Loreto Mauleon: “Nork bere erara kontatu behar ditu istorioak”

Antzerkia eta dantza landu zituen gaztetxotan, bikoizketa geroago, kameren aurrean modelo lanetan aritzeak grazia handirik egiten ez dion arren, flashen argipean ongi moldatzen da, eta uneotan telebistan ari da. Guztiarekin ausartzen da Loreto Mauleon. 24 urteko donostiarra Madrilera erbesteratu zen kurtso hasieran eta eguneko ordu guztiak harrapatuta ditu geroztik. Langile fina, beti bere lekuan egoten den horietakoa; baita beharretik kanpoko kontuez hitz egiteko ere. Unibertsitatean goi mailako injinerutza ikasketak amaitu dituen arren, bizitzak antzezpenaren bidea jarraitzeko gonbita luzatu dio, eta ezin aukerari muzin egin.

Loreto Mauleon: "Nork bere erara kontatu behar ditu istorioak"Zurriola Antzerki Eskolan hasi zinen haurra zinela, eta urte luzez aritu zara bertan. Antzerkia omen da aktoreen eskolarik onena, baina prestatzen jarraitzea eta etengabe ikastea ere ezinbestekoa izango da, ezta?
Zurriola Antzerki Eskolan ibili nintzen txikia nintzela eta orduko oso oroitzapen onak gordetzen ditut. Ondoren ikastaroak egiten aritu naiz, eta denbora dudanean nire burua prestatzen jarraitzen dut bai, baina egia esan lana izan da eskolarik onena.

Hain zuzen, ballet eskolak jasotakoa zara zu. Aktore lanarekin uztartzea gustatuko litzaizuke, ala zaletasun hutsa da?
Beti gustatu izan zait dantza, ikastolan hasi nintzen euskal dantzak egiten, eta gero balleta eta jazza ikasi nituen. Zaletasuna da, baina aktoreentzat oso garrantzitsua dela iruditzen zait nork bere gorputza hobeto kontrolatu, ezagutu eta pertsonaiak sortzen lagun dezakeelako.

Binahi agentzian sartu zinen gero…
Bai, bikoizketa ikastera, eta han hasi nintzen castingetan parte hartzen. Agentzia honek gauza desberdinak eskaintzen ditu: kantua, antzerkia, bikoizketa… Ez dut uste aktore batek horrelako leku batetik abiatu behar duenik derrigorrez, baina nire kasuan hala izan zen.

Orain Antena3 telebista kate espainiarrean zabiltza lanean. Bigarren denboraldiarekin batera sartu zara ‘El Secreto del Puente Viejo’ telesaileko aktore zerrendan, ‘Goenkale’ utzita.
Castinga egin nuen eta, hartu nindutenez, Goenkale utzi behar izan nuen, bai. Joana, nire pertsonaia, kanpora bidali dute ikastera, baina nork daki, agian momenturen batean itzul daiteke!

Telenobelek, antzezpenaren aldetik, izango dituzte beren berezitasunak, beste mota bateko saioetatik bereizten dituztenak…
Haien ezaugarri nagusia, esango nuke, jendea engantxatu beharra da, eta horretarako emozioak muturreraino eraman behar dira. Azken batean, ikusleei momentuan iritsi behar zaie kontatzen dugun drama, egunetik egunera jarraitzeko gogoa izan dezaten; efektiboagoa izan behar du. Planoak ez dira filmetakoak bezain motzak, eta sentimenduak behar bezala transmititzeko gehiago azaleratu behar dugu. Bestetik, egunero grabatzeak ere zailtasunak ditu, denbora gutxi dagoelako pertsonaia eta sekuentziak lantzeko, eta horrek, era berean, azkartasuna ematen du, baita uneoro zerbait ikasteko aukera ere. Baina tira, Goenkale ere telenobela da!

Elkarrizketa osoa GAZTEZULO.COM-en

Loreto Mauleon: “Nork bere erara kontatu behar ditu istorioak”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.