2003ko otsailaren 20a, ‘Egunkaria’-ko lau kazetariren azalean

Egunak joan egunak etorri Egunkarian lan egiten zuten kazetariak ziren laurak. 2003ko otsailaren 20an, ordea, lanaren ordez zama izan zuten. EHrentzako egun beltz hartan bizitakoak, sentitutakoak, ekarri dizkigute gogora Mikel Lizarraldek, Urtzi Urkizuk, Edurne Begiristainek eta Imanol Muruak.

Mikel Lizarralde 

teide

2003ko otsailaren 20ko gaua Tenerifen igaro behar genuen Edurnek eta biok. 20koa eta ondorengo zazpi egunetako gauak. Euskal Herriko negutik ihesi epelean pasatu behar genuen astebete. Lanak ahaztuta. Atseden hartzen. Baina ez. Otsailaren 20ko gauean etxean egin nuen lo-edo. Etxetik eraman zituzten lagun, lankide eta artean ezagutzen ez genituen beste batzuk gau hura nola pasatzen ariko ote ziren pentsatzen. Dardara gorputzean.

Amesgaiztoa goizeko seiak baino minutu batzuk lehenago hasi zen, etxeko telefonoa jotzen hasi zenean. Albiste onek egunak argitu arte itxaroten dute. Txarrek presa dute etxean sartzeko. Eta Paul adiskideak fabrikara joan baino lehen irratian entzundako hura txarra zen. Guardia Zibila Martin Ugalde parkean, Egunkaria miatzen eta hainbat lagun atxilotuak. Tartean Martxelo eta Iñaki orduan ere lankide nituenak.

Ez naiz gogoratzen zenbat laguni eman nien berri txarra. Hiruzpalauri bai behintzat. Artean ez nekien zortzi bat urtez nire lantoki izandako hura betirako itxiko zutela, baina Andoainera gerturatu eta lagun eta lankideen aurpegiak ikusi nituenean zalantzarik ez nuen izan. Berdez jantzita izua eragiten ziguten haiek ez zeuden abegi oneko bisitan. Eta Martxelo-eta handik atera eta furgoian eraman zituztenean korapilo bat egin zitzaidan barrenean. Dardara eta beldurra.

Eta Tenerifera joango ez nintzen konbentzimendua. Orain bitxia eta harrigarria egiten zait, baina goiz hartan, artean oso ziur ez nekien zer egingo genuen… Baina goiz erdirako banekien ezetz. Hondartzak eta eguraldi onak itxaron beharko zutela, eta berotasuna beste nolabait jasoko nuela.

“Berdez jantzita izua eragiten ziguten haiek

ez zeuden abegi oneko bisitan. Eta Martxelo-eta

handik atera eta furgoian eraman zituztenean

korapilo bat egin zitzaidan barrenean. Dardara eta beldurra”

Ez dakit noiz eta non egin nuen aurrenekoz negar. Gogoratzen dut, baina, malkotan amaitu nuen uneetako bat. Egunkaria itxi eta bi egunetara manifestazioa egin zen Donostian eta lankideak Egunkaria aurrera zioten elastikoekin gindoazen. Elkarrekin. Mina eta guri babesa erakusteko hara agertu ziren milaka lagunei eskerrak emanez. Abiatu ginen eta Antiguako tunelean sartu ginenean mundu bat azaldu zitzaigun, txaloka, oihuka, justizia eske… jendea espaloian, negarrez asko, eta haien artean Arantza, garai batean AEKn lankide izan nuena eta Iñaki Uriarte Egunkaria-ko Bilboko lankidearen neskalaguna. Ordurako Iñaki oso gaixo zegoen, eta Arantza malkotan ikusita, harengana hurbildu nintzen besarkatzera. Uste dut ez ninduela ikusi ere egin.

Egun haietan izan ziren une hunkigarriak eta izan ziren une gogorrak. Azkenekoen artean Martxelo espetxetik atera zenekoa. Une hartan, torturak salatu zituenean, nolabaiteko inozentzia galdu genuen askok. Pentsatzen genuenok kulturaren alorreko izen ezagunak ez zituztela ukituko. Eta gogorra izan zen, era berean, komunikabideren bateko edo besteko langileei elkartasun eske deitzea eta haiengandik jasotako erantzun hotza. Eskerrak erantzun orokorra juxtu kontrakoa izan zen.

Baina nahiago dut une ederrekin gelditu. Lankideekin igaro eta bizi izan nituen orduekin. Jasotako dei guztiekin. Besarkadekin. Herrietan jasotako elkartasunarekin. Tenerifeko eguzkiak ez du horrenbesteko berorik ematen.

Imanol Murua: Ezin ahaztu, ahaztu nahi ez

telefonoa

Zarautz, otsailak 20. Telefono deia goizaldean oso goiz. Malu da, Iruñetik. Etxera joan zaizkie guardia zibilak, eta Alberto eraman dute. Ez atxilotuta, baizik eta miaketarako lekuko gisa. Egunkariaren delegazioburua da Alberto, eta bulegoa miatzeko agindua dutela adierazi diote guardia zibilek. Lehenengo pentsamendua: Egunkaria-rekin zerikusia duen norbait atxilotuko zuten auskalo noren aurkako polizi operazioan. Baina delegazio baten miaketa aski motibo bada zuzendaria ohetik atera eta jakinaren gainean jartzeko. Martxelori deitu diot. Ez du hartzen. Erantzungailuari kontatu diot Iruñekoa. Iñaki kontseilari ordezkariari deitu diot jarraian. Hark ere ez du hartzen. Xabier zuzendariordeak hartu dit telefonoa azkenean. Andoaindarra da, eta Egunkaria-ren egoitza nagusira abiatu da badaezpada ere. Jota utzi nau, Andoaineko egoitza nagusian zer ikusi duen esan didanean telefonoz. Luzea dator gaua.

Tolosa, otsailak 20. Bentaundi ondoko egoitza batean gaude hurrengo eguneko egunkaria prestatzen. Ez dakigu zer izenekin aterako den. Euskaldunon Egunkaria izango den edo beste mantxeta batekin aterako dugun. Beste batzuk ari dira horretan. Gu, idazten. Ez dauzkagu behar beste ordenagailu, eta txandaka ari gara. Bi kazetari, ordenagailu bakoitzeko. Hamar atxilotuei buruzko bi orriak osatzea egokitu zait. Telefono deiak hari eta honi. “Non ari zarete?”, galdetzen didate telefonoaren beste aldetik. Ez esatea erabaki dugu, badaezpada ere, guardia zibilak honez gero badakiela susmatzen dugun arren. Ez dakigu eguna bukatzen utziko diguten.

Donostia, otsailak 22. Miramar jauregiaren parean nago, Egunkaria-ko langileen kamiseta urdina soinean, manifestatzaileak zenbatzen, manifestazioa kronometratzen. Baina gainezka egin du. Argazkilari beteranoei galdetu diet Donostian halakorik sekula ikusi duten, antzekorik gogoratzen duten. Ezetz. Titularra aurretik zegoen pentsatua: “Mundu bat Egunkaria-ren alde”. Horixe zenbatu genuen gero: mundu bat.

“Telefono deiak hari eta honi. “Non ari zarete?”,

galdetzen didate telefonoaren beste aldetik.

Ez esatea erabaki dugu, badaezpada ere,

guardia zibilak honez gero badakiela susmatzen dugun arren”

Madril, otsailak 25. Goizaldea da, Auzitegi Nazional barruko itxaron gelan nago, beste hiru kazetarirekin batera: Radio Euskadiko Ainara, Efe agentziako Jose eta Europa Press agentziako Angeles. Hamar atxilotuak, gure lankide eta lagunak, beheko ziegetan dauzkatela dakigu, Juan del Olmo epailearengana noiz eramango zain. Beste kazetari guztiak etxera joan dira. Auzitegien jarraipena egiten dute Josek eta Angelesek. Ondo ezagutzen dituzte etxe honetako barrunbeak eta polizi operazioen ezaugarriak. Atxilotzeko modua, inkomunikazioaren luzapena, eginbideen sekretua… ETAren aurkako operazio gogorrenen traza hartzen diote honi. Egunkaria zer den eta hamar atxilotuak nor diren azaltzen eman dut gaua: zer egin duten, zergatik diren ezagun. Ez didate dena sinetsi, sineskaitza egiten zaie, baina operazio honen berezitasunaz jabetzen hasi dira. Zalantza sortu zaie: kalabozoetan dauzkatenak akaso ez dira etakide arriskutsu batzuk.

Soto del Real, otsailak 25. Iluntzea da. Inma, Luis eta Martxelo kartzela barrutik kanpora datoz azkenean, ez oso aurpegi onarekin. Arreba besarkatu du aurrena Martxelok eta, “poltsarena egin didate” esatearekin batera, lehertu egin da. Nekez erantzun dio Euskadi Irratiko Aritzen galderari, eta ez da gauza izan Egunero-ren erredakziotik galdezka duen Jakes lankideari erantzun. Hunkituegi dago. Minutu gutxi behar izan ditu errekuperatzeko. ETB2ko albistegian zuzeneko emanaldia nahi dutela jakinarazi diot, ea prest legokeen. Euria ari du eta ez dugu ez aterperik ez aterkirik. Utzi digute bat, eta haren aterpean eman du Martxelok betirako grabatuta gelditu zaigun testigantza.

Andoain, ekainak 20. Martin Ugalde Parkean gaude, Guardia Zibilak itxi zuen egoitzaren pareko egoitzan, Berria egiten. Egunkaria sortzen, berriro. Egunkaria-ren irakurleentzat, Egunkaria-ko lantaldeak egina, Egunkaria-ren oinarriekin. Nik, Berria-ri, Egunkaria esaten diot.

Urtzi Urkizu

euskotren

Bezperan, otsailaren 19an, Donostiako Trueba aretoetan izan nintzen Alexander Payne zinemagilearen ‘About Schmidt’ filma ikusten. Amonaren etxera joan eta bertan gelditu nintzen lotan. Hurrengo egunerako aipatutako zintaren kritika nondik nora idatzi buruan nuela. Bolada hartan zinema kritika pare bat idazten nituen astean, Iban Arregik eta Andres Gostinek hala eskatuta. Otsailaren 20an idatzi beharrekoa inoiz argitaratu gabe gelditu zen.

Otsailaren 19 lasai hura bizi eta hurrengo goizean, beldurrezko film baten erdian topatu nuen neure burua. Amonak esnatu zidan, esanez Egunkarian Guardia Zibila zegoela esanez. Nola? Izebak deitu zuen gero telefonoz. Bizkor dutxatu, gosaldu, jantzi eta trena hartzera joan nintzen korrika. Bidean Begoña del Teso ikusi nuen, Egunkariako kolaboratzailea izandakoa. Trenean lagun batek deitu zidan, nola nintzen galdezka. Normalean labur egiten zitzaizkidan tren bidaiko 20 minutu haiek luze egin ziren egun hartan. Martin Ugalde parkera iritsi ta han topatu nituen lankideak. Guardia Zibilak Iñaki Uria eraman zuen handik, eta langileon garrasiak heldu ziren. Bitartean langileez gain, beste hainbat pertsona gerturatu ziren egun hartan Martin Ugaldera.

“Trenean lagun batek deitu zidan,

nola nintzen galdezka.

Normalean labur egiten zitzaizkidan tren bidaiko 20 minutu haiek

luze egin ziren egun hartan.”

Ezinegona eta harridura. Telefono dei ugari. Egunkariko atean jarri zuten giltzarrapoa ikustera gerturatu ginen. “Ze txapuza, ze desastrea”, hitzak entzun nizkion Juan Luis Zabala lankideari. Xabier Lekuona zuzendariordearen inguruan bildu ziren lankideak, ea zer asmo zegoen entzuteko. Berehala kazetari batzuen izenak esan zituzten, Egunero-ren aurreneko zenbakia idaztera joan zitezen. 70.000 ale saldu ziren hurrengo egunean. Arkaitz Goikoetxea bertsolari eta lankide izandakoarekin beste solas tarte bat izan nuen gero, pankartaren atzean geundela. Gertatutakoa ezin sinetsi genbilen. Arratsaldean komunikabideen aurreko langileen agerraldia izan genuen ate itxiaren aurrean. Eta ondoren Donostiara joan ginen gehienak Artzain Onaren aurrean deituta zegoen elkarretaratze batera. Donostiako lagun batzuk gerturatu ziren eta haien berotasuna jaso nuen. Berotasun hori hainbat lagun eta ezagunen partetik jaso nuen hurrengo egunetan Lezon, Errenterian, Andoainen eta Euskal Herriko beste txoko askotan. Egunkariaren itxiera jendearen bihotza ukitu baitzuen. Horren erakusgarri handik hiru egunetara Donostian egin zen manifestazio erraldoi eta hunkigarria.

Eguna nekatuta eta hoztuta amaitu nuen. Lezon bizi nintzen orduan. Eta Lezotik Xabier Alegria eta Luis Goia eramanak zituen Guardia Zibilak. Gertukoa nuen Goia, aitak gaztetandik ezagutzen zuen. Eta nik bere seme Arkaitz txikitatik ere bai. Ez dut inoiz ahaztuko Martxelo Otamendi eta Luis Goia askatu zituztenean, handik bost egunera, goizeko 03:00ak aldera Martin Ugalde parkera iritsi zireneko unea. Jon Mayak eta Ane Sarasketak egin zieten dantza agurra. Eta ondorengo Martxeloren esker hitzak langileoi. Hunkigarri hitza motz gelditzen da.

Oroitzen dut hurrengo egunetan dutxan egiten nuela negar. Donostiako manifestazioak eman zigula indarra lanean jarraitzeko. Baita herri batzordeetan zegoen energiak. Eta Euskal Herrian eman zen erantzuna sekulakoa izan zela. Herritarrei esker sortu zela Egunkaria. Eta herritarrei esker sortu zela Berria. Haiei esker egingo dugula aurrera. Eta denon artean lortuko dugula euskaraz bizitzea.

ZuZeuk egin didan eskaera hau baliatuz, amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet 2003an Egunkaria aurrera! leloarekin egin zuten guztiei.

Edurne Begiristainohea

Amesgaiztoa bailitzan. Horrela gogoratzen dut 2003ko otsailaren 20 hartako gaua. Lo nengoela jo zuen sakeleko telefonoak. Goizeko 3rak aldera izango ziren, eta izugarrizko ezustea hartu nuen. Ez nekien amesten nengoen ala ez. Pello Urzelai garai hartan politika sailburua zena zegoen telefonoaren bestaldean. “Edurne, Guardia Zibila Gasteizko delegazioan sartu da”. Hitz horiek ongi oroitzen ditut. “Zer, zer, zer?”.. Ezin nuen besterik erantzun. Erabat urduri jarri nintzen, telefonoa eskegi eta negarrez hasi nintzen. Gurasoen logelara joan nintzen orduan, gertatutakoa kontatu nien eta bitan pentsatu gabe kaleko arropa jantzi eta taxi bat deitu nuen. Bulegora hurbildu beharra nuen, ez nekien oso ongi zertarako, ez nekien zer egin behar nuen, baina ezin nuen etxean gelditu. Taxia hartu eta segituan iritsi nintzen San Antonio kalera. Guardia zibilez josita zeuden bulegoaren inguruak. Eta guardia zibilekin batera, han zen El Mundo egunkariko argazkilari bat. Nolatan jakin zuen gertatzen ari zena galdetu nioenean, aitortu zidan berak bezperatik zekiela Egunkaria itxi behar zutela, jakinaren gainean zeudela egunkarian. Zur eta lur geratu nintzen, erreakzionatu ezinik.

“Nolatan jakin zuen gertatzen ari zena

galdetu nioenean,aitortu zidan berak bezperatik zekiela

Egunkaria itxi behar zutela, jakinaren gainean zeudela

egunkarian. Zur eta lur geratu nintzen, erreakzionatu ezinik”

Handik aurrerako orduak azkar pasatu zitzaizkidan. Bulegoaren pareko espaloietan egon nintzen gora eta behera, geldituezinik. Hotz handia zegoen, ongi gogoratzen dut hori. Guardia zibilek ez ninduten utzi bulegoko atarira hurbiltzen. Barruan Txarli Garcia orduko bulegoko arduraduna zutela jakin nuen; erregistroa egiten ari ziren bitartean han izan zuten, ordu luzez. Orduak pasa ahala jendea hurbiltzen zihoan bulegoko inguruetara. Lankideak ere iristen hasi ziren. Eguna argitzen zihoala hasi zen sakeleko telefonoa jotzen ere. Ezagunak, familia, lagunak, komunikabide ezberdinetako lankideak…Gogoan dut eguna esnatu zenean jendetza zegoela bulegoaren inguruetan, protesta egiten. Babestuta geunden Egunkariko langileak. Ez geunden bakarrik. Ordurako bagenekien gainerako bulegoetako egoera ere. Bagenekien Andoainen, Bilbon eta Iruñean ere sartu zirela guardia zibilak eta atxilotuak bazirela, tartean, gure zuzendaria Martxelo Otamendi.

Ia eguerdia zela atera zuten bulegotik Txarli, gure delegazioburua. Neke aurpegia zuen. Barruan bizitakoa azaldu zigun, nola izan zuten erregistroak iraun zituen ordu luze horiek han begira, galderak egiten,…

Gogoan dut arratsalde horretan bertan manifestazioa egin genuela Gasteizen. Jendetsua izan zela oso. Gogoan dut eguna amaitu zenean eta etxera iritsi nintzenean oraindik sinetsi ezinik nengoela. Egunak emandakoa amesgaizto bat ote zen ere pentsatu nuen. Hurrengo egunean, esnatu nintzenean, ohartu nintzen baietz, amesgaizto bat zela.
—————————
Lekukotasun gehiago ere jaso dituzte egunotan Berrian.

Azaleko argazkia Lorea Agirreren ‘Gezurra ari du’ liburutik ateratakoa da

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.