XXI. mendeko inperialismoaren aitzakiak eta informazioaren bilaketa
“….Milaka haur eta emazte / errugabe hil behar / milaka bonba ereinda / Asiako zelaietan / gaur egun ere mordoka / txikitu Amerikak / Afganistan edo Irak / Justizia Unibertsala.
Behin eta berriz (gertatu behar) / Makurkeriaren izenak / aldatu egiten dira / sioux esan nahiz txeroki / gorria nahiz taliban / Onak, ordea, beti on / jainkoaren laguntzaz / guztion askatasuna / dute helburu bakarra…..”X. Montoia.
“Bataila bortitzenak urrun xamar beti” esaldiak dioen bezala Europako mendebaleko biztanleek komunikabideetan ikusten ditugu urruneko guda eta inbasiorik ankerrenak, baita gure gizarteek bozkatutako gobernuek eta alderdiek erabakitakoak edota lagundutakoak ere.
Baina kontzientzia lasai eduki dezagun onen aldean gaudela sinistu behar dugu, sinestarazi behar digute, inbaditutakoak tirano odoltsua eta ankerra batengandik askatzen ditugula pentsatzeak gure izenean gauzatzen diren sarraskirik basatienak lasaiago irensten laguntzen digu behintzat. Horretaz gain inbasioak eta sarraskiak garai bakoitzeko goi mailako baloretan oinarritzen direla kontutan hartzen badugu oso ulergarria da gure gizartearen dauden izpiritu bakea eta nagusitasun moralaren sentimendua.
Ezer berririk ez arlo honetan. XI. mendetik Europa Gurutzadak gauzatzen hasi zenenean kristautasunaren izenean milioika garbitu zituzten mairu fedegabekoak animalien parekoak bilakatua ziren pulpituren bidez gehienbat.
XV. Mendetik aurrera Amerika eta beste kontinenteak inbaditu, kolonizatu, esklabizatu eta arpilatu zituzten gure arbaso europarrek, euskaldunok barne, benetako fede kristau eramateaz gain, goi maiako zibilizazio eta kultura eramaten omen zituzten, arrazen piramideen goiko puntuan zegoen/dagoen Europako gizon zuriari zegokion legez.
Orain modernoagoak gara. Atzean geratu dira erlijioa eta arraza nagusitasuna aitzaki nagusi gisa. Orain “demokrazia” eta “giza eskubideak” zabaltzen ditugu inbasio, sarraski eta lapurreta bakoitzean. Eta tokian-tokiko aldaerak sortzeko irudimena daukagu. Adibidez; Afganistan-en fanatiko erlijioso batzuk zeuden gobernuan, “terroristen” babeslekua zen eta hori gutxi izango balitz emakumeei burka janzten behartzen zieten. Arrazoi soberan 2001ean gure demokrazia eta askatasuna hara eramateko. Ehun milaka hildako gure arrakastaren lekukoak dira (“gure” esaten dut Espainiako halabeharrez mendeko naizen aldetik horretan erabiltzen baita nire zergen kopuru bat).
Beste adibide bat: Irak-en zital hutsa zen izeneko Sadam Hussein izeneko diktadore bat izateaz gain existitzen ez ziren “Suntsipen Masiboko Armak” omen zeuden. Eta horregatik bakea eta demokrazia eraman zituzten gure gobernuek 2003an, arrakasta handiz, sexu eta adin guztietako milioi bat hildakoek eta zenbatezinak diren elbarri, alargun eta umezurtzek ongi baino hobeto erakusten duten bezala.
Eta 2011an Libiaren txanda izan zen. Han ere tirano maltzur bat zegoen, Gadafi, eta inork egiaztatu ez dituen sarraskiak egiten zituen bere herriaren aurka. Eta hara joan zen NATOren armada giza eskubideak zabaltzera. Eta Afganistan eta Iraken bezala arrakasta handia lortu zuten Europako potentzien gobernuek eta Estatu Batuek. Herria suntsituta, ekonomikoki birkolonizatuta eta hamar milaka hildakoekin.
Eta orain Siria eta Iran-en txanda da (aditu batzuk diote Errusia eta Txina direla benetako helburuak), eta aurrekoetan bezala gure gizartetan zabalduen dauden komunikabideek herri horien agintarien deabrutzeari ekin diote. Siriako Al-Assadekin erabiltzen ari diren gidoi desinformatiboa Libiarekin erabili zuten berbera da (“udaberri arabiarra” eta “giza-eskubideak” babestea dira helburu ofizialak), eta Iranen aurka arma nuklearra sortzea arriskuaren argudioa erabiltzen ari dira (ez dizue gogorazten Irak-en aurka erabili zuten “Suntsipen Masiboko Armak” aitzakia ?). Sarraski eta lapurreta berrien oihartzuna gero eta ozenagoa da. Ez dira inoiz amaituko XI. mendetik europarrak gauzatzen ari garen gurutzadak?
Komunikabide nagusiak
Interes zitalak asmo onez jantzi behar dira, eta Europako komunikabide nagusiek lehentasunezko lan hori daukate inbasiorako unea heltzen den heinean. Petrolioa eta beste lehengaien kontrola, Israelen etsaiak suntsitzea, Errusia eta Txina potentzia aurkariak inguratzea, eta antzeko arrazoiak dauden lekuan, gure komunikabideek emakumeak askatzea, terrorismoa ezabatzea, demokrazia eramatea, giza eskubideak babestea eta tankerakoak aurkezten dizkigute. Lasai asko lo egin dezagun gure zergekin milioika errugabe garbitzen dituzten bitartean.
Esan bezala, Libia izan da azken adibidea. Informaziorako erabiltzen ziren iturriak NATOren esku hartzea eskatzen zuen oposizioarenak ziren, edo NATOrenak zuzenean. Hilabeteetan Gadafiren irudi odoltsua eraiki zuten egiak eta gezurrak nahasten eta kanpoko inbasioa oztopatzen edozein informazioa azken uneraino ezkutatzen; esaterako, hasieratik beltzen aurka oposizioko kideek egiten zituzten hilketa arrazistak. Irak edo Afganistanen bezala informazioa eta propaganda desberdintzea ezinezkoa bilakatu zitzaigun.
Adibide pare bat aipatuko dut; manifestazioen aurka inoiz gertatu ez ziren guda hegazkinen bonbardaketak edota Gadafiren gobernuen aldeko lagunak hiltzen zituztenean oposizioko kideak balira bezala agertu zizkiguten telebistetan. Eta azken kasu xelebre bat: abuztuak 21 Quatareko Al Jazeera telebistak iturria zelarik eta gainontzeko munduko komunikabideek emanda ikusi ahal genuen Tripoliko Plaza Berdea jendez gainezka Gadafiren erorketa ospatzen. Arazotxo bat zegoen; Gadafi ez zen eroria, agertzen zen jendetza aktoreak ziren eta ikusten genuena ez zen Tripoliko Plaza Berdea baizik eta Quatar-ren erregearen aginduz herri horretan eraikitako dekoratu bat baizik.
Amaitzeko Libiarekin. Gudaren hasieran “Udaberri arabiarraren” iraultzaile gazte eta jatorra moduan aurkezten zizkigutenak gudaren amaieran, eta gure Txanek egiten duen bezala, “artxila murtxila” esan eta Al Quaedako islamistak bilakatu ziren eta orain Sharia da Libiako legerik nagusiena. Zenbat gauza ezkutatu ziguten hasieratik?
Eta orain Siriarekin gidoi berbera betetzen ari dira.
Ba al dago alternatibarik?
Zoritzarrez Euskal Herriko komunikabide nagusien artean neuk beste askok bezala ez genuen aurkitu eta ez dugu aurkitzen Estatu Batuak eta Europako potentzien interesen gidoi informatibotik ateratzen dena; ezta ezkerrekoak, abertzalekoak edota euskaldunak direnen artean ere. Guztiak, ñabardurak ñabardura, gidoi antzekoa aurkezten digute eta inperialismoaren aldeko agentziek bidaltzen dizkieten informazio gehienak islatzen dituzte informazio horiek kolokan jartzen dituzten beste datu eta berriak jaso gabe edota trataera antzemanezina ematen.
Eta non daude egiara hurbildu ahal gaituzten datu edo berri horiek? Erreza da; eraso militar horien aurka dauden erakunde, agentzia eta komunikabideetan. Eta une honetan USA eta Europar Batasunaren inperialismoaren aurkako eragile aktiboak izaten ari dira Hego Amerikako ezkerreko gobernuak, Errusia, Txina, Iran edota Siriako gobernua berak, eta noski, haien agentzia informatiboak. Eta eskura daude.
Hona hemen lotura batzuk:
Telesur: http://www.telesurtv.net/
Prensa Latina: http://www.prensa-latina.cu/index.php?lang=ES
Cuba Información: http://www.cubainformacion.tv/
Errusiako Telebista gaztelaniaz: http://actualidad.rt.com/actualidad/internacional
Siriako Agentzia ofiziala gaztelaniaz: http://www.sana.sy/index_spa.html
Irango Agentzia ofiziala gaztelaniaz: http://www.hispantv.com/
Txinako Agentzia ofiziala gaztelaniaz: http://spanish.china.org.cn/
Red Voltaire: http://www.voltairenet.org/es
Ciaramac: http://ciaramc.org/
Baten batek leporatuko dit “hi bai azkarra hi, filosofoen harria aurkitu duzu eta egia zein den badakizu”. Ez da hori.
Aipatu komunikabide horiek, eta nik aztertzen dudan gaiari dagokionez, NATOren gidoi desinformatiboak ezkutatzen dizkigun gakoak argitu ahal dizkigute, benetako egoera zein den ulertzeko aukera gehiago emanez. Ez gehiago ez gutxiago.
Beste batek ere aurpegiratuko dit “ Hara! Egiaren zaindariak dira komunikabide horiek ala ?” Noski ezetz. Bakoitzari eman nahi diogun sinesgarritasuna emanda, argi dago gobernu edota erakunde horiek beren interesak dauzkatela, altruistak ala zitalak izanda ere.
Nik ez dut espero, adibidez, Siria, Turkia, Irak edota Iranen agentziek haien aldetik kurduek pairatzen duten zapalketa nazionala agertzen duten berriak islatzea. Edota Errusiako agentziek Txetxenian egiten dutena ere ez. Edota Txinak uigure eta beste nazio batzuekin egiten duena ere ez. Kasu horietan beste iturriak bilatu beharko ditugu.
Baina USA eta Europako potentzia nagusien eraso inperialei buruzko informazioa alternatiboa lortzeko iturri interesgarriak dira horiek.
Egia benetan zein den zalantzatan egon gaitezke, normala eta osasuntsua da, baina berarengandik hurbilago egongo garela ziur baietz.
Egin froga.