Zorrotz, beltz eta hits
Zorrotz, beltz eta hits –
Zer idatzi? Gaitegiak agian ez baina inspirazioak baditu mugak, edo gogoak. Eta gauzak diren bezala, edo ikusten ditudan eran, edo ikusi, interpretatu eta berriro adieraztea lortzen dudan eran: idaztea ez da beti erraza. Gustatzen zait idaztea, sufritzen dut idazten dudanean, sentitzen dut. Badirudi, lehen paragrafo honek hartu duen norabideari erreparaturik, idazteaz idatziko dudala. Bai, agian hori egingo dut. Ea amaitzean zer “atera” den.
Izenburua albiste txatxu gisan idatzitako eta iritzi espliziturik kasik erakusten ez zuen “Literatura egun batez: Nobel eta Euskadi sariak” iritzi artikuluari “Luisito” delako batek emandako erantzunetik hartu dut. Honela dio:
Jode, Peru, bizitza honetan izanen al da poz txikiren bat, ala dnak behar du zorrotz, beltz eta hits?
Galderaren egiturak intrigatu ninduen lehenik, eta galdetzen duenak gero. Ez dakit poz txiki hori nigandik espero duen edo niri opa didan, akaso biak edo bat bera ere ez. Mila esker, hala ere.
Denak behar al du zorrotz, beltz eta hits? Neure buruari galdera. Ez du hala behar, hala egiten dut, hala erakusten dut? Agian. Ezin al da herri honetan sano barrerik egin, trufatu eguneroko hitsaz, idazten duten esku hilen iluntasun patetikoa, geldia gainditu? Ez dakit biktimista (barkatu) ote naizen edo publikoki hori soilik erakustea gustatzen ote zaidan edo zer kristo. Jode, Peru, hasi gara berriro.
Leihora atera naiz eta ilun dago dena. Izango al da poz txikirik kalearen bestaldeko leihoetatik ateratzen den argiaren pean? Hotz egiten du, hobe leihoa zarratu, aulkian eseri eta ez hanka ez buru, idazteko aitzakia besterik ez den testu honi heltzea. Zergatik idatzi? Komunikatzeko, ados. Horregatik idazten ote dut? Zertarako idatzi? Jakin badakit zergatik, zertarako eta zer idazteak lotura handia dutela. Are gehiago, agian, iritzi artikulu deitu nahi diegun testuen kasuan, baina baita ere gainontzeko testuei dagokienean. Forma eta edukia…
Zergatik den idazten dudan (ia) guztia hain zorrotz, beltz eta hits (hala baldin bada)? Ez dakit. Azkenean, azken lau artikulu hauek frogak izan dira, estilo ezberdinetakoak, gai ezberdinen inguruan. Agian idazten dudanaz (osotasunean) kontzienteago behar nuke izan. Agian are faltsuago behartu beharko nuke gaitegia edo eguneroko egian, ogian eta gezurrean bilatu poz txikiak (eta aditzera eman). Edo jarrai behar nuke inolako ekarpenik egiten ez duten testu aspergarriak argitaratzen, hitsak, alaiak edo tragikomediak izan.
Idazteak badu B aldea, irakurlearena. Askotan bezala, B aldea izan ohi da hoberena, aberasgarriena, interesgarriena. Norbera ez baita norbere burua eredu harturik eraikitzen. Eta gaurkoz fini zorrotz, beltz eta hits aritzea.