Yolanda González plaza, Madrilen Bilbon baino lehen

Yolanda González, 1980ko otsailaren 1ean ultraeskuinak, eskuin-muturrak edo zehatzago, faxistek erail zuten gazte euskaldunak, bere omenezko plaza du orain hil zuten hirian, Madrilen. Ez jaioterrian ordea; auzoko lagunek eskaria egin dioten arren Bilboko Udalari, ez ei dute erantzunik jaso-eta.

Yolanda González plaza, Madrilen Bilbon baino lehen
Jatorriz deustuarra eta ezkertiarra zen ikaslea Fuerza Nuevako Ignacio Abad Velázquez eta Emilio Hellín Morok hil zuten; azken honek gerora, eta urte luzez, eskolak eman dizkie Segurtasunen indarrei, Ertzaintza tartean zela. Erailketa bere gain hartu zuen Batallón Vasco Español erakundeak.

Erail zutenetik lagunek urtero-urtero omendu dute Yolanda González, eta aurten, 35 urte betetzen zirela-eta, Deustuibarrako taldeek auzoko plazatxo bati lagunaren izena jar ziezaion eskatu zion Bilboko udalari. Udaletxeak noiz erantzungo zain da orain proposamena.

Jarraian ikusgai duzuen bideoa Madrilgo Aluche auzoan, Yolanda González lorategia inauguratu zuteneko da. La Latinako udalbatzak aho batez onartu zuen lorategiari deustuarraren izena ematea. Inaugurazioan 300 lagun inguruk hartu zuen parte, El País egunkariko kronikaren arabera.

Ekitaldi zirraragarria, politikoa eta festa girokoak “oroimenaren emozioa eta etorkizunaren ilusioa” izan ei zuen -bideo hasieran Artzek idatzi eta Laboak kantatu zuen “Martxa baten lehen notak” gazteleraz azaldu eta euskaraz kantatzen du La Solfónica abesbatzak-, eta unerik hunkigarriena Asierrek hitz egin zuenean, egun 54 urte lituzkeen Yolandaren anaiak.

Bestalde, Isabel Rodríguez-ek, eraildakoren txikitako lagunak, “Yolanda en el país de lxs estudiantes” dokumentala burutu zuen 2013an, “mundu hobeago baten alde borrokatzeagatik erailei omenaldi” gisa. NAIZ atarian ikusgai duzue, hemen klikatuta.