Zer da El Pais eta…?
Zer da El Pais eta…?
Agian, praktikan eta praktikotasunagatik onartu behar da hedabide batek adierazpen eta informazio eskubidea izatea. Baina erabat onartezina da enpresa horrek eskubideon erabilera okerraz gizarteari eragin nahi izatea helburu politiko orokorrak lortzeko. Bestela, komunikabideek mezulari izateari utzi eta eragile dira, herritar, alderdi politiko, sindikatu, enpresarien elkarte eta abarren gisa; horrela, komunikabideak ez dira komunikabide. Arazoa da, noski, ez dutela mozorroa kendu nahi.
Adierazpen eta informazio eskubideak norbakoarenak dira eta berari dagozkio, iritziak eta informazioak zabaltzeko zein jasotzeko erabiltzen duen baliabidea erabiltzen duela, bakarrik ala giza taldean gauzaturik, eta muga bakarra beste oinarrizko eskubideen errespetua dute. Baina iritzia eta informazioa bereizteak zalantzak sortu izan ditu beti, ba ote dagoen iritzirik gabeko informaziorik.
Esan liteke, bereiztea ezinezkoa denez, bata bestearen esanetara jarri behar dela kasuz kasu, bietako zein lehenesten den ezin argiago adieraziz: zein da lehen helburua, iritzia ematea edo informatzea? Biak zilegiak dira, baina argitu behar da, eskubide hauek bi alde dituztelako: aktiboa batetik, iritzia edo informazioa zabaltzea; eta pasiboa bestetik, jasotzea. Horrela jokatu ohi du hurkoarekin zintzoa den orok, eta solaskidea nahasteko arriskua dagoenean hizkuntza modalizatzen du: “nire ustez”, “nire iritzia da”, “erositako prezioan saldu dizut”… Bestela, solaskideak kargu hartuko dio, ez zaio engainatua izatea gustatuko, manipulatua, bere eskubidea urraturik sentitzen duelako. Eta, jakina, horrela jokatu beharko luke giza talde orok ere, taldeak ematen duen anonimotasun erosoa gorabehera.
Teoria argia da, baina historiak esaten digu eskubideon aitortza komunikabideekin estu loturik gertatu zela, hau da, iritziak eta informazioak zabaltzen zituzten enpresa pribatuekin, kasu gehien-gehienetan ideologia baten mesedetan. Pentsa liteke komunikabideek herritarren eskubide pasiboa ahalbideratzen dutela, beraiei esker iritziak eta informazioak jasotzen baitituzte. Horixe da aitzakia.
Baina komunikabideek eskubideok bereganatzen dituztenean, zalantza sortzen da: enpresa bat, pribatua zein publikoa izan, ba al da eskubide hauen jabea? Eztabaidak soka luzea dakar. Bien bitartean, komunikabideek baiezkoan jokatzen dute, eta ez dute lotsarik ezagutzen iritziak eta informazioak maneiatzen.
Kasurik argienetako bat egunkarietako editorial atalaren endekatzea da: iritzia eta informazioa bereizteko eta kazetarien objektibitatea babesteko zuzendariak bere gain hartzen zuen atala zen, baina gaur egun izate anonimo batek begiz jo eta gustuko ez duen oro fiskalizatzeko erabiltzen du, goizero Sinai menditik jaitsitako mandamendu taula balitz bezala; eta mandamenduak bezala, sinatu gabe, Jainkoak sinatu beharrik ez duelako.
Eta larriagoa da editorialari bidea zabaltzeko, aurretik informazioak asmatuz edota sasi-informazioak emanez bazterreko hautsa harrotzen denean: lelo berberarekin egunak joan egunak etorri jarduten Aditz Sakratuaren beharra sortzeko. Esan nahi baita, askotan lehendabizi informazioa harrien azpian bilatzen (asmatzen) dela, gero, editorialaren beharra sortzeko. Herritar zintzoak asaldatzen dira, pulpitutik justizia eskatzen da eta, azkenean, eskatutako neurriak hartzen dituzte agintariek. Hori manipulazioa da, helburuak helburu, kontzientziatik zilegiak uste badira ere: abortua onartzea/debekatzea, Gobernuaren politika ekonomikoa aldatzea, nazioarteko gehiegikeriak salatzea, Espainaren unitatea babestea, ETA garaitzea… Manipulazioa ez da zilegia, esan bezala, helburuzintzo eta etikoa lortzeko bada ere.
Agian, praktikan eta praktikotasunagatik onartu behar da hedabide batek adierazpen eta informazio eskubidea izatea (erabiltzea), legeak enpresei onartzen dien izaera juridikoak inolako adimenik ematen ez badu ere. Baina erabat onartezina da enpresa horrek, iritzia sortze hutsetik harago, eskubideon erabilera okerraz gizarteari eta agintariei eragin nahi izatea helburu politikoak lortzeko. Bestela, komunikabideek mezulari izateari utzi eta eragile dira, herritar, alderdi politiko, sindikatu, enpresarien elkarte eta abarren gisa; horrela, komunikabideak ez dira komunikabide. Arazoa da, noski, ez dutela mozorroa kendu nahi.
Pentsaezina izango litzateke, esaterako, telefono enpresa batek Gobernuari Bilduren ilegalizazioa eskatzea. Muturreko adibidea da, baina martxa honetan agian ikusi egingo dugu. Nolanahi ere, hedabideen aldetik eskubideon erabilera onargarriaren eta okerraren arteko muga ez da argia, ea noiz den zilegi. Argudio juridikoetatik alderduta, esango nuke hemen ere demaseko alde kuantitatiboa alde kualitatiboa dela, hortxe dagoela gakoa, ez baitaude maila berean, adibidez, Murdoch-en inperio ekonomikoa eta alkateari kritika egiten dion herri aldizkaria. Lehenak botere handia dauka, handiegia, agintariei eragiteko (agintzeko) benetako ahalmena; eta, gainera, adierazpen eskubideari esker, ona eta txarra bereizteko eskubidea. Gaur egungoa ere bai, baina batez ere beste garai bateko Eliza ekartzen du gogora.
Eta, hala ere, kasu gehien-gehienetan profanoagoa da eztabaida: kontzientziatik oker jokatzen duenak hurbilago dauka barkamena diru eta botere gosetik jokatzen duenak baino, dela Venezula, Txile zein Argentinako agintarien kontra, dela Euskal Herriaren kontra egunero egurra ematen. Noski, enpresek dirua irabazi nahi dute, horixe dute helburu nagusia, eta agintarien aldetik “mesedea” lortzen ez dutenean kexu dira: denak ohiko presio zilegi edota ez hain zilegiren bidez; hedabideak, editorialen bidez, gainera.
Gurean, tamalez, ez da kasu bakarra, horixe baita ohikoena, baina oraingoan PRISA taldea daukat buruan, El Pais egunkaria, gure Murdoch: kontzientziatik gogoz, baina interes ekonomiko eta enpresarial hutsengatik egiten dituen kanpaina mediatikoek goragalea ematen dutelako. Progresismoaren eta kazetaritza objektiboaren mozorroak ematen du goragalea.
Oharra: hasierako testua osatu dut, nire ustez, ez baitzen ongi azaltzen ideia.
Estatuan bada arazo larri bat: eskuinaren izaera sakonki antidemokratikoa. Hedabideei dagokienez, eskuinaren hedabideen benetako kaltea hauxe da, haien ondoan oso erraza dela “progresista”, “ezkertiarra” etab. izatea. Azken buruan, “La Razón”, “ABC” edo “Intereconomía” euren parrokiari mintzo zaizkio (bestelako kontua dira Telemadrid edo Valentziako Canal9, hedabide publikoak izanik, herritar guztien zergekin horniturik, egunero aurreneko eguneko euren markak hausten baitituzte, baina hantxetik datorkie zigorra: ETBrekin lehia bizian dabiltza, ea nork galtzen dituen ikusle gehien…). Halatan, askotan aski da gizarte-gai jakin batzuen aurrean sinpatiko gisa agertzea(sexu berekoen ezkontzen aurrean, kasu) progresismoaren martxamoa lortzeko. “El diario independiente de la mañana” izatetik “El periódico global en español” izatera igaro den berripaper hori (to apaltasuna!) halako espaniartasun militante eta oldarkor baten bozeramailea izan da eta da. Adibidez, bera izan da gaztelaniadunen biderkatze miresgarriaren egilea, J.C. Moreno maisuak frogatu zuenez. Gaztelaniak 325-340 miloi hiztun dauzka (kalkulua egitea ez da batere erraza), baina El Pais-ek ez du inoiz burua haustu kopuru “zehatza” ateratzeko: duela hamar bat urte, 400 milioi kalkulatu zizkion, eta orain 500 miloi omen ditu. Ez ahaztu El Pais-en bultzatzaile nagusia Ortega y Gasset ultraespainiarraren semea izan zela…
P.S.: Gaur, idatzitakoaren adibide ezin argiagoa dugu: Garitanok Kataluniako atentatuei buruz hitz egin zuenetik ia astebetera, egunotan egunero horren kontura albistea atera ondoren baina inolako ekarpenik egin gabe, El Paisek editoriala atera du pontifikatzeko.
http://www.elpais.com/articulo/opinion/Garitano/preconciliar/elpepiopi/20110825elpepiopi_3/Tes