Mutrikuko portuaren itxura berria

2003an proiektuaren txostena aurkeztu zenetik hamaika buruhauste izan ditu Mutrikuko portuaren proiektu bereziak. Dagoeneko, ia amaitu dute. Hala ere, ez da hasiera batean Jaurlaritzak egin asmo zuen sekulako kanpo kaia izango. Hala ere, Mutrikuko itsasertzearen itxura zeharo aldatu da.

Uztailean eman zioten argi berdea Mutrikuko kanpo kaiko izar berriari: olatuen indarraz energia sortzen duen planta, gisa horretako hirugarrena Europan. Horrez gain, harea finezko hondartza berria ere estreinatu ahal izan dute udaran mutrikutarrek. Zumaiatik ekarri duten hondarra, ordura arte Mutrikun zeuden harri koskorren aldean fin-fina. Horrez gain, herrian hain maitatua den aspaldiko igerileku naturalaz gain, beste bat sortu berri dute, zertxobait handiagoa. Mareak gora egin ahala urez gainezka egiten du igerilekuak, eta marea behean denean igerirako bare-bare izaten da.

Horiexek mutrikutar gehienek gozatuko dituzten ekipamendu berriak. Arrantzale eta aisialdirako txalupak dituztenek ere portura sartzeko lasaitasun gehiago izango dute, izan ere ur-korronteak eta olatuak leundu egin ditu. Hala behar du izan behintzat.

Izan behar zena

2003an Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak publikatutako proiektuaren txostenak askoz ere urrutirago nahi zuen joan. Babes dikeak handiagoa behar zuen izan, eta, batez ere, kanpo kaia sortzea nahi zuen Eusko Jaurlaritzak.  Merkataritzarako edo arrantzarako kaia izango zela iragarri bazuten ere, aurkakoek argi zuten asmoa: kirol portua egitea.

Herriko zenbait elkarte eta alderdik gogor egin zuten proiektuaren aurka. Batik bat, zentzurik ikusten ez ziotelako portua handitzeari noiz eta Mutrikun inoiz baino arrantza itsasontzia gutxiago dagoenean. Proiektuak herrian izango zuen eragina dela eta,  galdeketa egitea ere eskatu zuten behin eta berriz.

Nolako amaiera izango zuen jakin gabe hasi ziren eraikuntza lanak 2006an. Bidean, ordea, oztopoak ez ziren baretu. Txosten ekologiko egokiak ez zirela egin eta salaketa jarri zuten Mutrikuko Hobetu Leike, Natur Taldeak eta Lur Maiteak. Horrez gain, prebarikazio susmoak ere gainean izan ziren. Hala, epaiketa prozesuaren gorabeherez gain, itsasoaren indarra jasan behar izan zuten murru berriek. Arrakalak eta suntsiketak izan ziren kanpo dikean eta gastuak hazi egin ziren. Hala, hasiera bateko 23 milioiko aurrekontua luze gainditu zuten.

2009rako lanak geldituta zeuden. PSEren gobernuak ahal bezain laster amaitzeko erabakia hartu zuen, dirua aurrezteko. Atzera eta aurrera egin ostean, kanpo dikea amaitzeko data urte amaierarako jarri dute.

Zer duzu buruan “Mutrikuko portuaren itxura berria”-ri buruz