Zergatik blog bati ekin?

Lehenik eta behin izenburuko galdera azpikeriaz eginda dagoela jakin beharko zenuke, irakurle, bereziki blogak sortzearen inguruko gogoeta orokor eta burutsurik espero bazenuen. [Hori balitz zure kasua, utzi hemen irakurtzeari eta galdu zure denbora preziatuaren datozen bost minutuak beste zerbait irakurtzen, edo itzuli lanera (bestela lankide salatariren batek ziberozeanoan noraezean nabigatzen ikusi ahalko zaitu, tentuz ibili!)]. Hurrengo lerroetan datozenak deskribatzeko izenbururik jatorrena Zergatik ekin diogu blog honi? litzateke. [Jakingura piztu badizu azken honek, segi irakurtzen, bestela utzi irakurketa eta itzuli benetako mundura (begira leihotik: udaberria lehertzear dago, ez al zeundeke oraintxe bertan hobeto hor kanpoan?)]. Izan ere, blogari duela hiru aste ekin genion ganorazko azalpenik gabe [egiari zor, ondoko azalpena eman genuen eta iruditzen zaigu ederki azalduta dagoela bertan!], eta batek baino gehiagok beharbada ez zuen ondo ulertuko zertara datorren irudhizkeria hau guztia.

Hori konpontze aldera, blogaren nondik norakoak hobeto azaltzeko asmoz, geure buruak elkarrizketatu ditugu. [Norbere burua elkarrizketatzea ariketa xelebre xamarra dela frogatu dugu berehala ordea. Horregatik, “ze ostiatan gabiz baina?” itauna iritsi eta babo aurpegiekin erantzun gabe utzi dugunean eten dugu galdetegia, elkarri galdera gutxi batzuk (besterik ez) egin ostean]. Autoelkarrizketa laburraren  erantzunak ekarri ditugu sarrera honetara transkribatuta. Eta ondoko OHAR GARRANTZITSUA: zuek egin ezean, hortik aurrerako galderek ez dute erantzunik izango [hau da, egin gabe geldituko dira!]. Hortaz, inolako  galdera edo zalantzarik izango bazenu, utzi iruzkin batean eta [oso gustura] erantzungo dizugu!

Irudhitzen Aitor Gomez Arribillaga (Andoain, 1983) eta Unai Villena Camarero (Elgoibar, 1980) adiskideek sortutako bloga da, irudi eta hitzak uztartzen dituena. Zergatik jarri dugu martxan?

[Unai] Ariketa bezala, sorkuntza gimnasia pixka bat egiteko. Niretzat behintzat, idazle ez baina idatzi-zale izanda, aspaldion idatzi eta idazmahaiko tiraderan gordeta dauzkadan testuak berreskuratu eta berriak  idazteko aitzakia da proiektua.

[Aitor] Egunerokoak sortutako sentipen eta gogoetak argazki bidez askatzeko.

Zein izango da blogaren dinamika edo funtzionamendua?

[A&U] Astean behin sarrera bat argitara emateko asmoa daukagu. Txandaka batak besteari argazki/testubat bidaliko diogu, eta besteak jasotakoaren harira sortu beharko du bere testu/argazkia (Aitorrek argazkiak eta Unaiek testuak); horrela argazki-testu pareak osatu eta publikatzen joango gara. Lana argazkitik abiatu bada iruditik hitzetara atalean sartuko dugu, bestela hitzetatik irudira atalean. Horiez gain, beste bi atal ere aurreikusi ditugu: maileguan jasotakoak, atsegin ditugun autore ospetsuen edo lagunen argazki/testuetatik abiatutakoak; eta hiri asko bere baitan, hirugarren lagun batekin eskuartean daukagun irudi, hitzak eta musika uztartzen dituen sorkuntza proiektutik ekarritakoak (azken honek azalpen luze zabala beharko luke, hurrengo baterako utziko duguna, proiektuari berari ere arnasa hartzen lagatzeko).

Zer motatako argazkiak izango dira? Eta zer motatako testuak?

[Aitor] Argazkiak libreak izango dira; auto-inposatutako filtrorik gabe, askatasuna osoz ateratakoak. Aurretik ezin jakin batzuk besteen antzekoak ala zeharo ezberdinak izango diren; momentuko sentsazioek eragindako edo denboran zehar landu eta gordeta izandako gogoetak erakutsiko dituztela bai, hori ziur. Argiarekin idatzitako irudiak sortzen saiatuko naiz, zuri-beltzekoak, koloredunak, karratuak, laukizuzenak, forma zehatzik gabekoak… momentuan momentuko egoerak eskatzen duen modukoak. Barruak husten lagunduko didaten argazkiak izango dira, eta ikusten dituenari garunak piztu eta betetzen laguntzea nahiko nuke.

[Unai] Testu batzuk ipuin modukoak izango dira, beste batzuk gogoetak, beste batzuk eszena edo kanpoko zein barneko paisaien deskribapenak; egituran ez dute molde zehatzik jarraituko eta inolako baldintzapenik gabe idatziko ditut, luzera salbu. Testu oso laburrak izango dira, dozena inguru lerro edo 1000 karaktere ingurukoak, ipuin hiperlabur, mikroipuin edo mikrokontakizun esaten zaien horietakoak.  Hala ere, “mikro” aurrizkiak ez nau gehiegi konbentzitzen; mikrokontakizunak baino, idatzizko argazkiak sortzen saiatuko naizela esatea nahiago dut; literarioago gelditzen da izendapen hori, ;-)!

Irakurleen parte-hartzeak zer nolako garrantzia izango du blogean? Nolakoa izatea nahiko genuke?

[A&U] Gure hitz eta irudiek zentzua izango dute soilik jasoko dituen norbait egon eta norbait horrek bere barnean haiekin puzzlea osatzen badu; zubi hori eraiki ezean erdizka geldituko dira. Behin zubi hori eraikita, pauso bat haratago iristea nahiko genuke dena den, eta bestaldean dagoenaren erantzuna jaso. Esplizituki idatziko ez dugun arren, blogeko sarrera bakoitzaren ostean, inplizituki “ZURI ZER IRUDHITZEN?” galdera legoke, eta galdera horren baitan biltzen diren beste infinitu galdera: zer iruditu zaizu argazkia? eta testua? inolako gogoetarik eragin al dizute? zein? zergatik? zein argazki/testu jarriko zenieke zuk? ? ? ? ? ? ? ? ? ? Badakigu parte-hartze hori lortzea ez dela erraza izango, batez ere hasieran, baina ez dugu etsiko, eta azkenean iritsiko dela uste dugu. Eta iritsiko ez balitz ere, noizbait iritsiko den itxaropenez jarraituko genuke astean behin sarrera berria publikatu eta “zuri zer irudhitzen?” galdera ziberbasamortura jaurtikitzen, bestaldean ez zaudetela dirudien arren, egon zaudetenak zirikatzeko.

Amaitzeko, Unai, esan zerk motibatzen zaituen idaztera idatzi baten bitartez. [Hau da aste honetako testua!!!]

Argia itzaltzea bezain erraza balitzait gauez ezer idatzi gabe lo egitea, goxo-goxo egingo nuke lo gauero, baina azkenaldian halako behar batek bultzatzen nau gaueko ordu txikiak arte itzarrik, ohean etzanda, boligrafoa astintzera. Halako uneetan Eduardo Galeanoren hitzak datozkit burura, azentu uruguaitarrez: “quizá nosotros somos las palabras que cuentan lo que somos” (agian garena dioten hitzak gara gu), eta hitzon esanguran pentsatze soilak ni ere naizen hori idatzita uztera bultzatzen nau, nire energia zeregin horretan agortzera. Bihar berandu eta nekatuta esnatuko naiz, baina bozgorailuek Zea Mays-eko kantariaren ahotsa jaurtikitzen didatenean, “ni neu ere energia banaiz, lurrean idatzirik geldituko naiz”, litezkeen damu itzal bakanak ezabatuko dira nire kontzientziatik, pertsiana igotzean, argi izpiek logela bete eta nigan gainez egingo dutelako. Egunak bere onena eman ostean gaua izango dut aiduru. Eta koaderno honetako orri zuriak.  Idatzirik geldituko naiz. Zuk irakur nazazun. Ni.

Eta Aitor, eman zure argazkilaritzaren definizioa irudi batekin (eta pare bat hitzekin lagundu, nahi baduzu). [Hau da, jakina, aste honetako argazkia!!!]

mugimendua, lasaitasuna, pazientzia, momentua, bakea…

IRUDHITZEN