Zezena Donostian, ehun urte atzera
Ander Izagirreren “Periodismo con botas” blog-ean, begira jo zigun atzo, zezenketak Donostiara bueltatzen zirela-eta argitaratu zuen sarrerak: “El toro contra el tigre en la plaza del Chofre”. Zorakeria dirudi, baina guztiz egia da!
Kazetari donostiarrak Aryse izeneko blog kultural batera garamatza, eta hemen “ikuskizunaren” kronika zehatza egiten digu Savinio izeneko batek: “San Sebastian Capital Cultural (1904): lucha entre el tigre “Cesar” y el toro “Hurón” en la plaza de toros”.
Hona hemen laburpen bat:
1904ko uztailaren 24an gertatu zen, Txofreko zezen plaza zaharrean, Donostian. Zezenketak bi zati zituen, eta bigarrenean, Cesar deitzen zen Bengalako tigre baten eta Guadalquivir-en paduretako bost urteko Huron zezenaren arteko borroka zegoen iragarria. “Bihar zezen plazan, tigrearen eta zezenaren arteko borroka eragile, erakargarri eta igurikatua izango dugu”, argitaratu zuten bezperan El Correo de Guipúzcoa egunkarian. Eta gertakaria baino egun batzuk lehenago, kaiola baten barruan Cesar erakutsi zuten, hogei arroa inguruko tigre ederra -antza Marseillako merkatari bati 7.000 frankotan erosia-, gihartsua eta itxuraz basapiztia. Aurka egin behar zion zezena ikusteko aukera ere bazegoen zezen plaza bertako kortan. Hurón, urdin iluna, sataikoa eta adar zorrotzekoa, ez zena atzean gelditzen seriotasun eta eitean. Plazaren erdian hogei metro diametroko kaiola sendoa paratu zuten, itzal handiko Sartasola eta Carrasco injineruek egina -egunkarien esanetan-. Behin eguna helduta, jendea irrikitan zen bi animalien arteko borrokaldirako.
Zazpiak inguru baziren borroka hasi zenerako. Bi piztiak tiro hotsez eta kolpez akuilatu zituzten, baina borrokak kale egin zuen hasieratik, Huronen adarrak ikusita uzkurtu baitzen Cesar -honen aldeko apustua egina ei zuten frantziarrek-. Zezena tigreari oldartu zitzaion, adarkatzeko prest, eta hankapean erabili zuen. Cesar dohakabeak haginka eta atzamarka erantzuten zion, eta musturrean zauritu zuen Huron. Koldartuta, kaiola barruan bueltaka hasi zen Cesar, Huron plaza erdian marruka eta harea aztarrika zela. Zezenaren erasoari erantzunez, tigreak idunera egin dio salto, eta adardunak astindu bortitz batez kaiolako atearen kontra bota du katutzarra; txikitu dute atea, eta atera dira bi piztiak plazara!
Bi animaliak kaiolatik at ikusteak izua eragin zuen, tigrea publikoarengana salto egiteko kapaza zela baitzekiten. Derrepente, Mikeleteek -Gipuzkoako polizia- Maüsser fusilak atera eta tiroketa hasten da. Minutu parea iraungo duen bi animali zaurituen kontrako tiro hotsa, plazan ziren ikusleetako askok armak baitzeramatzate aldean -nahiko ohikoa omen zena!-. “Ikuskizun” esperpentikoak emaitza latza izan zuen: plazara salto egin zuen gizon batek hil zuen tigrea errebolber tiro zehatz batez, eta kortan hil zuten zezena. Haiekin batera baina, eta plazan zirenen artean, hildako bat (Juan Pedro Lizarriturry) eta hamazortzi zauritu izan ziren.
El Correo de Guipúzcoak 1904ko uztailaren 26an argitaratua:
Mina. “Hereneguneko gertakari hitsak, zezen plaza berrian jazoak, oroimen samina utzi du familia askorengan, erresumin baretu ezina etxe batzuetan. Alai, irribarretsu eta gustura joan ziren guztiak zezen plazara, aspaldi iragartzen zen Cesar tigrearen eta Huron zezenaren arteko borroka basatiaz gozatzeko irrikitan”.
Festa. “Anai gizagaixoak, gozatua hartu asmoz plazara gerturatu eta balazo bat jaso zutenak!. Festara joan eta hileta batetik itzuli ziren”.
Arduragabekeria. “Odola isuri da zezen plazan, segurtasun indarren Maüsser balakaden erruz; onartu ezinezko arduragabekeriz, eta ez dakigu nork aginduta, plaza erdian eta kaiolaren ate aurrean hilzorian zen tigrearen kontra tiroketari ekin zioten-eta”.
Kaiola. “Carrasco eta Sartasola injineruek egindako txostena irakurri dugu, kaiolaren sendotasunari dagokionean ikuskizunaren aurretik idatzia. Txostenean, punturik ahulena atea dela aipatzen da, justu igandean zezenaren zartakoarekin apurtu zena, bi animaliak plazara irtetzea ekarri zuena. Lehenengo eta behin agintariak dira honen errudunak, txostena irakurri ondoren ez baitzieten injineruei edo beste teknikariren bati kaiolako ahulguneak indartzeko agindu”.
Mikeleteak. “Gobernadoreak elkarrizketa bat izan du Mikeleteen buruarekin eta seguruenera bertan argituko dute zerk behartu zituen piztiaren kontra sua hastera”.
Errebotea. “Guztiok dugu Maüsser fusilen irismen izugarriaren eta ezohiko abiaduraren berri. Gaitza da, oso zaila, kasik ezinezkoa, bere jaurtigaien mugimendua ezereztea zezen plaza bateko zirkuluaren distantzia motzean, batez ere tiroa angelu zorrotzez egina bada (…). Tendiduak jendez lepo zirela eta tiratzaileen parean harmailak, derrigorrez gertatu behar zen zoritxarren bat balen errebotearen ondorioz, tiratzaileek punteria zehatza balute ere, eta ez zen horrela izan, akaso burtzoro eta presaz jokatu zutelako tiro egiterakoan”.
Ernest Hemingway-k ere hartzen du ahotan Donostian bi piztitzarren arteko borroka zela-eta izan zen sarraskia, 1932ko “Death in the Afternoon” lanean.
Duela mende bateko istorio harrigarri hau ezagututa, hobeto ulertzen da atzokoan Joan Carlos I., ehiztari amorratua bera, zezentokitik horren hurbil egotea -palkoa du ohikoagoa-, ondoan Froilan biloba zuela; seguru, biak ondo armatuak eta tiroka ekiteko prest.
(Tigrea eta) zezena Donostian, ehun urte atzera eginda.