Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (III. atala: Izurrite Beltza)

Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (III. atala: Izurrite Beltza)

…aurretik:
I. atala
II. atala

Historiaren kontingentziaz

Historiak duen gauza interesgarri bat da ez dela prebisiblea, ez dela lineala. Batzuetan oso urrun gertatutako bi ekintza isolatuk puntu batean elkartzen dira eta espero ez genuen eragina izan dezakete. Hori gertatu zen, maila batean, Issyk Kul lakuan XIV. mendean. Leku Urruna dela esan dugu, baina ez horregatik hutsa. Bertatik abiatu zen, hainbat adituren ustez, mundua zeharo aldatuko zuen Izurrite Beltza. Saia gaitezen bi gertakariak Issyk Kulen kokatzen.

Nestorianismoa

Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (III. atala: Izurrite Beltza)
Nestoriar hilerri bateko harria. Uigurezko testua du, alfabeto siriakoa erabilita. Gaur egun Frantziako museo batean dago ikusgarri.

Kristautasunaren lehen mendeak benetan interesgarriak direla uste dut. Hemen oso ohituta gaude kristautasuna eta katolizismoa sinonimotzat hartzen, baina historia askoz korapilotsuagoa da. IV. mendean Apolinario izeneko gizon batek idatzi zuen Jesukristok giza gorputza eta giza arima zuela, baina ez giza burmuin arrazionala, hau Jaungoikoak hartzen zuelako. Heresetzat hartuta Tartsoko Diodorok kontrakoa idazten du bere dotrina kondenatzeko: Jesukristo eta Jaungoikoaren arteko naturak guztiz ezberdinak ziren. Mopsuestiako Teodorok ideia hau garatu zuen ondoren: Ama Birjinak naturalki erditu zuen Jesus, baina honek gizakiaren inongo faltarik ez zuen. Jaungoikoak, orduan, beraren bidez barkazioa bidaltzen du lurrera. Bere ustez ezin da esan “Jaungoikoa jaio zen” edo “Jaungoikoak sufritu zuen”, hori gizakiari gertatu baizitzaion. Historia laburbilduz, 428an Teodoro II.a enperadoreak Nestorio izeneko abade bat deitu zuen eta Konstantinoplako Artzapezpiku izendatu zuen.

Honek, baina, aurrekoen ideiak predikatzen zituen eta Konstantinoplako teologoak sumindu zituen. Hainbeste Nestoriok berak kontzilio bat deitu zuela eta berarekin bat ez zetozen guztiak kondenatu zituela. Baina Alexandriako San Zirilok 12 anatema argitaratu zituen bere aurka, eta erantzuna modu berean izan zuen azken honek. Enperadoreak, orduan, Efeson kontzilioa deitu zuen. San Zirilok Alexandriatik 40 apezpiku ekarri zituen, bere tesiak defendatzeko. Nestoriok esan zuen ez zuela joan nahi, hori ilegala zela. 431ko ekainaren 22an San Zirilo nekatu, irakaspen eta gutun guztiak irakurri zituen eta erabaki zuten bertan Nestorio kaleratzea.

Urte batzuetako kontzilio, bilera eta kondenen ostean nestorianismoa Erromatar inperiotik kaleratua izan zen. Eta Sasanidar inperioan aurkitu zuen laguntza. Garai horretako pertsiar eta irakiarren gehiengoak Nestorio jarraitu eta hori izan zen, eurentzat, kristautasun ofiziala. Sasanidar inperioaren erlijio ofizioso gisa iraun zuen ahalik eta musulmanak iritsi ziren arte. Arabiarrek Damasko eta Baghdad hartu zutenean Elizaren egoitza ere bertara mugitu zen eta agintari kristauek kargu onak hartu zituzten administrazioan. Musulmanen artean eroso, Eliza ia desagertu zen VII. mendean bertan.

Hori dela eta hainbat nestoriarrek misioen bidea hartu zuten, Islama gehiago hedatzea ekidin nahiez. Tibet, India, Mongolia, Samarkanda, Mantxuria… bertan sortzen dituzte Elizak eta kristau fedea hedatzen dute. Mongoliarrak ez ziren kristau bilakatu, baina gero hitz egingo dugu mongoliarren paperaz historio luze honetan. 635ean Alopen izeneko gizon bat Txinara heltzen da kristautasuarekin. Taizong hirian nestoriar eliza bat sortu zuen.

Bidean monasterio bat ere sortu zen Issyk Kul lakuan. Eta bidean, dagoeneko Zetaren Bidean ezagutzen zirenak hedatu eta egonkortu zituzten.

Pax Mongolica

1206an Genghis Khanek munduko inperiorik handiena osatu zuen. Balkanetatik Txinara eta Indiatik Koreara. Europara beldurrezko pertsonaia gisa heldu bada ere, izan zituen hainbat gauza oso interesgarri: erlijio askatasuna ezarri eta Asiako mugak batu zituen, komertzioa baimenduz. Berarekin helduko zen Marko Polo Indiara eta berarekin helduko zen zeta, papera eta bolbora berriro Europara.

Pax Mongolica izeneko garaia da. Garapen eta ekonomiaren aldaketa garaia. Bideak irekitzeak komunitateak indartu eta bidaiari berriak ekartzen dituzte nestoriarren Issyk Kul lakura. Hauek biltegi bat zuten, suposa dezakegu merkantzien trukean laguntzeko.

Baina hiriek eta komertzioak beste gauza bat dakar berarekin: gaixotasunak. Txinan 1330ko hamarkadan Izurrite Beltzaren eztanda gertatu zen. Hebei probintzian biztanleen %90a hil zuen. Ez dakigu Txinatik etorriko zen, zeta eta animaliekin batera, baina Issyk Kulera iritsi zen beste inora baino lehen.

1885ean egindako arkeologia indusketan nestoriar monasterioa aurkitu zen. 650 pertsonen hilobi hilarri aurkitu ziren, 1186tik 1349ra artekoak. 1338tik 1339ra doan urtean 106 pertsona hilobiratu zituzten. Horietako 10etan plaga eta gaixotasuna aipatzen da.

Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (III. atala: Izurrite Beltza)1346an Izurrite Beltza Kaspiar Itsasora heldu zen, ziurenik monasterioko ondasunen mugimenduarekin, Zetaren Bidetik, beraz. 1349an Mekara. 1347an Europa osoa kolpatzen zuen.

Mundua ez zen inoiz berdina izango. Eta nestoriarrak desagertu ziren Issyk Kuletik eta, laster, Erdialdeko eta Ekialdeko Asia osotik.

 

 

Bisitatu daiteke?

Ba ez dakit. Teorian bai, badira tour batzuk nestoriar aztarnategiak bisitatzeko plana eskaintzen dutenak. Lonely Planet gidarekin bazoaz, ez da daturik agertzen (edo nik, behintzat, ez dut aurkitu!) leku zehatzaren inguruan. Kyrgyzistango Historia Museoan (hitz egingo dugu honetaz), ez dago guzti honen arrastorik, nahiz eta aipatzen den leku batean erlijio ugari egon direla bertan, eta aztarnategi ezberdinen argazkiak erakutsi. Baina badirudi erakusten diren aztarnak ez direla Issyk Kulekoak, baizik eta Burana dorrean dagoen mausoleo bat.

Esan bezala… Issyk Kulera hondartzara zoaz: batzuentzat leku urruna baino, gertuen duten lakua delako.

Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (III. atala: Izurrite Beltza)

Izurrite Beltza

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude