Zein gustura orain
Zein gustura orain –
Rikardo Arregik Deia egunkarian.
Orain dela egun batzuk emakume batek Twitterren idatzitakoa irakurri nuen: taberna bateko terrazan eseri eta ate ondoan zutik zegoen gizon kuadrilla bat komentario desatseginak egiten hasi zen; emakumeak okerreko tabernan sartu dela pentsatzen du eta amorrua sentitu aldi berean hori pentsatzeagatik. Ondoan ditudan emakume ezagun, lagun edo lankideek kontatzen dituztenak entzuten ditut eta, bai, gauzak asko aldatu direla pentsatzen dut (senarraren baimenik gabe eskuratu ahal dute kontua bankuan edo pasaportea), baina lan izugarria dago oraindik. Legedian gauzatzen den aurrerapen bakoitza (abortuarena, hilekoarena oraingo honetan) zalantzan jartzen da eta berehala hasten dira gizon asko betiko txantxekin irribarretsu eta harroputz. Horrek guztiak izen bat du, azken aldian ospe txarra duena eta ia-ia aipatu ezin dena erantzun burlatiak entzun barik: patriarkatua, bai. Agian garai batean aldaketak ikusgarriagoak ziren edo azkarragoak, eta orain dena motelago doa edo inertziak indartsuagoak dira gizonezkook betidanik izan dugun gailentasuna arriskuan ikusten dugulako.
Beldurgarria da irudikatzea oraingo emakume gazte batek laurogeita asko betetzean zera esaten: “Zein gustura orain. Lehen emakume batek ezin zuen hau edo hori edo hura egin”.
Zein gustura orain
Hauxe bai testu ederra!