Zer partekatzen dute PAIk eta 155 artikuluak?
Zer partekatzen dute PAIk eta 155 artikuluak? –
Bereziki “oparoa” izan zen Yolanda Barcina Nafarroako lehendakaritzan egon zen legealdia. Horrela, 2013. urteko udazkenean, zabaldu zuten eskuineko komunikabideek ustez Guardia Zibilak eginiko txosten bat, eta bertan esaten zen Nafarroako D ereduko irakasleen % 5ek harreman zuzena zuela ETArekin eta % 25ek haren inguruarekin. Oroitu behar da garai horretako liburu debekatuen zerrenda Euskal Herriko mapak edukitzeagatik. Eskuindarren iritziz ikasleak arrisku handian zeuden eta egoera konpontzeko neurriak hartu behar ziren; ingurumari horretan Barcinak adierazpen ospetsu batzuk egin zituen: Hezkuntza Departamentua ingelesezko irakaskuntza eskaintzen ari zela euskarazko eskariari aurre egiteko.
Hortaz, garbi ikusten dugu lotura: alde batetik erasotzen dira irakasle euskaldunak eta, bestetik, PAIko eskaintza handitzen da. Kontuan hartu behar dugu 2011-15 legealdian eskaintza hori hirukoiztu zela, 28 ikastetxe izatetik 90 izatera igaro zirela. Baina hori ez zen bakarrik Nafarroan jazo; Balearretan, adibidez, hiruelatasun Dekretua ezartzen saiatu zen bertako PPko Gobernua 2014-15 ikasturtean, katalanaren bidezko irakaskuntza izugarri jaisteko. Horrela, saio gehienak katalanez izatetik pasatuko ziren heren batera eta hemen, berriz ere, ingelesa aitzakiatzat harturik. Zorionez, jendartea biziki mobilizatu zen Dekretuaren aurka eta lortu zuten gelditzea. Hurrengo urtean, aldaketako gobernuak bertan behera utzi zuen. Nafarroan, alabaina, ez da berdin gertatu PAIrekin; aitzitik, are gehiago hedatu da, eta ez da abiarazi laukoak agindutako programa eleaniztun berria.
Aurten ere arazoak egon dira Valentzian, hango Hezkuntza Departamentua saiatu baita beste eleaniztasun dekretua ezartzen, non lehentasuna ematen zitzaion katalanari, eta Auzitegi Gorenak ez du onetsi. Horrela, ikusten dugu zein den Estatu Espainarreko eskuin neofrankistaren estrategia, bertako hizkuntzetan ematen den irakaskuntza kriminalizatu, esanez irakasleak terroristak edo nazionalista erradikalak direla eta, bestalde, ingelesa bidezko irakaskuntza eskaini, hizkuntza berekia okerrago edo batere ez ikasteko.
Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren bultzatzaileek azpimarratu dute Kataluniako eskola publikoaren errua indepentismoaren gorakadan, eta asmoa azaldu dute errotik aldatzeko. Orain arte, ahalegindu dira gaztelaniazko ereduak zabaltzen Kataluniako eskoletan, auzitegietako epaien bitartez, baina oso arrakasta txikia izan dute. Orain, artikulu horrekin aukera paregabea igartzen dute PP eta Ciudadanos alderdiek hainbatetan proposatu dutena gauzatzeko.
Errepresio bortitzari ekin diote Katalunian: Gobernu zilegiaren gehiena atxiloturik dago Madrilen eta, gainerakoa, erbesteratua Bruselan eta, jadanik, irakasleak hasi dira zapalkuntza pairatzen: Seu d´Urgell-eko hiru eskolatako zortzi irakasle deitu dituzte deklaratzera epaitegian, beraien geletan urriaren 1eko erreferundumean pasatutakoa jorratzeagatik. Era berean, UPNk eta PPk mehatxatu dute euskal gizartea 155. artikuluarekin.
Badirudi laster hasiko direla, berriz ere, irakasle euskaldunen kontra.
Esan eta esan gabiltza Katalunia eta euskal Herria zeinen desberdinan diren, ustezko konfor-egoera justifikateko. Aitzitik, PPrentzat (estatuarentzat) arazoa bera da eta ondorioz errezeta ere berbera harako eta honerako.
[…] Zer partekatzen dute PAIk eta 155 artikuluak? […]