Zeinek erre nahi ditu hondakinak? (3)

NDA2MA==

Hara zer dioen ISRk bere buruaz: «Gizartearekin elkarrizketa, komunikabideekin konplizitatea eta komunitate zientifikoarekin dituen pribilegiozko harremanak dira ISR-ren identitate ezaugarriak. Horrek industriarentzako tresna bihurtzen du fundazioa eta erreferente garrantzitsua da joera berriei buruzko eztabaida gardenagoa eta demokratikoagoa izan dadin». Hiru jarduera esparru hartzen ditu fundazioak: «Kutsadura kontrolatuz ingurumena babestea, hondakinen kudeaketan praktikak hobetzea eta baliabideen kontserbazio arrazionala».

Hondakinei dagokionez, saltsa guztietako perrexila da ISR. 2002an sortu zen fundazioa, baina historia zaharragoa du: 1993an sortu zen CER(3) Hondakinen Espainiako Klubean du sorburua, ernamuina. CERen bilakaeraren ondorio logikoa izan zen ISR sortzea, eta azken horrek estatutuetan jaso zuen CER berariazko kide izango zela fundazioan —Interneten ere agertzen dute batasun hori, www.isrcer.org helbidea baitu erakundearen webguneak—. Fundazioa eta kluba, biak aitzindari eta eragile izan dira Iberiako penintsulan hondakinak erraustearen aldeko politikak sustatzen, «elkarrizketa», «konplizitatea» eta «pribilegiozko harremanak» erabiliz. Ez, soilik, hondakinak kudeatzeko ardurak dituztenen artean; industriari ere erakutsi diote hondakinak erraustearen bide onuraz betea. CERek ikerketa bat argitaratu zuen 2001eko irailean, Europako hondakinen kudeaketari zementuaren industriak egin diezaiokeen ekarpena(4) izenekoa. «Kostuen aldetik, agerikoa da hondakinak erregai bezala erabiltzeak produkzio kostu totalak murriztea ekartzen duela; enpresarentzat, traba izatetik urrun, pizgarri bat da, are gehiago hondakinak kudeatzeagatik prezio bat kobratzen bada».

Aipatu txosteneko esaldi horretan ageri denez, CER izan da zementuaren industriari hondakinak erretzeko bidea erakutsi dion eragileetako bat. Zerrenda interesgarri bat ere eman zuen ikerketa hartan, zeintzuk ziren indar kalorifiko gehien zuten erregaiak(5), eta zehaztasun garrantzitsuak eman zizkien hondakinak erretzen hasi nahi zuten zementu enpresei:

Zementu planten helburu printzipalena ahalik eta kalitate gehien eta kostu gutxien izango duen zementua fabrikatzea da, ez hondakinen kudeatzaile izatea. Hala ere, kostuak murrizteko eta komunitateari zerbitzu bat emateko zerbitzuaren barruan, aukera bat sortu da hondakin kudeatzaile bihurtzeko, baita hondakin arriskutsuen kudeatzaile ere (…).

Orain, gomendagarria ematen du hondakinak atzeman, bildu, identifikatu, sailkatu eta prestatzeko lana hondakinen kudeaketan adituak direnei uzteak. Horrela, tarteko figura bat sortzen da: hondakinak prestatzeko plantak. Xede hauek dituzte planta horiek:

  • Hondakin jakin batzuk era egokian kudeatzea.
  • Zementu enpresek erabiltzeko modukoak diren hondakinak bildu, identifikatu eta metatzea.
  • Erregai alternatibo gisa erabili ahal izango diren hondakinen nahasketa bat egitea (…).
  • Labe bakoitzerako partida berezituak prestatzea.

Hiri hondakinekin RDF(6) hondakinetatik eratorritako fuela sor liteke; hitz lauz esanda, hiri hondakinetatik eratorritako erregaia. Hondakinak tratatzeko plantetan, hiri hondakinak bereizi, indar kalorifikoaren arabera multzokatu, hezetasuna kendu, eta trinkotu egiten dira, «balioztatzeko» propio prestatutako pakete gisakoak sortzeko, zementuaren industriak bere labeetan erre ditzan. Hori da RDF, eta hori zer den CERek azaldu dio zementuaren industriari.

Gipuzkoan behintzat jarraitzaileak izan ditu RDFa sortzeko proposamen horrek, nahiz eta azken urteetan bide hori baztertu samar dagoen —Nafarroako hondakinen kudeaketa planak ere baztertu egin du aukera hori berriki, erregai horren salmenta bermatzeko eskaria ziurtatu behar dela argudiatuta—. Sasieta Mankomunitateak, Goierriko (Gipuzkoa) hondakinak bildu eta tratatzen dituen udalez gaindiko erakunde publikoak, deialdia egin zuen 2000 urteko maiatzean. Hitzez hitz, honela zehaztu zuen mankomunitateak deialdia: «Legazpiko ontzi arinak bereizi eta sailkatzeko plantan baztertutako hondakinetatik eratorritako erregaia, edo berreskuratutako erregaia, erabilita, [zementu fabriketako] clinker labeetan balioztatze energetikoa egiteko esperientzia pilotu bat burutzeko kontratua». 2000ko uztailaren 19an, DPA Desarrollo y Proteccion Ambiental SL enpresari, Xabier Garmendiak sortutako horri, esleitu zitzaion lehiaketa. 108.898,59 euroko aurrekontua zuen proiektua diseinatzeko lanak, eta sei hilabete eman zizkioten proiektua aurkezteko. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren lehiaketaren deialdia eta esleipenaren jakinarazpena; esperimentu pilotuari buruzko beste informaziorik ez da ageri aldizkarian.

CER hondakinetatik eratorritako erregaiei buruzko ikerketa hura egiten ari zen bitartean, eta Sasieta Mankomunitateak esperientzia pilotu hura abiatu zuen garai berean, hasi zen Gipuzkoako Foru Aldundia hiri hondakinen kudeaketa plana eztabaidatzen. Plan horretan ere eragin du ISRk, CERen ondorengoak: Foru Aldundiak topaketa itxi bat antolatu zuen 2004an, Miramar jauregian, Donostian, eta ekitaldira gomitatu zituen ISRko bi kide: Rafaello Casu eta Gerhard Vogel. CERen txostena irakurrita, eta Gipuzkoako hondakinen kudeaketa plana ezagututa, susma liteke bi lagun horien gomendioak zer-nolakoak izan ziren. Gainera, aspaldiko ezaguna da ISR diputazioan: instituzio publikoaren Prebentzio eta Kudeaketarako Behatokiak ISRk bildutako informazioa erabili ohi du. Eta Nafarroako hondakinen kudeaketa planari buruzko eztabaida guztia eta dokumentazio gehiena ISRk gidatu eta aurkeztu du. Espainian eta Herrialde Katalanetan ere gidatu ditu hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida prozesuak.

Deigarria ere ez da. ISR fundazioko bazkideen artean daude, besteak beste, Bilboko Udala eta Nafarroako Gobernua, Cementos Lemona, Endesa, Guascor, Hera Holding, Sigre, Sener, eta beste asko(7). Bizkaiko Foru Aldundiak ere elkarlan hitzarmen bat sinatu zuen ISR fundazioarekin, orain duela sei urte, eta Iosu Madariaga Ingurumen diputatua ordezkari izendatu zuen ISR-ren patronatuan(8). «ISR 1993an sortu zen, eta ingurumenaren alorrean jarduera zabala izan du, ezagutzaren eta hondakinen kudeaketaren planifikazioan batik-bat; kalitate profesionala ezaugarri orokor izan du, eta horrek prestigio handia eman dio nazioarte mailan», horrela arrazoitu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmena —ñabardura, egin beharrekoa da: 1993an sortu zena ez zen ISR, CER baizik—. Zementuaren eta energiaren industriekin zerikusi zuzen edo zeharkakoa duten beste pertsona batzuek ere harremanak dituzte ISR-rekin; Nicolas Gaminde Cementos Lemonako burua ISRko patronoa da, esaterako, Jose Ignacio Elorrieta ISR fundazioko bazkide eta Cementos Portland Valderribas taldeko Ingurumen arduraduna bezalaxe. FCC taldeko kideak dira biak, bide batez.

«Nahiz eta Europako araudiek ulertzen duten zabortegien eta erraustearen aurreko aukera izan behar duela birziklatzeak, gaur egun aukera hori ez da lehiakorra beste batzuen aldean». ISRk birziklatzeari buruzko konbentzioa antolatu zuen, 2004ko azaroaren 11n eta 12an, Barakaldoko BECen (Bizkaia), eta esaldi horrekin eman zuen aurkeztera topaketa. Esaldia irakurrita, begien bistakoa da ISRren target nagusia, publikoa, zein den. Konbentzioaren aurkezpen oharrak asko erakusten du, eta parte-hartzaileen zerrendak gehiago. Laguntzaileen artean agertzen dira enpresok: Cementos Lemona —babesleen artean lehendabizikoa agertzen da, ezkerrean eta goian—, Ecoembes, Bizkaiko Foru Aldundia, Vodafone, Trienekens, Cisimelec, Cicloplast, Tradebe, Sufi, Oficemen(9), Ecovidrio, Aspapel, Tetrapak, Cator, Reciclaer, Valorsul, Sigre eta diptikoaren Interneteko bertsioan ondo ikusten ez den beste bat. Enpresa batzuen asistentzia ulertzekoa da, baina zer egiten du Vodafonek zerrenda horretan(10)? Eta zementu enpresak, zergatik joaten dira birziklatzeari buruzko konbentzio batetara?

ISRk dozenaka txosten ekoizten ditu industria sektore ezberdinentzat, baita zementu industriarentzat ere. Santiago Palomino Guzman ISRko zuzendari teknikoak, esaterako, azterketa zuzendu zuen zementuaren industrian erregai fosilen ordezkoak erabiltzeko aukerei buruz. Cemento-Hormigón aldizkariak azterketaren laburpen hau eman du, aurten bertan:

Azterketa honen funtsezko helburua da balioztatuak izan daitezkeen hondakin tipo ezberdinen helburua ezagutzea. Batik-bat, berrerabiltzen edo birziklatzen ez diren eta egun, gehienbat, zabortegietan uzten diren hondakinak aztertu dira, eta zementu plantetan erabil ote litezkeen ere neurtu da. Clinker(12) labeetan energia sortzeko balioztatu daitekeen hondakinen zerrenda oso luzea da, erre litezkeen hondakin ia guztiak sar baitaitezke. Ez dira aztertu guztiak; dagoeneko kudeaketa azpiegitura zehatzak dituzten hondakinak aztertu dira, eta, orain edo denbora gutxi barru, deuseztatzeko beste bide batzuen aldean abantailak eskaintzen dituztenak ere aztertu dira. Azterketa honetatik ondorioztatzen da, zementu plantetan erabiliak izateko ahalmen handiena duten hondakin fluxuak direla hiri hondakinetatik deribatutako erregaiak. Horiek lortuko lirateke oraingo tratamendu plantetako errefusetatik; milioi bat tona baino gehiago dira, urtero, errefus horiek, eta zabortegietara eramaten dira egun.”

Zementuaren sektorean erregai fosilak aldatzea. Hondakinak botatzea gutxitzeko aukera(11) du izena Palominok zuzendutako ikerketak. ISRk seinalatu dio mauka gozoa zementuaren industriari: «Hiri hondakinetatik eratorritako erregaiak milioi bat tona baino gehiago dira». Hamar bat urte lehenago, CERek seinalatu zuen bide bera ibiltzen du ISRk. Baina ez da hori izan ISRk zementuaren industriarentzat egin duen ikerketa bakarra. Beste 30 bat elkarterekin batera, Oficemen eta ISR elkarlanean aritu dira @O2 izeneko proiektuan. Helburu hau aitortu dio ikerketari: «Enpresaren alorrean, negutegi efektuko gasen isuriak Kyotoko Protokoloak agindutakoa baino gehiago murriztea». ISRk 2009an eman zituen @O2 proiektuaren ondorioak, eta Cemento-Hormigón aldizkariak lau ideia hauetan laburtu zituen:

  • Energia berriztagarriak sustatzea.
  • Karbono hobiak ugaritzea.
  • Arautu gabeko industrian isurien komertzioa sustatzea.
  • Eta, nola ez, «hondakinetan dagoen energia gero eta gehiago, eta gero eta hobetoago, aprobetxatzea».

Beste ideia hau ere utzi zuen @O2 proiektuak: «[CO2 isuriak gutxitzeko] Beharrezko izango da egokitzapen teknologiko sakona egitea. Egokitzapen horrek ezin du oinarritu banakakoen ekintzetan [enpresek banaka egindakoetan, alegia]; erakunde pribatu eta publikoen arteko lan komuna beharko da, karbono gutxiko gizarterako trantsizioa ondo egin nahi bada». Irabaziak izan diren bitartean, kutsatzea libre izan da; ingurumenarekiko ardurak hartzeko garaia iritsi denean, ordea, instituzio publikoei «lan komuna» eskatu die industriak edo, haren izenean, ISRk, hondakin saltsa guztietako perrexilak.

(datorren asteartean jarraituko du)

(Zeinek erre nahi ditu hondakinak? (1): Hasteko)

(Zeinek erre nahi ditu hondakinak? (2): Itu bat bidean: Xabier Garmendia)

 

—————————-

(3) Club Español de los Residuos du berezko izena, gaztelaniaz.

(4) Contribución de la industria del cemento a la gestión de residuos en Europa, CER, 2001.

(5) Polietilenoaren eta petrolioaren atzetik, abereen grasak, mundruna eta kautxua dira indar kalorifiko handiena duten gaiak, baita erabilitako olioak, pneumatikoak, plastikoak eta ikatz klase batzuk ere. Haragi irinek indar ertaina dute, arropak eta egur lehorrak bezala. Lohiek, paper eta kartoiek eta hiri hondakinek indar kalorifiko txikia dute.

(6) Residue derived fuel, jatorrizko ingelesez.

(7) Argigarria da jakitea Sener dela Zabalgarbi errauste plantaren heren baten jabea.

(8) Iosu Madariaga, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari gisa, Zabalgarbiko presidente da 2009ko irailaz geroztik.

(9) Zementuaren Ofizialak da Oficemen, zementu enpresen patronala.

(10) Agerikoa da sakelako telefonoen ekoizleek arazo bat dutela sortutako hondakinekin. Iberiako penintsulan, pertsonak baina eskuko telefono gehiago daude dagoeneko. Arazo izan litezke gailu guzti horiek, edo baliabide bat. Hortik interesa.

(11) La sustitución de combustibles fósiles en el sector cementero. Oportunidad para reducir el vertido de residuos, jatorrizko gaztelaniaz.

(12) Labean kareharria, buztina eta burdin oxidoa 1.500 gradu zentigradu ingurutan kiskalita lortzen da clinkerra. Tarteko produktu bat da, ehotuta zementua egiteko erabiltzen dena.

Irudia | ISR mapan kokatua | zz | Creative Commons By SA

http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html

5 pentsamendu “Zeinek erre nahi ditu hondakinak? (3)”-ri buruz