Ernamuinak hala ere

Ernamuinak hala ere –

Altsasu, Olazagutia, Iturmendi, Bakaiku, Arakil-Irurtzun… Sakana-erdaldundua. Espainiarren mendetako hizkuntza politika arrakastatsuaren adibide. Eragile abertzaleen utzikeriaren ispilu.

Gutxiengoan dauden alderdi unionisten erabateko nagusitasun politiko-kulturalaren lekuko. Altsasu “abertzalea” da eskualde-burua; bertan dauzkagu osasun zentroa (bost familia-medikutatik bakarra euskalduna, bajan ez badago…), kultur etxe handia (programazioaren %90etik gora españolez), izen guztietako banketxeak (euskaldunoi erdeinua lotsagabe erakusten diguten Caixaband edo BBVA tarteko) eta euskaldunokin noiz behinka (apur bat) gogoratzen den alkate “abertzalea”, besteak beste. Ingurumaria horretan, herritarren arteko harremanak españolez dira ia ehuneko ehun. Euskara haur txikienentzat gordetzen da, eta beste erremediorik ez badago, izaera politikodun ekitaldietako sarrera eta agurra egiteko. Izen abizenetatik ezagutzen dugu elkar, euskaraz egiten saiatzen garen herritarrak. Altsasuko Euskaraldiaren “arrakasta” zertan datzan azalduko digute halako batean adituek, nahi badute. Euskaltzaleontzat basamortua da Altsasu. Horregatik, argi izpiren bat agertzen den bakoitzean haren arrimura biltzen gara, itxaropenak jota.

Eta argi izpia da Alde zaharrean kokatuta dagoen “Ugari”izeneko janari denda-kafetegia. Altsasura duela hamabost bat urte heldutako bikote marokoarrak kudeatzen du. Gizonak ez du euskara ikasi, baina ulertzeko ahalegina egiten du (bera baino lehen eta gertuagotik etorritako askok ez bezala), eta hasierako nahiz bukaerako agurra euskaraz egiten ditu, politikari abertzale gehienak bezain ondo.

Emazteak bikain ikasi du euskara Itsasi euskaltegian, eta erraz bezain gogoz erabiltzen du euskaldun bat hurreratu orduko. Bidezkoa eta ohikoa behar lukeena egiteagatik eskerrak emateko gogoa ematen du, eta hitzez ez, baina sarri bertara joanda egiten dugu.

Merezi dute bisita, lehor ez dadin ernamuina …

Ernamuinak hala ere

Oinezkoa

2 pentsamendu “Ernamuinak hala ere”-ri buruz

  • Morala ukitzen du horrelakoak irakurtzeak. Beharrezkoa, ala ere, zein puntutan aurkitzen garen jakiteko. Erabat disolbatzearen azkenetan

  • Bai. Ganorazko mugimendu bat antolatu ezean, horra goaz, ezerezera.