Zaharrak berri
Zaharrak berri –
Ez nuke nahi mundu honetan idatziko nukeen hondarreko iritzi artikulua Enrique Maia Iruñeko alkatearen ingurukoa izatea. Tamalez, zoritxarrez, eta bizitza puto honen maltzurkeriaz, Jon Barberena bertsolari eta idazleari halaxe gertatu zaio. Hil aitzin Nafarroako Hitza-n argitaratu zioten azken kolaborazioa Maiaren gaiztakeriei buruzkoa izan zen.
Enrique Maia. UPNko agintaria. Eskuin espainolista guztien babesa duen Navarra Suma plataformako hautetsia. Yolanda Barcinaren gerizpean hazitako gizon grisa, baina 2011n zein oraingoan alkate izan eta berehalakoan bere belztasuna lotsagabe erakutsi diguna. Euskaldunen aurka eta kutsaduraren alde gobernatzen duena.
Erregimen zaharreko xake pieza horren gainean bere azkeneko artikulua idaztea egokitu zitzaion Jon Barberenari. Eta ez da bere errua. Bertsolariak egin beharrekoa egin baitzuen, denok egin beharko genukeena: fokua etengabe paratu agintariengan eta agintariek egiten dituzten zitalkerietan.
Orain horixe tokatzen baitzaigu. Erasotzen diguten Enrique Maia bezalakoei lubakietatik gogor eta tinko erantzun, noiz edo noiz kontraeraso propositiboren bat eginez, baina batez ere ondoko lubakian daudenekin mokoka ibili gabe.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko irailaren 17koa]