Zibilak eta zabalak?
Larunbat arrunt batez otsailaren 25ean, asanblada arrunt batean, 15 Iratzarriko militante elkartu ziren Bilbon. Asanbladaren gai ordenetik kanpo zegoen proposamen arrunt bat, Aralar alderditik bereiztea, bozkatu zuten. Besterik gabe, barne demokraziari gorazarre eginaz. 8 kidek bozkatu zuten “desbinkulazioaren” alde eta aurrera atera zen kontua. Segituan irakurri genuen berria sare sozialetan, zein, hedabideetan. (komunikatua)
Zergatik ez zuten zehaztu gazte taldeko deitzaileek horrelako erabaki bat hartzea pentsatzen zutela militanteei igorritako deialdian? Nola ausartu ziren 15 pertsonaren artean horrelako erabaki bat hartzen? Zergatik hartu nahi zuten erabakia? Haiei dagokie hau erantzutea, niri ez baitzaizkit gauza txar asko besterik okurritzen. Haiei edo Aintzane Ezenarrori, segur aski honetaz zerbait badaki-eta.
Laida Elizegiri (@laidaelizegi) berriaz ohartutakoan, artean jokaldia ezagutzen ez nuela, twitterren galdetu nion ea zeintzuk ziren erabaki hau hartzera bultzatu zieten arrazoi politikoak, nahiz estrategikoak. Elizegik barneko demokrazia aipatu zidan lehenik (begira lehen paragrafoa arren) eta giza eskubideak gero. “Banguardiarik” eza, ezker abertzale “zibil eta zabala”, “subordinaziorik” gabea ere, hurrengo txioan.
Barne demokraziaz ahoa beteta 15 pertsonak parte hartutako bileran erabakiak hartzen dituzte, hedabideetan haizatu, banguardiarik sotilena bihurtuz. Giza eskubideak pisuzko argumentua bailitzan dilin dalan darabiltzate, Ezker Abertzalea (bakarrik) eten gabeĀ aldebakarreko pausu positiboak ematen ari den bitartean (hemen azkena). Etikaz ari zaizkigu epailerik zorrotzenaren diskurtsoarekin, Bilduri barkamena eskatzeko esanaz elkartzeko ezinbesteko baldintza bezala. (Noren diskurtsoaren antza ote du honek?). Eta onena: ezker abertzale zibil eta zabalarena. Bai, Txiki Benegas txikia eta Ezker Batua batua bezain zibila eta zabala da Iratzarri “desbinkulatua”. Guztia arrunta bailitzan, horrela sinmas.
Sortu aurkeztu eta Bildu koalizioa martxan jarri zenetik, ari da sortzen ezker abertzale zibil eta zabala Euskal Herrian. Pasa zen Patxi Zabaletak eta enparauek hainbeste aldiz eskatzen zuten guztia. Espektatibarik onenak gaindituta geratu ziren, horratx, 300.000 bozak. Eta batzuk ez ziren (dira) konturatu ere egin, edo ez dute nahi konturatu, ez baitzaie komeni. Eta Bildu, edo Amaiur, edo dena delakoa are anitzagoa izango da Aralar barnera sartzen denean. Sartu behar baitu, hortik kanpo ez baitu beste egitekorik.