Zenbait iritzi Kooperatibei eta kooperatibismoari buruz (2/x)
Zenbait iritzi Kooperatibei eta kooperatibismoari buruz (2/x) –
Ibilaldi luze baten buruan, egoera berriari aurrean zer da berri?
Espainiako gerla zibilaren ondoren, harek eragin mota guzitako desmasiengatik miseria latza zegoen Euskal herri ja guzian. Urgentzia gorria zen enpresak sortzea lana emaiteko eta populuaren oinarrizko premiak betetzeko.
Oroitu behar gara garai hartan borroka ideologikoa nagusiki zentratatua zela ekoizpen baliabideen jabegoaren gainean: sinplifikatuz, eia jabego hori izan behar zen estatu sozialistarena edo burgesiarena? Arizmendiarretak, orduan, proposatu nahi izan zuen beste jabego mota bat, ez perfektua baina posible delarik hobea, kooperatiba bakoitzaren langileen jabego kolektiboa, alegia. Arrazoizkoa zen ene ustez, zeren lehenak jadaniko nabarmen erakutsi baitzuen ez zuela langileen alienazioa zorigaitzez demendren ezeztatzea lortu, eta bigarrenak, alienazio horretaz gainera, eremaiten ari baigintuen gure ludiko muturreko mugatik hurbiltzen ari den ekonomia liberal globalizatu honetara.
Euskal herri garaitu eta zapaldu horretan, orduko kristautasun sozialak inspiratua eta politikoki neutroa zen Arizmendiarretaren pentsakera eta metodoa ordurako aproposak ziratekeen eta, seguraz ere, horrela agertu zitzaien populu lehertuari. Alta hastapenak zinez gogorrak izan ziren. Izan ere, sorkuntzetan ja beti bezala, nunbait, kapital metaketa berri bat derrigorrez egin beharra zen. Frakaso, konponbide politiko eta injustizia kondenagarri batzuk ere izan ziren aidanez. Ez da desenkusa bat baina nun ote horrelakorik ez da? Hala ta guziz ere, egia erran, ez dakit «hirugarren bide» horretaz beste biderik zegoen ere ezagututako sistema sozial-estatalistaren edo kapitalismo klasikoaren bideak hartu nahi ez zituztenentzat.
Bada datu biziki inportante bat, hau da, kooperatibeen hastapena eta lehen hamarkadetako jardunak gertatu zirela Espainiako merkatua Francoren estatuak hetsia edo babestua zuen ekonomia batean. (Artetik erraiteko guk Iparraldean zorte hori ez ginuen ezagutu, aitzitik Hegoaldearena sofritu baizik) Gero transitzio garai bat izan zen Europako merkatua integratu baino lehen. Bi denboraldi horiek zorteak izan ziren zeren eta gero Eeuskal herriko baita Espainiako enpresek ere esfortzu handia egin behar izan baitzuten Europako lehenik eta, geroxago mundu guziko enpresekin lehian prest izaiteko. Ene ustez, eraginkortasuna lortu nahian, urgentzia eta erraztasunagatik, kooperatibek mimetismo-fenomeno ohiko batean, arlo kapitalisteko enpresa lehiakideen ideia, metodo eta portaera anitz adoptatu zituzten; baina «ordurako Arizmendiarrieta hila zen jada», aurreko atalean aipatutako koopertatiba-erosle potente eta pragmatiko horrek erranen zukeen bezala ; eta ez dugu sekula jakinen, Arizmendiarrieta gehiago bizi izan balitz, zer pentsatuko zukeen eboluzio horretaz, eia horren aurrean asmatuko ote zuen bere pentsakera ekonomikoa eta soziala nola egokitu eta garatu.
Arizmendiarrietaren eta MCCko taldearen ekarpena ebaluatzeko orduan, ez nintzateke Txikiteroa bezain erradikalki ezkorra izango eta orai arte entseiatu naiz esplikatzen zergatik. Gainera, denok badugu joera naturala gaurko begiekin jujatzeko XX. mendearen erdiko begiak -nahiz zorrotz eta aurrekariak- izan zituen Arizmendiarrieta gure pertsonaia. Ezkortasun edo baikortasun gehiegizko posturek, biek ala biek, debatea blokatzeko eta hausnarketa antzutzeko arrisku handia dakarte eta.
Baina, gaur, gure enpresak, kooperatibak barne, merkatu mundial eta libre batean murgilduak dira, kapitalaren metaketa ezinbestekoaren mekanismo itsuak kontsumo-garapen infinitu batera eremaiten gaitu, beraz gehienak ez eiki gara gose hamilkatuak XX. mendekoak bezala, eta normal denez gizartea ez dabil korrika lanaren ondotik lehen bezala. Horregatik etorkinen beharra herritarrek nahi ez duten anitz lanpostu betetzeko. Gure herrietan behintzat, lanari dagokionez, gizaki modernoaren exigentziak asko handitu egin dira. Ez ordea beti lan-harremanen eta parte hartzearen iraultza kalitatibo erradikal baten alde baizik eta soldaten handitzearen eta lan orduen murrizketaren alde. Horra, asko eta sobera laburtu eta sinplifikatuta, zenbait konstatapen erakusteko, Arizmendiarrietaren garaiarekin alderatuta, zenbaiteraino aldatu egin den gure garaia baita gu ere harekin batera. Gainera, bada datu bat azpimarratu beharra: makur ez banaiz, MCC taldea orokorrean beti oparo eta sendoa izan arren, lanpostu eta kooperatiba berriak sortzeko makina eraginkor famatu horrek aspaldi honetan nahikoa matxuratuta dirudi.
Horregatik, hemen gauden puntuan, eztabaida abiapuntutzat, Gontzali eta beste guziei berriro botako nieke galdera bera eia Arizmendiarrietaren pentsakera sozial eta ekonomikoa mundu berriari, batez ere globalizioari eta gure gizartearen premiei egokitua izan ote zen sekula (alta, munduan barna hainbat pentsalari jardun dira ekonomia filosofia sakontzen baita forma berriak esperimentatzen ere).
Momentuz ez naiz jakinean eta horren berri jakin nahi nuke hirugarren atal batean ausartu baino lehen.
Zenbait iritzi Kooperatibei eta kooperatibismoari buruz (1/x)