Zestoa eta Zalla

Artikuluaren audioa entzun daiteke beheko bideoaren bidez

Zestoa eta Zalla, egun ezbaian dauden hondakinak kudeatzeko bi eredu nagusien islada dira. Biek berreskuratu ezin izan diren materialak jasotzen dituzte ala etorkizunean jasoko dituzte. Horretan dira berdinak. Gainontzekoan ezberdintasunak besterik ez daude bata eta bestearen artean.

Zalla: errausketaren zabortegia

Zallako zabortegiko lixibiatuen irudia

Zallako zabortegiak, Bizkaiko hiri hondakin solidoentzako dauden beste bost zabortegiekin batera (Jata, Larrabetzu, Lemoa, Igorre eta Artigas), errausketan oinarritutako hondakinen kudeaketa ereduaren zigilua darama. Bizkaiko sei zabortegi hauek agerian jartzen dute argi eta garbi errausketa bultzatzen dutenen gezurrik handiena: Errausketak, energia bilakatuz zaborra desagerrarazi eta errausketarekin zabortegiak itxi egiten direneko gezurra. Bizkaian bada hamarkada bat zaborra labe kutsakorrean oinarrituta kudeatzen hasi zirenetik eta zabortegien beharrak bizirik dirau.

Urteotan asko izan dira kutsaduragatik errausketak Bizkaian eragindako kezkak. 2009an, PPk, Zabalgarbiko errauste plantaren inguruko lur sakonetan neurtu ziren metal astun kontzentrazio altuak salatu zituen, hain zuzen ere, Bilbora ura daraman Ordunteko kanalaren gaineko lurretan.

Bilboko Artigas zabortegian, aurki, errauste plantatik aterako diren eskoriak (eta errauts toxikoak?) isurtzen hasiko dira, Bilboko udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurten sinatutako akordioaren ondorioz.

Zallako Las Lagunas izeneko zabortegira itzulita, ezagunak dira errausketaren aroko zabortegi honek ematen dituen arazoak, eta horrek, Zallako udalaren aldetik besteak beste, eragin dituen salaketak. Aurtengo martxoan udalak epaitegietara jo zuenekoa adibidez. Zallako udalak salatzen duenez, leherketa arriskua dakarten metano mailak neurtu izan dira Las Lagunas zabortegian eta Zabalgarbiko errauste plantatik izaera arriskutsua daukan zabor toxikoa isurtzen ari dira zabor arriskutsuentzako baimenik ez daukan zabortegian. Azkena irailean ezagutu dugu. Las Lagunasko Zabortegiaren inguruko La Jarilla erreka kutsatuta agertu baita lixibiatuekin.

Beraz, errausketak ez ditu zabortegiak itxi ez Bizkaian, ez beste inon.

Zestoa: Transiziorako gordetegia

Osinbeltzeko gordetegira eramango den errefus egonkortuaren lagin bat

Zestoako Osinbeltz gordetegiak, aldiz, funtzio garrantzitsua beteko du Gipuzkoan Zero Zabor eredurantz gertatzen ari den transizioan. Murrizketan, gaikako bilketan eta bereizte mekanikoan ahaleginik handiena egin ondoren geratzen den errefus egonkortua gordeko da bertan. Egonkortze hori behar bezala egiten bada, sortzen den “lur” geldo horrek ez du inondik inora zabor primarioak (tratatugabeak) ematen dituen arazoak emango, alegia, ez du usain txarrik isuriko eta ez du ez metanorik, ez lixibiaturik sortuko. Are gutxiago sortuko ditu, dioxina eta furanoak, egunotan, zenbaitzuk, maltzurki zabaldu duten bezala, azken hauek sortzeko, errauste plantek sortzen dutena bezalako tenperatura altuak behar baitira, eta, hauek, inolaz ere ez dira Zubietako plantan emango den tratamendu hotzean sortzen.

Gipuzkoako Aldundiak Zestoarrei eskeini dizkien bermeak, hondakinak modu jasangarri eta osasungarrian kudeatzeko egiten ari den ahaleginaren islada dira. Batetik, gordetegian sartutako materia geldoarentzat ezarriko dituzten baldintzak, horretarako dagoen araudi zorrotzenaren baitakoak dira, Alemaniako araudiarenak, hau da, hemengo legediaren oso gainetik dagoen araudiaren arabera bermatuko da Osinbeltzen zer sartuko den, material hori kaltegarria ez dela ziurtatzeko. Zallan hemengo legeak betetzen ez direla salatzen ari diren bitartean, Zestoan hemengo legeen gainetik dauden parametroak ezarriko dira materiala onartzeko. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, gardentasun eta bermatze ariketa bat eginez, neurketak, balizko kalteak jasango lituzketenen esku uzteko proposamena egin du, hau da, Zestoarren esku, horrela iruzurrik egongo ez dela ziurtatuz.

Osinbeltzen utziko den materia egonkortuak, harrobi zaharrak eragindako espazio galera berreskuratzeko balioko du, betelana eginez eta eremu hori etorkizunean Zestoarren aisirako berreskuratuz.

Zero Zaborrerako transizioa

Zero Zabor da helburua, baina baita ere helburu horretara iristeko bidea. Gauza jakina da egungo eredu kutsakorretik eredu zirkular eta efiziente batera heldu bitartean transizio bat egon behar duela. Aldaketa hori benetan burutu dadin, etengabeko hobekuntzarako tresna batzuk behar ditu eta baldintza batzuk bete.

Baldintzei dagokienez, bi dira nagusiak. Erabiliko diren tratamenduek ezin dute tratatu ondorengo materiala aurrekoa baino arriskutsuagoa egin, errausketarekin gertatzen den bezala. Osasunak eta ingurumenak Zero Zabor ereduaren ardatz izan behar dute.

Bigarren baldintza, transizioaz eta etengabeko hobekuntzaz ari bagara, erabiliko diren bitartekoek hobekuntza hori sustatzea eta inolaz ere ez oztopatzea da. Zubietako TMB (tratamendu mekaniko biologiko) plantak errefusa egonkortzeko balio duen bezala, materia organikoa konpostatzeko eta ontzi arinak sailkatzeko balioko du etorkizunean, horrela hondakinen sorrera eta bilketan gertatuko diren aurrerapenei egokituz eta aipatutako bi baldintzak betez.

Bitartekoei dagokienez, errefusa tratatzeko azpiegitura malguaz gain, TMB plantaz gain alegia, errefusa egonkortua uzteko gordetegiak funtzio garrantzitsua beteko du transizioan. Zestoako gordetegiari esker, gaur egun Gipuzkoan dauden hiru zabortegi kutsakorrak ixteko aukera egongo da.

Zestoa eta Zalla kontrako norabidean doazen bi ereduen ispilu dira. Osasuna eta ingurumena ardatz hartuta hondakinen murrizketa eta birziklapenean oinarritutakoarena bata, inbertsioari eutsi ahal izateko zaborra sortu eta zabor toxiko bihurtzen duenarena bestea.

Zero Zabor ingurumen babeserako elkartetik bi herriotako biztanleei gure konpromezua adierazi nahi diegu, gordetegira iristen den materialak aipatutako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen laguntzeko batzuei eta zabortegi kutsakorra itxi ahal izateko baldintzak sortzen ahalegintzeko besteei.

gordetegia, hondakinak, ingurumena, zabortegia, zero zabor, zestoa

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude