Zuberoako txikitoak (I)
Zuberoako txikitoak –
Denon gogoan dira zuberotarrek urtero egiten dituzten kultur ekitaldi handiak, hau da, maskaradak eta pastoralak. Lehenak inauteriaren inguruko fartsa modukoak dira, neguan burutzen dituztenak, eta bigarrenak Erdi Aroko misterioetatik omen datozkiguna ekitaldi erraldoi miresgarriak.
Zuberoa famatua da Euskal Herri osoan, arestian aipaturiko kultur ekitaldiengatik eta baita beraien kantu eta dantza xarmangarriengatik ere. Zuberera bera ere bitxi samarra, exotikoa, egiten zaigu gainerako euskaldunoi. Altxor ederra, beraz, euskaldunok Zuberoan daukaguna. Baina aipatu ditudan horietaz gain, Zuberoan badira bestelako kontuak bigarren edo hirugarren maila batean gorderik gelditzen zaizkigunak. Horietako bat txikitoak.
Baina, zer dira txikitoak? Txikitoak edo xikitoak, bere adiera afektiboan, Bortuetako artzainek elkarri, zirikan, norgehiagokan, erabiltzen zituzten erramolde errimatu lizun eta bortitzak ziren.
Allande Sokarrosek aditzera eman didanez, mendi mazela batetik bestera, ola batetik bestera, oihukatzen omen zituzten. Batzuek desafio modura jaurtitzen zituzten eta besteek erantzuten zieten. Zenbat eta urrunagotik botata, orduan eta gordinagoak izaten ziren. Erramolde errimatu horien ondoren, Txikito!!!(edo Xikito!!!) erraten zuten, eta Sokarrosen aburuz, horrekin Orai hik errak! aditzera ematen zioten entzuten zuenari.
Artzainen arteko maleziak eta izterbegien (edo arerioen) arteko norgehiagoka ulertu behar dira txikitoka horretan, horrela aritzeari txikitokan aritzea deitzen baitzioten. Txikitoetan lizunkeriak, emakume kontuak eta itsuskeriak azaltzen ziren.
Jean Mixel Bedaxagarren ustez, desafioa izateaz gain, txikitoek bazuten balore iniziatiko bat, lehen aldiz artzain ibiltzen ziren hamabi-hamahiru urteko muttikoentzat, pitoa, alua, uzkia… eta horrelako hitzak erabiltzean, muttiko horiei gizon helduen munduaren berri ematen baitzitzaien.
Bedaxagarrek garbi adierazi dit txikitoak Bortuetan, gizonen artean, soilik, erabiltzen zirela. Emakumeen aurrean inoiz ez. “Hire arreba nahi nikek nire pitoa sartzeko” eta horrelakoak oso ohikoak ziren txikitoetan, eta jakina, horrelako probokazio bortitzak bere neurriko erantzun gordina jasotzen zuen, eta azkenik, horrelako mezu gogorrez osaturiko kate luzea osatzen zuten. Denetik erraten zioten elkarri eta aunitzetan horrek artzain horien arteko etsaitasuna areagotzen zuen. Txikitokan aritzea sua pizten edo probokaziotan aritzea zen.
Gaur egun, txikitoak galdu dira, gaur inork ez baitu horrelakorik erabiltzen. Iragan hurbilaren oroitzapena dira. Euskararen gibelatze traumatikoak eta gizarte aldaketa lasterrak, beste gauza askorekin batera, txikitoen desagerpena ekarri dute.
Jon Mirandek eta Txomin Peillenek txikito paketa argitaratu zuten 1962 eta 1963 urteren artean Parisen plazaratu zuten Igela izeneko aldizkari heterodoxo ospetsuan. Nik dakidala inprimatu ziren lehenak. 1991, urtean eta Etorargitaletxearen bitartez, Patri Urkizuk bi liburukiz osaturiko “Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertso eta kantak” izeneko bilduma ederra plazaratu zuen. Bigaren liburukian txikito mordo bat plazaratu zuen. 2009an, Allande Etxartek “Txikito!!!” izeneko liburuxka kaleratu zuen eta bertan aipatu bi iturri horietan azaltzen ziren txikito guztiak bildu eta plazaratu zituen; baina Etxartek ekarpen handi bat egin zuen bere liburuxkan, txikito horiek guztiak gaurko grafian normalizatuan eta alfabetikoki antolaturik ezarri baitzituen, eta gainera, txikito guztien ondoan, frantseseko itzulpena eman zuen. Horiek dira nik segidan, zubereraz eta batueraz, emanen ditudan hogeita hamasei txikitoak.
Jean Mixel Bedaxagarrek aipatu didanez, baliteke artzain ibilitako gizon zaharrek oraindik horrelakoak gogoratzea, baina tamalez, lekuz kanpo, hau da, Bortuetako artzain txaboletatik kanpo, eta txikitoek berez dituzten gordintasuna eta lizunkeria direla eta, inoiz ez diote inori aditzera emango. Hor badago auto-zentsura moduko bat. Ikus ditzagun, bada, ezagutzen ditugunak. Hasieran Allande Etxartek erabilitako gaurko grafian emango ditut eta gero nik batueraz egindako moldapena.
1.- Ahari beltxa errekan, pitoa xutik bragetan,
jokatzen diat ekarten ez diala pintoaren saria sakolan. Txikito!!!
Ahari beltza errekan, buztana zutik bragetan,
Jokatzen diat ekartzen ez duala sakelan pinta bat ordaintzeko haina.
Txikito!!!
2.- Ahüntzaren büztan txüta, haren peko xilo hütsa,
sar ezak, sar südürra, ezkapa ez dakian hütza. Txikito!!!
Ahuntzaren buztan tentea, haren beheko zulo hutsa,
sar ezak, sar sudurra, ihes egin ez dakian putza. Txikito!!!
3.- Altxa ezak eria, hunk ezak zelüa,
gero ükenen dük üzküan ene ziria. Txikito!!!
Altxa ezak hatzamarra, uki ezak zerua,
gero izanen duk uzkian nire ziria. Txikito!!!
4.- Arraultzea bilo gabe, apoa buztan gabe,
Hebentik horra ikusten deitzat koskoilak batere bilorik gabe. Txikito!!!
Arrautza ilerik gabe, apoa buztanik gabe,
Hemendik koskabiloak ikusten dizkiat bat ere ilerik gabe. Txikito!!!
5.- Aihen Buen hen-doi, gure ahüntza aihenkoi,
mendi hortan txikitokan ari direnak oro pixapotetik ardokoi. Txikito!!!
Ongi haientzat tokian (mahastian), gure ahuntza mahasti zale,
mendi horretan txikitoka ari diren guztiek pixontziko arnoaren maitale.
Txikito!!!
6.- Astoa zelatürik, hi hortan gainen muntatürik,
ikusi behar haigü, orano ikusi, alu biloz ürkatürik. Txikito!!!
Astoa zelaturik, hi horren gainean muntaturik,
oraindik ikusi behar haugu aluko ileetatik urkaturik. Txikito!
7.- Balü ere berrehün haboro, bat aski dik beretako,
besteak oro hiri üzkütik sartzeko. Txikito!!
Berrehun gehiago balitu ere, bat aski dik beretzat,
beste guztiak hiretzat, uzkitik sartzeko. Txikito!!!
8.- Banoak bai aitzina, ez beti düt egoiteko aizina,
Horaren üzküan sar hadi, südürraz aitzina. Txikito!!!
Banoak bai aitzina, ez baitut egoteko astirik,
sar hadi zakurraren uzkian, sudurraz aitzina. Txikito!!!
9.- Belea doa hegalez, bere bizi beharrez,
ehün ürtez bizi behar dakiala haren kaka mokorrez. Txikito!!!
Belea doa hegalez, bere bizi beharrez,
ehun urtez bizi beharko dik haren kaka mokorrez. Txikito!!!
10.- Bertzaren üzkü beltza, kanfrearen tinta beltza,
ütz nezak ixilik, hizan bezalako mütür beltza. Txikito!!!
Pertzaren ipurdi (hondo) beltza, alkanforraren (kanfrearen)
tinta beltza, mutur beltz hori, utz nazak isilik. Txikito!!!
11.- Bestaberri Mauleko, Jundane Juhane Lextarreko,
ehün ürtez bizi behar dakiala emazte baten alüari belaünko. Txikito!!!
Bestaberri Mauleko, San Joan Lextarreko,
ehun urtez bizi beharko duk emakume baten aluaren aurrean belauniko.
Txikito!!!
12.- Eraikak eria, hunk ezak zelüa,
ordüan ükenen dük bai gure zerrama zaharren alüa. Txikito!!!
Altxa ezak hatzamarra, uki ezak zerua,
orduan izango duk, bai, gure txerrama zaharren alua. Txikito!!!
13.- Erbiak lau zanko, lauak kako,
kako badütü, kako, kaka dela hiretako. Txikito!!!
Erbiak lau zango, lauak oker,
lauak ongi okertuta, eta kaka hiretzat. Txikito!!!
14.- Erregeren idiak üztartürik, üztar hedeak gorriz tintatürik,
ehün ürtez bizi behar dakiala haien adarrak üzkütik sartürik. Txikito!!!
Erregeren idiak uztarturik, uztar-hedeak gorriz margoturik,
Ehun urtez bizi beharko duk haien adarrak uzkitik sartuta. Txikito!!!
15.- Gaztañatzea hon dük kolte gei; gerezitzea ere bai taula gei,
hi ere arraostatzeko beno alorreko küso gei. Txikito!!!
Gaztainondoa ona duk taketak (hesolak) egiteko,
gereziondoa ere oholak egiteko, ez haiz erantzuteko modukoa
baina bai soroetan txorimalo izateko. Txikito!!!
16.- Gerezi beltz jan diat, kakeria badiat,
ixilik egoiten ez bahiz ahoala egiten deiat. Txikito!!!
Gerezi beltza jan diat, kakeria badiat,
isilik egoten ez bahaiz ahoan egingo diat. Txikito!!!
17.- Gure artzain hor zaharrak baditik ehün kana berga,
berarentako besteak oro, hiri üzkütik sartzeko. Txikito!!!
Gure artzain-zakur zaharrak baditik ehun taket beretzat,
beste guztiak hiri uzkitik sartzeko. Txikito!!!
Nik txikitoei buruzko informazioa Sandra Ott-en Zuberoari buruzko libururu zoragarri batetan jàso nuen, titulua ez dut gogoan. Zoragarria izan zen bertako antzinako kultura ezagutzeko.
Haguitz interessanteac chiquitoei buruzco bi articuluac!
Argui eracusten dute arçain haiec ederqui cequitela euscaraz!
Jakingo ez zuten ba ongi euskaraz, Lavin!
Oraingo maisu-maistra eleaniztun jakintsuok haien erdia baldin bazenekite, beste kuku batek joko liguke.
Xanti,
Jaquinen balute horiec arçain haien euscararen %10a phocic egonen lirateque!