Askatasunaren ibilbide makurra

 

Askatasuna, zenbat krimen burutu diren zure izenean! Nork ez du esakune hori ezagutzen? Gazteek inguraturik askatasunean ez dudala sinesten esatea agian beste krimen bat izango da. Baina halaxe da, eta hemen kontatu dudan nire bizitzaren istorio laburra ezagutuz gero, jakingo da zergatik.Baina nire fede eza nire bizitzatik ez ezik historiatik ere  badatorkit.

“Liberté, fraternité, égalité”, zioen iraultza frantsesaren goiburuak. Askatasuna, anaitasuna eta berdintasuna ziren nazio-estatu berriaren hiru zutabeak, mundu osoko gizon-emakumeen ilusioa eta itxaropena piztu zituztenak. Nazio-estatu berriak hiritarren arteko anaitasunaren eta berdintasunaren bidez guztion askatasuna eskaintzen zuen.  Kasu! aurreko esaldia arretaz berrirakurriz gero, benetako demokrazian askatasuna anaitasunaren eta berdintasunaren bidez sortuko eta eraikiko litzatekeela konturatuko gara. Anaitasunak komunitate baten identitatea eta elkar laguntza zimendatuko luke; berdintasunak, berriz, gutxi batzuen pribilegioak ezabatuz, hiritar guztien eskubide berdinak bermatuko lituzke. Bi oinarri demokratiko horiek ezarriz gero, askatasuna garatuko litzateke. Hori litzateke benetako demokrazia. Hori zen, hain justu, hasiera batean nazio-estatu demokratikoak promesten zuen askatasuna. Horiek ziren nazionalismo demokratikoa zimendatzen zuten hiru zutabeak.  Baina gaur inozoenak ere dakienez, benetako demokrazia hori balizko demokrazia baino ez zen.

Izan ere, zimendu horien azpitik diruaren jauntza eta jabetza gosea ezkutatzen zen, ustezko zimendu horiek kolokan jarriz. Diruak ez du lerro zuzena gogoko, makurra baizik. Satorraren antzera nazio-estatu demokratikoen zimenduak ezari-ezarian jaten joan zen eta estatu demokratikoaren eraikina arrakalatzen  hasi zen. Hondamendia saihestu nahian eskuineko eta ezkerreko iraultzak agertu ziren. Bion helburua diruaren nagusikeria eta askakeria! ezabatzea zen.

Hitler iraultzailea zela? (Lehenengoa?) Heidegger  irakurriz gero, Hitlerren jarraitzaileek haien burua iraultzailetzat hartzen zutela onartu behar dugu. Eskuineko iraultza zen, baina ezkertiarrek bezala kapitalismoa suntsitu nahi zuten. Eskuineko iraultzaren ikurra nazionalismoa, anaitasuna alegia,  izan zen. Baina, diruaren sator-lana  dela eta, nazionalismo demokratikoaren oinarria zen anaitasuna, lur eta odolezko anaitasuna bihurtu zen, eta nazionalismo faxisten munstroak agertu ziren. Kontraesanez jositako munstro kimerikoa zen, diruaren interesak eta anaitasuna batzea ezinezkoa da eta.

Marx 1861. Manifestu komunista, 1848. Kapitalaren 1. liburukia, 1867.

Ezkerreko iraultzak berdintasun nahiak bultzatu zituen. Kasu honetan diruaren sator-lana askoz finagoa izan zen, satorrak marxismoaren mozorroa hartu zuen eta (Marxen maila intelektuala, faxistek ere horrela onartzen dutenez, teoriko faxistena baino askoz altuago zen). Horrela, sozialismo demokratikoaren oinarria zen berdintasuna proletalgoaren diktadura bihurturik, estatu stalinistak -”stalinismo” kontzeptua, jakina, zentzu zabalean hartzen dut  – sortu eta mundu osoan zehar zabaldu ziren. Estatu faxistak bezain kimerikoak ziren eta, haiek bezala, kontraesanez josiak. Estatu stalinisten degenerazioak eta ustelkeriak  marxismoaren  eta oro har ezkerraren porrot teorikoa eta praktikoa ekarri zuen. Komunismoaren ametsa amesgaitz bilakaturik, stalinismoek  “komunismoaren mamua” uxatu zuten. Marxismoa eta stalinismoa – Maoismoa, zehatzago esanda (Badiouren omenez!) – aztertzea pentsatzen dudanez,  analisi sakonagoak beste egun baterako utziko ditut. Izan ere, Marx Nietzscherekin batera nire maisu filosofikoa izan da eta.

Marx bankari baten maisua? Zergatik ez? Nork daki kapitalismoaren krisialdiez Marxek baino gehiago? Eta, burtsan bizirik eta onurez ateratzeko, asko jakin behar da krisialdiei buruz. Halere, Marxekin dudan lotura sakonagoa da. Gezurra dirudien arren, Pessoaren pertsonaia bezala, iraultzarekin obsesionatuta egon naiz beti. Eta, nire ustez, iraultzari buruzko galdera Marxek inork baino hobeto egin du. Haren erantzunak, tamalez, ez dira egokiak. Nik, halere, galderak gogoko ditut, pentsatzera – hau da galdera berriak sortzera – bultzatzen nautelako. Ados nago Aginakorekin “marxistek Marxen jatorrizko galdera ahaztu dutela” esaten duenean. Egia da. Erantzunak dogma “kritikotzat” harturik (dialektika oxymoron horiek sortzeko gai da) marxistek Marxen hartzigarri iraultzailea indargabetu dute. Eta gure marxista euskaldunek ildo horretatik jarraitzen dutela dirudi. Nola ulertu bestela Zizek txerpolari horren pentsamenduarekin liluratuta egotea? Denbora izango dugu purtzilkeria saltzaile horren pentsamendua aztertzeko. Garbi daukat, halere, gure marxista euskaldunek Marxen pentsamenduaren gutxieneko oinarriak ezagutuko balituzte, Zizeken ustezko pentsamendu iraultzaile hori zakarrontzira botako luketela.

Baina itzul gaitezen historiara. Eskuineko eta ezkerreko iraultzei aurre egiteko, Estatu demokratikoek eman zituzten pausoak ezagunak dira. Askatasunaren izenean, zutik geratzen zen demokraziaren oinarri bakarra, indar demokratikoek hil ala biziko borroka  eraman zuten bata eta bestearen kontra (bigarren  mundu gerra eta gerra hotza) . Irabazi behar zuten eta irabazi egin zuten. “Emaitza” aurretik kantatuta zegoen, azaldu dudanez, faxismoak nahiz stalinismoak kontraesanez jositako munstro kimerikoak zirelako.

Nietzsche. 1864. Urruti zegoen artean “Betiereko itzuleraren” ikuskaria (1881).

Ibilbidearen bukaerara iritsi gara. Hasierako egoerarekin alderatuz ezberdintasuna nabaria da. Hasieran anaitasuna eta berdintasuna ezinbesteko baldintzak ziren askatasuna lortzeko. Bukaeran, ordea, nazionalismoa eta sozialismoa susmopean jarrita, askatasuna baldintzarik eta mozorrorik gabe geratu da. Biluzik eta lotsagabe agertzen zaigu: askatasuna, diruaren askatasuna da; merkatu askatasuna, baldintzarik eta mugarik gabe negozioak egiteko askatasuna. Balizko demokrazia diruaren benetako diktadura bihurtu da.

Nazionalismoa eta sozialismoa (“ideia komunista” barne) desagertu dira? Ez, ez dira desagertu beharrezkoak dira diruaren askatasunari kutsu demokratikoa emateko baita artalde demokratikoa eratzeko ere. Hala bada, nazionalismoa nahiz sozialismoa (ongi izatea) amu tentagarriak  bihurtu dira artalde demokratikoak diruaren nagusikeria eta askakeria onar dezan. Eta horrela bakarrik, morroi lanetan, onartuak dira. Erne ibil zaitezte, bada, independentista eta erreformista sutsuak! Eta batez ere, “lapiko kritikoko” lagunak, “ideia komunista” horrekin liluraturik zaudetenok (ideia komunista: Marxen komunismoaren mamu gorria neoliberalismoaren lixibarekin garbituta eta zurituta).

Nietzscheren filosofiak askatasunaren ibilbide makur hori islatzen du, nolabait ere. Ibilbide horren bukaeran “betiereko itzuleraren” mundua lausoki atzematen da. Mundu horretan, bankaria, gerlaria eta artista, gain-gizonaren irudiak,  agertuko zaizkigu. Horiek dira, hain zuzen, botere nahiaren hirutasuna osatzen dutenak.

Bankari anarkista.

FILOSOFO OHIA