Hiru tesi bertsolaritzari buruz (7/7)

Kezkaturik gaude euskaldunok identitatearen kontu horrekin. Idazkera da, Atxagak azpimarratzen duenez, identitatea sortzeko ahalmena ematen duena. Idazkerari esker komunitate batek bere singulartasuna era unibertsalean adieraz dezake. Horregatik herri batek, bizirik eta zutik jarraitu nahi izanez gero, idazten ahalegindu beharko du.

Baina, bi idazkera mota baldin badaude, ez ote dira egongo bi bide ezberdin identitatea sortzeko? Bertsolarien egiak ere unibertsalak eta eternalak lirateke, baina idazleenen antzera? Bertsolarien ekarpena idazkera akustikoaren edo soinu-idazkeraren bidez zertzen da Ekarpen hori bi modutan uka daiteke: idazten dakitela ukatuz edo, kontrako bidetik, bertsolarien idazkera funtsean idazleena bezalakoa dela adieraziz (Derrida). Lehenengo kasuan zibilizaziotik kanpo geratzen dira; bigarrenean, berriz, bigarren mailako idazkera izatera kondenatuta daude. Bi kasuetan nahitaez zibilizazioaren bataioa hartzera behartuta. Eta bi kasuetan bertsolarien ekarpena zapuzten da. Ez dakit zer den okerrena, bertsolaritza mesprezatzen duten euskal intelektual eta idazleen jarrera ala bertsolariak “maite” dituztenena. Batzuk eta besteak zibilizatuen dogmak harrapatuta daude.

Hori gerta ez dadin, bertsolaritzari buruz dugun ikuspegia sakondu eta zabaldu beharko genuke. Asmo horrekin hona hemen hiru tesi eta korolario bat bertsolariei buruz:

Lehenengo tesia: bertsolariek ere badakite idazten. Hau da, Atxaga eta zibilizatuek uste dutenaren kontra, bertsolariek badakite pentsatzen; bertsolariak herriaren maisuak ere badira. Tesi honek gure adituek erabiltzen duten”ahozkotasun” terminoa auzian jartzen du. Termino hori zibilizatuek – anglosaxoiek hain zuen – asmatutakoa da. Termino horrekin kultura “primitiboen” garrantzia eta duintasuna salbatu nahi dituzte, nolabait ere. Asmo onak, dudarik gabe, baina jatorrizko herriak ezin gara zibilizatuen asmo onez fidatu, eta are gutxiago zibilizatu horiek anglosaxoiak badira (historiako borrerorik zitalenak). Zer aurkitzen da termino horren azpian aztertuz gero? Lehenik, primitiboek ahoarekin pentsatzen dutela; hau da, mintzoarekin. Zibilizatuek, berriz, ahoa buruarekin gidatzen dute; hau da, mintzoa idazkerarekin. Hala bada, ahozko kultura, ahozko idazkera edo ahozko literatura esaten denean, jatorrizko herriek idazten ez jakin arren, idazkeraren ordezkoren bat edo dutela iradokitzen da. Eta ordezkoa, noski, liburuaren konparatuta kaskarra da. Etxean ibiltzeko bai, baina mundu osoan zehar ez. Ez ote dio gauza bera Atxagak? Jende xumea dibertitzeko bai, baina ideia unibertsalak eta eternalak adierazteko ez. Eta harrigarriena da, bertsozale askok, zibilizatuen erretorikaren mende, halaxe pentsatzen dutela. Laburtuz, jatorrizko herriek ahoa bazuten/badute, jakina, baina burua ere bai; hau da, mintzoa bazuten, baina idazkera ere bai. Jatorrizko gizon-emakumeak ez ziren/ez dira (haurrei edo emakumeei buruz ere pentsatzen den bezala) gizon-emakume inperfektuak. Jatorrizko gizon-emakumeak ziren eta dira – haurrak eta emakumeak bezala – osoak eta perfektuak.

Bigarren tesia: bertsolarien idazkera “idazleenaz” bestelakoa da. Bertsolarien idazkeraren euskarria sistema akustikoa da (besteak beste, garun-azal akustikoa). Eta sistema horri esker formak atzeman eta landu ditzakete. Eta formak atzeman eta lantzeko ahalmena da, hain zuzen, idazkeraren bereizgarria. Idazkera grafikoaren euskarria, berriz, sistema optikoa (besteak beste, garun-azal optikoa). Horrek esan nahi du gure belarriek nahiz gure begiek prestatuta daude formak atzemateko eta gure garuna forma horiek lantzeko. Nolabait esateko, gure belarriek eta gure begiek idazten dakite. Eta nola ikasten dute idazten Helen Keller bezalako itsuak eta gorrak? Eskuen bidez, hain zuzen. Izan ere, eta hori da miragarriena, gure eskuek ere idazteko ahalmena dute. Are gehiago esango nuke, sistema optiko eta akustikoaren oinarrian eskua dago. Hala bada, jatorrizko herrien eta bertsolarien idazkerari dagokion izena ez da ahozko idazkera edo halakoak, idazkera akustikoa edo soinu idazkera ordea. “Ahozko idazkera” esatea ez da zuzena.

Giza ahotsa idazkeraren eta mintzoaren arteko elkartzeak sortzen du. Hala bada, ez dago giza ahotsik idazkerarik gabe; ez dago, bada, ahozkotasunik idazkerarik gabe. Idazkera bakoitzak bere ahozkotasuna – ahots guztien multzoa – sortzen du eta idazkera bakoitzak ahotsa sortzeko bere mekanismoak ditu. Idazkera grafikoak bere ahozkotasuna sortzen du. Eskola, eliza, parlamentua… da zibilizatuen ahozkotasunak sortzeko mekanismoak (sarea, adibidez, idazkera grafikoaren oso forma sofistikatua da. Sareak sortzen duen ahozkotasuna ere oso berezia da; haien berezitasunaren artean gezurra eta manipulazioa zabaltzeko oso aproposa izatea da. Gorputzik gabeko ahozkotasuna da, eta horregatik eldarnio mota asko eragiten ditu ). Idazkera akustikoak, berriz, jatorrizko herrien ahozkotasuna egiten du. Jaia da ahozkotasun hori azalarazteko mekanismoa.

Horren arabera, ez du zentzurik idazkerarik gabeko ahozkotasunen bat dela esateak. Giza ahots ororen azpian beti idazkera mota bat aurkituko dugu. Horregatik ahozkotasun bakoitzaren ezaugarriak ezagutzeko, aztertu behar da zein idazkera mota eta zein ekoizpen mekanismo erabiltzen diren ahozkotasun hori sortzeko.

Hirugarren tesia: Soinu idazkera ez da idazkera grafikoaren ordezko (kaskar) bat; aitzitik, ordezkaezina da, berezko funtzioa du eta. Hala bada, idazkera grafikoak inoiz ezin du akustikoa ordezkatu. Frazerren teoriaren kontra, soinu idazkerak (mitoak) ez du egiten modu kaskarrean idazkera grafikoak (zientziak) hobeto egiten duena, bakoitzak eragiteko era ezberdina du eta. Halaber, teoria erromantikoek aldarrikatzen dutenaren kontra, okerra da esatea idazkera grafikoa baita hari loturiko egitura sozialak eta politikoak ere aurrekoen usteltzea eta endekapena baino ez direla. Bi idazkerak ezinbestekoak dira gizarte konplexua sortzeko. Egia da, eta hori ere kontuan hartu behar da, bakteriak zelula anitzeko organismorik gabe biziraun daitezkeen bezala, jatorrizko herriek ere gizarte zibilizaturik gabe bizi direla eta, horiek desagertu arren, bizirik eta zutik jarraitu lezaketela. Alderantzizkoa, ordea, ezin da baieztatu (maila biologikoan, behintzat. Bakteria guztiak ezabatuz gero, organismo handien bizitza ezinezkoa litzateke). Horregatik biziraupen ikuspegitik, jatorrizko herriek, euskaldunon komunitateak alegia, Estatuaren aurretik lehentasuna dute.

Idazkera grafikoa Estatuarekin — zentzu zabalean harturik — loturik dago; hau da, hierarkia, jabetza eta boterearekin (eta denboraren poderioz, diruarekin eta indibidualismoarekin). Bertso idazkera, ordea, jatorrizko komunitate horizontalarekin. Idazkera horri komunitate sena eta elkartasuna atxikirik daude baita lurrean itsatsita ere. Idazkera hori galduz gero komunitate sena ere zapuztuko litzateke. Horregatik aurreko atalean “bertsolariak desagertuz gero edo, Estatuaren distirak itsuturik ustelduz gero, euskaldunok ere desagertuko ginatekeela” esan nuen. Euskaldunok bizirik irauteko Estatu bat behar dugu, horretaz ez dut zalantzarik, baina komunitate sena galduz gero, eta euskaldunon komunitatea osatzen ez badugu, alferrik izango dira gure borroka politika guztiak eta gure Estatu guztiak. Edo, are okerrago, gure Estatu zaletasuna estatalismo itsua eta ankerra bihurtuko da. Kontuz estatalista ezjakin eta fanatikoekin!

Korolarioa:

Komunitate konplexu baten identitatea bi idazkerak sortzen dute. Komunitate horren oreka eta egonkortasuna bi idazkeren arteko erlazioen arabera garatuko da. Historian zehar hainbat estrategia garatu dira bi idazkeren arteko oreka eusteko. Judaismoa, adibidez, oso estrategia berritzailea izan zen bi idazkeren arteko oreka gordetzeko. Oreka hori, lehen azaldu dudanez, kristautasunak apurtu zuen. Handik aurrera idazkera grafikoaren nagusitasuna nagusikeria bilakatu zen. Ondorioak nabariak dira. Ez naiz sartuko balorazioetan, baina, balorazioak balorazio, garbi dago kristautasunak urratutako bideak nazio handientzat diseinatuta daudela. Sistema horretan, zeinean idazkera grafikoak akustikoa erasotzen eta txikitzen duen, gurea bezalako herriak — saharauiak burura datozkit — desagertzera kondenaturik daude.

Horregatik bizirik iraun nahi badugu, esku batekin gure Estatua sortu, eta bestearekin, bertsolarien inguruan, euskaldunon komunitatea osatu eta sendotu behar dugu.

Oharra: Idatzi luze eta astun honek iruzkinen bat merezi badu, zergatik ez egin bertsotan?

FILOSOFO OHIA