PAPEREKO ZUZEU eskura duzu

Lehenik eta behin, beraz, eskerrik asko zuen 3 eurotxoak gastatuz, PAPEREKO ZUZEU erosi zenuten guztioi. Badakigu Durangoko Azokaren bueltan antolatutako banaketa bidea ez zela izan ohikoa, eta erraz-erraza ere ez zaiola gertatu jende askori aleren bat eskuratzea.

Orain, ordea, ez duzu estakururik, dela pdfan (hementxe azpian), dela paperekoan (ELKARen dendaren batean), errazki eskura dezakezu PAPEREKO ZUZEU. Musutruk.

Gainera, asteburuetan ZUZEU.COM digital honexetan joango gara paperean argitaratutako lanik gehienak ateratzen,  zuzeu etiketaren magalean bildurik.

Gaur Lander Garroren argazki eder bat dakargu paperekotik, Paris euripean seriekoa (egiozu klik ezker-gaineko erpinean eta ikusiko zein den ederra argazkia). Eta argitaratu genuen editorial moduko bat ere bai, Gure Aberria horizontala da izenekoa. Bertan laburbiltzen da ZuZeu albistari digitalaren espiritua.

NDExOA==

Gure aberria horizontala da.

Sarerako jaioak gara, baina paperean gatoz. Bai ote da paradoxa handiagorik?

Paperean egiten den kazetaritza gainbehera zetorrela eta, euskarazko informazio eta iritziarentzat bide berriak urratu beharrak bultzatu gintuen zuzeu.com sortzera. Hala aireratu ginen 2009. Urteko Apirilaren 14an. Denboratxoa pasatu da handik hona, paperak jarraitzen du eri baina desagertu gabe, eta geu ere hementxe gaude arnasestuka baina bizirik oraingoz. Ematen du elkarren ondoan egin beharreko trantsizio batera kondenatuta daudela biak hala biak, papera eta sarea.

Ezer ez da ziurra, ordea. Inork ez daki zehatz informazioarekin zer gertatu behar duen etorkizunean.  Gai horrexen inguruko erreportaje eta elkarrizketa bikain askoak aurkituko dituzu papereko ale honetan zehar: Kazetaritzaren zazpi bekatuak aztertu ditugu. Eta sareak euskaraz zer eskaintzen duen ere badakargu beste dossier batean. Baita beste gai aunitz ere, horixe baikenuen helburua, eduki desberdinez betetako aldizkaria egitea.

Papereko ZuZeu hau eskuetan hartzen duen edozein euskaldunek berarentzako moduko irakurgairen bat aurkituko duela uste dugu. Etengabe ahalegintzen gara horretan zuzeu.com albistarian. Hemen bezala han, saiatzen gara euskaldunon arteko sare proaktiboa ehuntzen eta gorpuzten. Geuk bezalaxe idatz eta argitara dezakezu zuk zeuk ere. Edo gutxienez iritzia eman edo zeuri bururatzen zaizuna. Zeuk nahi duzuna egiteko dago zuzeu.com , baita ixilik geratu eta  tribukideari bazter batetik begiratzeko ere. Geure txikian, kolore askotakoak baikara euskaldunok, zer gero.

Hortik aurrera jakin ezazu lagun andana ibili garela lanak denon artean banatu eta bakoitzak dakientxoa egiten. Dena esan behar bada, tartean sinadura handiak ere ikusiko dituzu Papereko ZuZeu honetarako berariaz idatzi dutenak, baina horrek baino gehiago pozten gaitu hainbeste gazte ikusteak inguruan, era guztietara laguntzen.

Zeu falta zara, ordea. Eta gu ezin bizi zeu tartean izan gabe. Papereko hau gustuko baduzu, zaude ziur sarekoa ere gustuko izango duzula orain arte milaka zuzeularik moduan. Ez duzu atea jo beharrik ere zuzeu.com zeure-zeurea duzu eta. Horixe esan nahi du horizontaltasuna hitzak guretzat: zeu gabe ezin dugu geu izan“.

 

PAPEREKO ZUZEU EGIN DUTENAK:

Argitaratzailea: Xoraturikan E.M. Industrialdea 17. Pabilioia 20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa

Zuzendaria: H. Etxeberria. Zuzendari-ordea: Mikel Lasa. Erredakzioa: Jon Benito, Ainara Gorostitzu, Izaskun Perez, Oier Aranzabal, Oihan Larrañaga, Iker Tubia, Irati Elizalde.

Aparteko lankidetza: Andreas eta Gudrun, Joseba Barandiaran , Javier Barrera, Joselu Blanco, Aleix Cuberes, Marie Darrieussecq, Joseba Derteano, Iñigo Fernández Ostolaza, Laura Ferrero, Gari Garaialde, Elixabete Garmendia, Lander Garro, Bertha Gaztelumendi, Drew Hammond, Asel Luzarraga , Mikel Mayi, Quim Monzó, Yolanda Mendiola, Mesamadero, Eider Rodriguez, Beñat Sarasola, Pedro Ugarte.

Maketazioa: Garbiñe Ubeda. Informatika: Joseba Karrikiri.

Argitaralpenaren kontzeptua: zuzeu.com albistari horizontala.

Kudeaketa eta salmenta: Digitalak zuzeu@digitalak.com

Inprimategia: Antza. Lasarte. Gipuzkoa

 

Hauxe duzu PAPEREKO ZUZEU, pdf formatuan.

NDExOQ==

Megaupload gunetik ere jaits dezakezu, hala nahi izatera.


Eman eta zabal ezazu

Irudia | Paris euripean | Lander Garro | Creative Commons By SA
Artxiboa | Eman eta zabal ezazu | Zuzeu.com | Creative Commons By SA
zuzeu
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

10 pentsamendu “PAPEREKO ZUZEU eskura duzu”-ri buruz

  • ZuZeu

    […] This post was mentioned on Twitter by Jozulin, Joseba Ezeiza. Joseba Ezeiza said: PAPEREKO ZUZEU eskura duzu: https://zuzeu.eus/2010/12/27/papereko-zuzeu-eskura-duzu/ […]

  • Gonzalo Etxague
    Gonzalo Etxague 2010-12-28 17:00

    Aurten ez naiz Durangora joan eta oraintxe izan dut aukera, azaletik bada ere, paperezko zuzeu aztertzeko. Sentitzen dut, baina ez diot etorkizun handirik ikusten. Errua nirea da, balbea dakarkizuedalako: zerekin zaletzen naizen, huraxe desagertzen da laster; edo, okerrena, mutatzen hasten da. Hor daukazue, adibidez, Lost telesailarekin gertatutakoa. Orain badakizue nor den erruduna.
    (Ez nuen Nabarra edo Gaztezulo aipatu nahi)

  • ZuZeu

    Guk mentaja bat dugu, ordea, Gonzalo: ezin dugu erredakzioan  geuk erabakitako aldera jo. Alegia, horizontaltasuna dela eta, ez gaitezkeela besterik izan benetan interneteko euskal erabiltzaileak garena baino. Zure balbeak (gafeak) onik ez digu ekarriko seguruenez, baina kalterik ere ezin. Beraz, tribuan garena baizik ez gara izango Zuzeun, eta emango dugun neurria edo neurrieza baizik ez dugu lorruko. Ados?

  • Gonzalo Etxague
    Gonzalo Etxague 2010-12-28 20:16

    Susmoa dut ez ote den gaizki ulertu nire iruzkina. Lore batzuk oparitu nahi nituen eta arantzak kentzea ahaztu zitzaidan. Gaizki esanak barkatu… Balbea ez dago pertsonaren baitan, noski, bere aukeretan baizik. Egozentrismoaren psikologia inbertsoak ekarritako txantxa besterik ez zen nik halako zoritxarrik ekar dezakedala esatea. Gran Hermanoren zale banintz, adibidez, bestelako zoria izango nuke, ziur (kontrakoa gerta litekeela pentsatuz gero, segituan hasiko nintzateke saio guztiak ikusten, geroko debate eta guzti; izango ahal litzate hura horrelako saioenak egiteko bidea!) . Tamalez, pentsamendua astintzen duten produktuak ez dira batere komertzialak; hain zuzen ere, nik gustuko ditudanak. Horixe esan nahi nuen. Gaizki esanak barkatu…

  • Ba nik erosi egin nahi nuen ¬¬

  • ZuZeu

    Gaurgero ezinezkoa da hori, Miriku. Batere gabe geratu beharko duzu, edo doakoa onartu. Hurrengoan, akaso. Batek jakin. Non ibili zinen Durangoko egunetan?

  • Azterketatarako ikasten U.U

    gine eta azokaren artean aukeratu ahal izango banu ez izan dudarik azoka aukeratuko nukeela 😉

    doakoa hartuko dut, baina pdfa ikusi ostean are garbiago daukat ordaintzea pena merezi duela ¬¬ (agian Elkarrekoak engainatzen ditut hiru euroak ordaintzeko).

  • ZuZeu

    Pena baino, beste zerbait merezi dugula, esango genuke, Miriku. Hala ere, Elkarrekoei, eskatzen ez duten dirua ematea eta doakoa ordaindu nahi izatea, oooona. Zaila, baina oso ooona.

  • Ez da pena ¬¬ batek produktu bat gustoko badu ordaintzeko eskubidea izan beharko luke. Eta aldizkaria azkenen finean hori da, produktu on bat.

    Nahikoa gauza erosi behar izaten ditugu kalitate infimokoak, zerbait ona dagoenean musutruk hartzeko. Esan ohi den bezalaxe “honegatik ordaintzea ez zait axola, pena merezi du”.

    Eta ez da produktu bakarra, ‘Xabiroi’ erostearren gustora ordainduko nuke ere. Nahiago hortan utzi euroak egunkarietan baino 🙂

  • ZuZeu

    […] salto egitea lortu du. Durangoko Liburu eta Disko azokan aurkeztu genuen papereko Zuzeu eta hemen duzue pdf formatuan eskuragarri. Berrikitan lorpen handiak ezagutu ditu sare sozialetan haizatzeari […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude