Irratirik irrati nire ahotsa

Horrela nabil joan den barikutik, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin hizketan. Ez dakit nola gertatu den baina irratiko kazetariak erakarri ditut aste honetan.

Hausnartzen

Hausnartzen

Lehenik eta behin, EiTB1 eko  “Txapela buruan eta ibili munduan”  saio berrirako frogetarako kolan nengoela, Euskadi Irratiko kazetari bat hurbildu zen ni nengoen taldetxora programa horretarako kasting-era hurbildu izanaren arrazoien inguruan galdezka. Azaldu nion, bada, kazetaria naizela eta nire burua ezagutara emateko aukera ona izango litzatekeela, ikasgai bakarrarekin gelditu nintzenez ez nagoela ez lanean eta ezta ikasten ere -onartu ninduten master bietan lizentziaduna izatea beharrezkoa baietzen-, asko gustatzen zaidala bidaiatzea, oso alaia naizela…Hala saldu nuen neure burua aukeratze frogetan ere, barre algarak atera nizkien, baina ezer ez. Aukeratu dituzte jada, bidaia egingo duten 4 hautagaiak. Baina beno, oso ondo pasatu nuen egun horretan, lagunak bagina bezala tratatu gintuzten, gainera, momenturik onenen bideoan agertzen naiz, eta ez da gutxi hori ere.

Astelehen goizean, aldiz, Radio Euskadirako elkarrizketatxo bat egin zidaten. Kotxeko azterketa praktikoa neukan egun hartan, Bilboko EiTB alboan, eta han neukan irakaslea mikrofonodun gizon batekin, nire zain. Azterketa berria ezartzen zen eguna izan zen atzo –beti egokitu izan zait koloreetako arratoia izatea, zer egingo diogu ba-, beraz, horren inguruko elkarrizketatxo bat egin ziguten irakasleari eta bioi, baita, kazetariak berak esan bezala 100 euroko billeteak eramateko plastikozko tarjetero sendo oparitu ere.

Arratsaldean, aldiz, banekien Euskadi Irratitik deituko nindutela. Aurreko astean, urtarrilak 14 zituela, eskaintza bat jarri nuen lana bilatzeko zein eskaintzeko bilatzaile batean. Bertan honen antzeko zerbait idatzi nuen: “23 urteko kazetari lekeitiarra, kazetari lanak, arlo horretan praktikak egin,klase partikularrak eman, haurrak zaindu, dendari edota garbitzaile lanak egiteko prest”.  Aspaldidanik nabil lan bila, uda paretik, gutxi gora-behera. Eta bai, egiteko gai naizen edozertan lan egiteko prest nago, baita diru gutxi edo ezeren truke hedabideren batetan praktikak egiteko ere, esperientzia behar baitut, ikasi, kazetari bezala aberastu.

Lana errazago aurkituko nukeelakoan, hain gustuko dudan Twitterrean nire iragarkiaren lotura jarri eta jendeari bertxiotzeko eskatu nion, baita hauek kasu egin ere. Asko izan ziren mezua bertxiotu zuten jarraitzaile zein ezezagunak ere, eta antza, Euskadi Irratikoen begietara iritsi zen. Eskaintzak harritu ziotela eta hots egin zidaten. Ea “mezularia” atalean elkarrizketa bat egiteko prest egongo nintzatekeen galdetu zidaten, zoritxarrez ez dutela lekurik niretzat baina tarte bat eskainiko zidatela nahi banu. Deitu ninduten, bada, atzo arratsaldeko 6:30ak aldera, baina hitz egiteko gogo gehiegirekin geratu nintzenez, hemen nator han denbora faltagatik esan gabe utzi nituenak esatera.

Nitaz aparte, beste kazetari bi ere elkarrizketatu zituzten. Bata, Manu Zabala kazetaria, munduan zehar bueltaka ibili ostean Seulen dagoena gaztelerako klaseak ematen, eta bestea, Jon Mutuberria, Mexikon kazetaritza ikasten eta praktiketan hasi berria den gaztea. Hirurok aritu ginen ordu erdi batez gure egoera azaldu eta gaur egungo kazetaritzaren egoeraz, baina ezin denok nahi beste hitz egin, zoritxarrez.

Modu horretan aurkeztu ninduten atzo, Twitterrean gauza asko irakurri izan dutela baina sekula ez dutela nirea bezalako iragarkiekin topo egin esanez. Ez dakit non daukan harrigarritasuna lana behar eta nahi duen pertsona batek bere burua egiteko gai denerako eskaintzen duen iragarki batek, kazetaritzan lizentziatuko naiz hile gutxi barru, bai, baina ez daukat zertan kazetari lanetara mugatu, nik uste, eta gutxiago gaur egun kazetaritza munduan dagoen egoerarekin eta ugaritasunarekin, askotxo baikara, eta askotxo dira baita ere nahiz eta kazetaritza ikasi ez eta kazetari lanetan bukatzen dutenak.

Horretaz aparte, kazetaritzan praktikak egiteko prest egoteak ere harritu egin zituen, antza. Debalde ere egingo nituela esan nien nik, gainera, eskemak gehiago apurtuz. Eta egia da, nahiago nuke kobratu, zertxobait bada ere, baina Leioan karrera ikasi ostean ezer gutxi ikasi dudanaren sentsazioa daukat, gehien bat idaztean zentratzen baita karrera. Telebistaren inguruan ezer gutxi egin dugu, eta irratian ezer ere ez, fakultatean irrati laborategia konpontzen aritu baitira nik han eman ditudan 4 urteetan. Gainera, ez daukagu “practicum” deritzoten ikasgairik 4 urtetan, unibertsitateak hedabide batzuekin daukan kontzesio bat besterik ez. Hau da,  4 urtetan hedabide bakar batean praktikak egiteko aukera dugu, hau da, 3 hilabete. Eta normalean, kontzesio gabeko praktikak direnean, lizentziaturik egotea eskatzen dute. Beraz, kontzesio bat agortu nuenez gero –uda bat Bilboko Europa Pressen-, ez dut izan beste nonbait praktikak egiteko aukerarik, eta ez deritzot bidezkoa, kazetaritza ikasi, espezializatu gabe irten, eta gainera praktika mugatuak egiteko aukera besterik ez izatea. Erizaintzan, esate baterako, hiru urtetan hainbat praktika egiten baitituzte, lehen urtetik, hain zuzen.

Aipatu ez nuen beste kontu bat, karreraren iraupena eta honen espezializaizo eza dira, klasean horrenbeste errepikatu diguten hitza, beti nonbait nabarmendu beharra eta kazetaritzako eremu batean espezializatu beharra azpimarratzen ziguten irakasle batzuek. Askotan errepikatu dut, baina berriro diot, LAU urte irauten du kazetaritzaren karrerak, eta ez daukagu espezializatzeko aukerarik gainera. Azken urte bietan hautazko ikasgai asko dauzkagu, bai, baina euskal literatura, euskara teknikoa, gizarte psikologia eta antzekoak dira gehienak. Bi zeuden “espezializazio” bezala hartu genitzakeenak, bata aldizkari bat nola egin ikasten zena, eta bestea komunikazio kabineteak, baina horiek kenduta beste guztiak gehigarri hutsak baino ez dira. Iraupenari dagokionez, kazetaritzarekin zerikusirik ez duten ikasgaiak kenduz gero, 3 urtekoa bilakatuko litzateke kazetaritza, nik uste. Beraz, 4 urte izatekotan praktikekin bete ahalko lirateke ordu horiek, ikasten duguna praktikan jarri eta apurka- apurka bada ere gure burua ezagutzera emateko.

Goiko hau esateko gogo askorekin geratu nintzen, baina beno, hemen diotsuet. Eta bide batez hemen ere iragarri egingo naiz. Ikasgai bat falta zait lizentziatzeko, eta ez daukat lanik. Hizkuntzak nire kontura ikasten ari naiz baina imajinatuko duzue zenbat denbora libre daukadan. Laster astean goiz bitan klasera joaten hasi behar naiz, baina hala ere denbora libre asko izango dut. Beraz, nonbait praktikari edota bekadunik behar izanez gero jarri nirekin harremanetan iraitz89@yahoo.es dota twitter bidez -@IraitzMadariaga-.

Ikasteko eta lan egiteko gogo asko dauzkat, ingelera, euskara, frantses apur bat eta gaztelera apur bat dakizkit. Europa Pressen egindako praktikak dira nire esperientzia, kazetari-itzultzaile-telefono hartzaile bezala aritu nintzen eta edozein arlotan egingo nituzke praktikak. Alaia naiz oso, zabala, komunikatzaile fina, langilea eta ekina. Argazkilaritza ere atsegin dut, hemen dauzkazue nire argazkiak.

Agian honek ere ez du erantzunik izango, baina beno, saiatu behar nuen ;)

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara