ez gaitik aberatsago egiten, pobreago baizik. Etzeukak zentzurik norbaiti tximu, zaldi, izurde, etabar deitzea iraintzeko; iraintzeko erabilita, izen horien jatorrizko esanahia aldatu egiten duk, eta haiekiko ikuspegia ere bai. Eta okerrera, gainera.
    Txori baten izena erabili baduk ni definitzeko, gaitzerdi (txoria duk edo? Oraindik etzekitek Beterrin, agian argituko zigutek, edo agian ez diagu inoiz jakingo). Txori baten izena erabili baduk ni iraintzeko, ba ni iraindu nauk eta txoria iraindu duk. Konturatuko ahal haiz.
    Bien bitartean, maitatu Mikelats. Maitatu lurra eta lurtarrak.

  • Ni ere konturatua nagok animalien izaeraz, oraindik harritu egiten nauk batzuetan gugandik zein gertu zeudeken ohartuta. Baina guk bazeukeagu animaliek ez diten zerbait, kontzientzia deitzen zioguna. Luzaz eztabaidatzea zegok hontaz, baina errealitate enpirikoa duk hau, ez ditek errealitate abstraktuez ohartzeko ahalmena.
    Nik ere animaliak maite dizkiat, miretsi ere bai, baina antropozentrista nauk dudarik gabe. Naturaren parte gaituk, natura gaituk, baina zentzu batean naturako hierarkiaren gainean jartzen diat geure espeziea.
    Honek ez dik esan nahi nahi diaguna egin leikegunik, ama naturak jo eta di-da batean lur gainetik desagerrarazteko indarra baizeukak. Errespetua eta begirunea behar dik izadiak, dudarik gabe, baina ez zekiat hori nola uztartu daramagun bizimodu ultrakontsumista basati (hitz honen erabilera ere dudan jarri behar diagu?) honekin. Bizitza sinpleagoa, materialki pobreagoa, eramatea zirudik erantzun onena.
    Hizkuntzari dagokionez, lexikoaren aberastasun horrek animalien ezagutza handia eta bizikidetza eramaten dik aditzera. Hitz horiek espresiboak dituk, komunikatzeko balio ditek, beraz beren funtzioa ederki betetzen ditek, eta gaur egungo hizketa lehor eta inpertsonala baina askoz ere jolastiago eta biziagoa egiten ditek hizkuntza. Altxor inmateriala dituk, finean.
    Azkar batean galtzen ari duken altxorra, egiten ari gaituken hika bezala. Umoretik eta burlatik asko ditek hitzetako askok, nire erabilera lekuko. Iraindu? Azal finekoa haiz gero, aukera probestu besterik ez diat egin nire (ustezko) aportazioa egin eta hemen saltsa pixka bat jartzeko. Barka iezada berrorek nire esanek bere sentimenduak zauritu badituzte (ironia on).
    Hizkuntzaren aferara bueltatuz, zentzugabea duk zuzentasun politikoa hizkuntzara eramatea. Ez bazaizkik hitzok gustatzen ez itzak erabili, baina utzi herri-hizketa bakean. Norbere kakao mentalak aplikatzeko hau baino arazo garrantzitsuagoak zeudek mundu zikin honetan.
    Natura maitatzen jarraituko diat, antiezpezista letxugazaleen doktrinetatik urrun. Eta orain aurreko astean akatutako arkume xamurra dastatzera niek, ardo goxoarekin lagunduta. Ongi izan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude