Zamarra laranja eta grisa

'Txarli' Gasteizko Egunkariaren miaketa amaitutakoan
‘Txarli’ Gasteizko Egunkariaren miaketa amaitutakoan

Luis Karlos Garcia ‘Txarli’-k, ‘Euskaldunon Egunkariaren’ Gasteizko ordezkaritzaburu ohiak ZuZeurentzat idatzitako testua ekarri dugu:

Zenbat egun igaro dira 2003ko otsailaren 20az geroztik? Ba, ez da gehitxo esatea pasarte haren itzala buruan pausatu gabeko egunik ez dudala ia izan harrezkero. Lipar bakar batez, ziztuan izanik ere, akorduan izan ohi dut, goizero-goizero, arroparen armairua irekitzean. Gau hartan soinean neraman zamarra laranja eta grisaren kariaz. ‘Egunkaria’ itxi zuteneko jantzia, hain juxtu ere.

Bitxia da: autoa non laga ote dugun gogoratu ezinik ibiltzen gara, eta, halarik ere, aspaldi-aspaldiko irudi batek luzaz iraun dezake gure gogoan gorderik. Nire soinekoaren kasua da hori. Zaharra da jada, jakina. Ados: baina, zer egin dezaket nik? Bota? Ordutik apenas garbitu gabe eduki baitut ditxosozko gauaren lurrin eta lorratzak desager ez dakizkion… Ez. Nire izaeraren puska bat zakarretara botatzea ez legoke ondo. Ez.

Bai, Lorea, arrazoi duzu, hortxe dago iltzea: nola edo hala, ‘Egunkariako’ langile ohiak izatera kondenatuta gaude. Beharko! Izenez ezagutzen ez nauten batzuek “Hi, Egunkari!” esaten baldin badidate oraindik orain Gasteizko kaleetan. Irudipena baitut, zamarraz gain, zoritxarreko gau hura nahiz ondorengo egun nahasiak ere oso gogoan dituen jende askotxo dagoela. Izango ez dute, ba! Kaka eman genien-eta, guzti- guztiak aspertzeraino, kaleko ekitaldiak, laguntza-bonoak, mobilizapenak, sostengu batzordeak zirela eta ez zirela. Baina zin egin dagizuet sekula ez dela horren erraza izan herri ekimen bat eratu ahal izatea.

Elkartasun uholde horrek nire zamarraren poltsikoak lepo bete zituen. Eta, horrexegatik, konparaketan, are higuingarriagoa begitandu zitzaidan gero Gasteizko kazetari askoren jarrera. Egunkaria itxi eta gutxira, euren elkartasuna jasotzeko errondatxoari ekin nion, eta auzo-lotsa sentitu nuen jende ugarik ETAren barruan ginela uste zuela ohartzean, inork argiro esateko atrebentziarik izan ez arren. Estakuru-mestakuru, botere zikinak orduan zioenari eutsi egiten zioten. Damurik.

Medio horietako asko krisi-espediente eta murrizketa prozesuetan ikusi ditut azkenaldion. Alabaina, nik ezin izan dut malkorik bota sasoi hartan galdeketa polizial telefoniko nazkagarria egiteaz gain gizalege pixka bat ere agertu ez zidan ‘El Pais’ egunkariaren kazetariagatik, orain, hamar urteren buruan, kalera doala jakinik. Kazetaritzaren ataka larriaz mintzo dira bolo-bolo: Internet-en eragina dela, krisi ekonomikoak erakarritako fakturazio beherakada dela, nahiko arrazoinamendu topatzen dituzte gertatutakoak esplikatzeko, autokritikari zirkin eginda. Baina ni nago oroz gain boterea eta hedabideak elkar hartuta izateak, bien arteko atxikimenduak galbidera eraman dituela gehienak. Horixe bera pentsatu nuen ‘Egunkariaren’ Gasteizko delegazioaren miaketara goardiazibilekin batera ailegatu eta ‘El Mundo’ kazetaren argazkilaria zain zegoela ikustean.

Hori bai, nire zamarra laranja eta gris maitiak izar baten gisara dizdiza egin zuen foto haietan.

———-

Mila esker, Txarli.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.