Zein garesti izaten den gurean hitzaldi bat ematea, ez bada sukaldaritzaz
Bi urtean behin egiten den Nazioarteko Ontologia Kongresuan Euskal Herriko Unibertsitateak hartzen du bere gain antolatze lanik funtsezkoena. Besteak beste, bertan mintzatu izan dira René Thom, Ulises Moulines, John Searle, Pedro Migel Etxenike, Steven Pinker, Daniel Dennett, Jonhatan Barnes, Alain Badiou, Xavier Rubert de Ventós, Ilya Prigogine eta Jacques Bouveresse. Kongresuan ingelesa eta espainola izaten dira nagusi, baina euskarari txokotxo bat gordetzen saiatzen dira. Hitzaldi horiek, euskarazkoak zein erdarazkoak, prestakuntza-lan franko eskatzen duten arren, ez dira ordaintzen, filosofia ez baita sukaldaritza.
Euskarazko gai nagusia, aurten, Lukrezioren poema zientifikoa izan da, Gauzen izaeraz. Aurrena hitzaldiak eta gero hizlarien arteko elkarrizketa. Udaberrian idatzi zidaten parte hartzeko eta udan denbora luzea eman dut prestatzen. Gauzen izaeraz ez ezik Epikuroren testu nagusien euskal itzulpena ere berrirakurri dut, Menekeorentzako gutuna eta Iritzi gorenak, Javier Agirrek ondua, baita Epikurori buruzko Jean Salem, Carlos García Gual eta Emilio Lledó-ren liburuak ere, eta Lukrezioren inguruko literatura niretzat berria erosi eta irakurri dut: Jean Salem bera (el puto amo), Marcel Conche, André Compte-Sponville …
Kongresua urrian izan da, Donostian. Aurten asteazkena dut egunik arinena: arreta ordu bi eta guraso ordu bat. Gurasoak ia inoiz ez dira ezustean etortzen, aldez aurretik deitzen dute. Eta arreta ordua izatez zaintza mota bat da: ikasleak etxeko lanak egiten dituzten bitartean zaindu behar dituzu, ez dira eduki zehatz bat transmititzeko ikastorduak. Horrenbestez, kongresukoei eskatu nien azteazkenean jartzeko nire hitzaldia. Urriaren 3an ipini zuten. Institutuan txukun-txukun utzi nuen zaintzako liburuan guztia idatzirik. Arazorik sortzeko inongo arriskurik ez.
Aurreko Ontologia Kongresu batzuetan aritua nintzenez, eta zuzendaritzek ez zidatenez inongo eragozpenik jarri, zaintzena konponduta utzi eta lasai asko abiatu nintzen kongresura. Biharamunean absentzia justifikatzeko paperak bete, EHUko justifikante ofizial zigiluduna erantsi eta itxuraz listo.
Itxuraz baino ez. Gure institutuak bi etxe ditu. Bi etxeak gobernatzeko hamar lagun zeuden lehen zuzendaritzan, etxe bakoitzak zuzendaritza bana. Orain, berriz, bi etxeak erabiltzen jarraitzen dugun arren, zuzendaritzan ez daude sei lagun baino eta lanez lepo ibiltzen dira. Irakasleok, oro har, zuzendaritzaren lana arintzen ahalegintzen gara, gure kabuz konpon dezakeguna gure gain hartuta, zentzuzko elkartasunak agintzen duen bezala.
Horri dago lotua ohartzeke egin nuen akatsa. Nik ez nekien, baina horrelako hitzaldi bat emateko derrigorrez eskatu behar zaio zuzendariari baimena eta berak erabaki behar du onartu ala ez. Ziur aski, aurrekariak aintzat hartu eta inertziaz uste izan nuen baimena nolabait erdi automatikoa zela, eta, institutuko martxan eragin nezakeen desoreka apurra nire aldetik bidera nezakeenez, burutik pasatu ere ez zitzaidan egin zuzendariaren denboraz eta arretaz kontu hutsal horregaz jabetzea, bere garunak are gehiago enbolikatzeko. Edo beharbada bai, baina litekeena da, maiz gertatzen den legez, aurreko egun haietan ez ikusi izana. Osterantzean beste barik komentatuko nion, ez nuen zertan ezkutukerian ibili. Onartzen dut nire errua, araudia bete beharra dago, 600 lagun gabiltza institutuan eta ezinbestekoa da diziplina eta ordena, egia da.
Ondorioak iruditu zaizkik gehiegizkoak: joan den barikuan, 2013ko urtarrilaren 11, gertaerez geroztik hiru hilabete pasatxo zirela igaroak, José Otaduy Carballo ikuskariak jolas-orduan deitu zidan. Hiru hilabete hauetan ez ikuskaritzak ez zuzendaritzak ez dit ezeren berririk eman, ez dut nire bertsioa azaltzeko eta nire burua defendatzeko inongo aukerarik izan. Barikuetan 6 ikastordu dauzkat segidan, nekeza da 6 orduz jarraian jendaurrean berbetan jardun beharra, jolas-orduko hamaiketakoa atsedenaldi bakar. Otaduyk hamaiketakoa eragotzi zidan. Hurrengo hiru orduetan patata-tortilla eta kafe hutsa gosaldu izan banitu baino askoz ere ahulkiago mintzatu nintzen, euskal irakaskuntzaren kalterako, bien bitartean klarionaren desertoreen popak eta poltronak nahastuz zihoazela.
Ikuskariak jakinarazi zidan hiru hilabete lehenago Ontologia Kongresuan hitzaldi hura emateko institutuan arreta ordu bi eta guraso ordu bat galtzeagatik falta bat eta apercibimiento bat ezarri behar zizkidala, soldatatik egun oso bati dagokiona kentzeaz gainera. Larderiatsua zen tonua, zenbait jende ikuskaritzaz edo ikasketa burutzaz jabetu bezain laster Julio Zesar balitz bezala hasten da jokatzen.
Hain zuzen, gure zuzendaritzari dei mehatxari horren berri eman ondoren ikasketa buru batek esan zidan “agian guraso batzuek nahiago izango zuten zu egun hartan institututik ez joatea”. Agian bai eta agian ez. Dena den, ez al da tristea ikastetxe batean halako arrazoibideak erabiltzea? Otaduyrekin eta zuzendaritzarekin mintzatuta, irudi zuen gu barne hartzen gaituen hezkuntza publikoari lotutako erakunde batera nire ikasgaiari goitik behera datxekion hitzaldi bat ematera beharrean putetxe merke batera nintzela isil-gordeka joana.
Falta, apercibimiento eta mehatxu horiei dagokienez atzera egin dute. Hori bai, egun bateko soldata kenduko didate. Jakina, hitzaldia emateagatik xentimorik ere ez nuen kobratu. Hitzaldiagatik deus ez eta dietarik ere ez. Aurten institutuan 10etan sartzen naiz asteazkenetan (egun bakarra, beste guztietan 8:15), baina asteazken hartan hitzaldira garaiz iristeko goizeko 7:15etako trena hartu behar izan nuen Bermeon, gero Bilbon autobusa Donostiara, gero beste autobus bat Amaratik Antiguara. Bazkaldu eta Bermeoraino buelta, dena nik ordainduta. Aparte, hitzaldia behar bezala prestatzeko udan erosi nituen liburuak. Gurean ez da bat ere merke ateratzen hitzaldi bat ematea. Eta zertan da goitik bultzatu nahi omen duten autoformakuntza hori?
Hau idazten ari naizen bitartean irakasle gelako inprimagailuan bost folio agertu dira: “Viajes a Canarias. Grandes Ofertas”. Egia da, diziplina behar da, ohitura benetan usteletara bideratu diru publikoa alferrik ez xahutzeko kontrola.
RT @zuzeu: Zein garesti izaten den filosofia-hitzaldi bat euskaraz ematea. Markos Zapiain http://t.co/0PxKMNTE
Ilya Prigogine ez zen orain dela hamar urte hil?
Arratsaldeon Markos. Kongresuko Batzorde Antolatzailaren kide naizen aldetik, zehaztapen bat egin behar dizut. Prigoninek zoritxarrez ez zuen parte hartu Kongresuan zegokion edizioan, egun haietan gaixo zegoelako hospitalean. Handik egun batzuetara hil egin zen. Bestalde aipatzen duzun arazoa, zurea, beste bat da kongresuko hainbat partaideek izan duten bezala. Eta hitzaldia euskaraz ematea zein garestia den ez da euskaraz delako. Kongresuan inork ez du kobratzen bere hitzaldiagatik, hau kongresuaren lehen edizioa burutu zenetik (jada hogei urtetik gora da lehen edizioa egin zela) horrela da. Juan Ramón Makuso.
Makusoren zehaztapena irakurrita, Markos, badirudi antolatzaileei eskerrak eman beharko zenizkiekeela, txarrago ere izan zitekeen eta: horratx Prigogineren patu tristea.
Eta, konta, konta, Markos… zenbatean daude Kanarietarako bidaia horiek?
Barka, horrelako zerbait erantzun dizuet goizeko 8etan baina spamaren bidetik galduko zen:
Txopi, Makuso: Prigoginek ezin izan zuen hitzaldia eman baina batzorde zientifikoko kide izan zen, eta horrela aitortzen zaio gaur egun ere:
http://www.ontologia.net/eu
Antolatzaileen lana (Agustin Arrietak kontaktatu ninduen ni) bikaina izaten da. Iazkoan Makuso ikaragarri ibili zen. Erotzeko moduko lana, esker txarrekoa, Arrietak, Makusok eta gainerakoek betetzen dutena maitasun handiz, pazientziaz eta txukun.
Bihotzez ematen dizkiet eskerrak, Belatz, badagoen arren bizirik egotea baina Prigogine hilik baino okerrago.
Pipi, honatx:
http://www.muchoviaje.com/ofertas/canarias/
Dena den, viajes eroskin eta atrapalo.com-en ere sinesgaitzak dituk beherapenak.
Ni ez naiz filosofo, ez eta hurrik eman ere, baina hitzaldiak garesti ordaintzearena ezaguna egiten zait. Bitxia da gertatzen dena: gaur egungo euskal idazle batzuek hitzaldietatik bizi dira. Batez ere Euskal Idazleen Elkarteak eskoletan antolatzen dituen horietatik eta irakurle kluben ingurukoetatik. Ezin ukatuko dut, hala ere, hamaikatxotan entzuten dela idazle jendea kexu hitzaldia ematera joan eta gertatu zaionarekin… Baten batek antologia bat behar luke egin kasuistikarekin, izan ere, beste kultura eta hizkuntza batzuetan norberaren lana gozamenez loriatzeko eta munduan ezagutarazteko baizik ez dena izaten (Espainia, Ingalaterra eta Frantziako Institutuetako lagunen adibideak kasu: bidaiak, hotelak, errezepzioak, dietak, komunikabideak, ohoreak…) arrazoi desberdin askogatik gurean kalbarixo bilakatzen da sarri. Iruditzen zait zentzu bat baino gehiagotan ez dagoela askorik euskal hizlariarena baino lan makurragorik mundu honetan: egin beharrekoak egin eta gainera dirua galdu (gehienetan). Gainera, irakasle alfer edota kultur eragile azkarren salbamendu izateko, ia beti. Guztia zertarako eta morokil partikular bat antolatzeko argitalpenen ustezko negozioarekin, banitatearen kontuekin, balizko transmisioarekin, ametsetako herrigintzarekin eta baratzeko pikuaren hiru txortenekin: nekagarri, garesti eta alfer-alferrik. Hamarretik bederatzi.
Erabat ados, Hasier.
Bestalde, izugarrizko lehia omen dago milaka eta milaka frantziar idazle gazteen artean ikastetxeetako hitzaldi subentzionatu horiek harrapatzeko. Jokoan, bazkaldu ahal izatea. Erretzaile batzuek aukera egin behar izaten omen dute: tabakoa ala janaria; ezin biei aldi berean luzaro eutsi.
Eskerrik asko, Makuso. Uste nuen Pinkerri eta Dennetti ordaindu egingo zitzaiela, dietak bai bederen.
Nire blogean eta Lapiko Kritikoan testua zure zuzenketaren arabera aldatu dut, baina hemen ezin dut.
Ahal balitz, horrela nahi nuke izenburua:
Zein garesti izaten den gurean hitzaldi bat ematea, ez bada sukaldaritzaz
Eta esaldi hauek beharrean:
Kongresuan ingelesa eta espainola izaten dira nagusi, baina euskarari txokotxo bat gordetzen saiatzen dira, pardillo batzuok bete ohi duguna, lan franko eskatzen duen arren ez baita ordaintzen.
Beste hauek:
Kongresuan ingelesa eta espainola izaten dira nagusi, baina euskarari txokotxo bat gordetzen saiatzen dira. Hitzaldi horiek, euskarazkoak zein erdarazkoak, prestakuntza-lan franko eskatzen duten arren, ez dira ordaintzen, filosofia ez baita sukaldaritza.
Markos, zure desirak, agindu dira guretzat: egina. (Bestalde, zure iruzkinak ez badira orain arte argitaratu, spamen artera joan direlako izan da. Barkatu)
ZuZeuren kudeatzaile, arratsalde on:
lotsa ematen dit kontuak, baina zuzendu beharra dago oraindik izugarri.
Nola sar ditzaket zuzenketak nik neuk, inor mareatu barik?
Ahal baldin bada bederen.
Eskerrik asko aldez aurretik.
Egina, hori ere: zeuk jarri duzu, azkenean, nahi zenuen bezala. Ongi etorria, Zapiain jauna.
Oso ondo kontatuta dago historia, ipuin bat bezala irakurri dut; baina ez dakit zertara datorren oso kontu pertsonal eta domestiko bati horrenbesteko garrantzia ematea eta hemen agertzea. Horren tamainako makina bat izango genuke Zuzeu-ko hainbat kidek, ez?
Ixiltasunak ez du existentziarik eza bermatzen. Genero indarkerian zein arrazakerian ixiltasuna orokorra da eta horrek ez du haien existentzia ukatzen. Eta gure parajeetan zientifiko eta “serio” gisa agertzen diren ziklo, jardunaldi, foro eta abarretan (ikus edozein programazio iraunkor eta “prestijiotsu”, esate baterako Bilboko Alondegiakoa) euskararen desagertze edo esklusio orokorra kontu publikoa eta interes orokorrekoa da, nahiz eta inor gutxik aipatu afera. “Nola euskaraz, ez badago inor euskaraz emateko gai?” (erantzungo dizute). “Euskaraz euskarari buruz, eta kitto, ezta?” (ulertuko dugu).
Bide beretik, burokrazia administratiboaren zama eta lan arloko autoritarismo (ixilpeko beste biolentzia mota bat) aurpegi askotarikoak kontu publiko eta lehen mailako garrantzizkoak dira, nahiz eta eztabaida publikoetan ia inon ere ez agertu.
Beraz eskerrik asko Markos interes orokorreko lehen mailako gaiak hona ekartzeagatik. Eta nola ez, hurrengorako Waske Culinary Centerren kurrikuluma utzi eta ea jatorrizko baskaldaritza banguardistaren gaineko disertasio filosofiko bat sartzen duten programan.
Baskaldaritza, egia diozu: burokraziaren zama nazkagarria da eta orokorra berriz euskararen esklusioa kontu publikoetatik.
Dena den, Makusok garbi utzi du ez dela Ontologia Kongresuaren joera. Horko antolatzaileak ahalegindu egiten dira euskarari eusten, modu desinteresatuan eta lan handia eginez. Joera naturalei utziz gero nagusitzen ziztu bizian desagertuko litzateke.