Nola galtzen genuen denbora lanean internet aurretik?

Nola galtzen genuen denbora lanean internet aurretik?

Internetek gure lan egiteko modua aldatu du era askotara, baita lana ez egiteko modua ere: on-line erosketak, prentsa irakurtzea, lan kontuekin zerikusirik ez duten emailak irakurri edo bidali, sare sozialak… Hamaika distrakzio eta entretenimendu ezkutatzen dira sarean lan falta dagoenean edo, besterik gabe, lanik egiteko gogorik ez dutenentzat. Baina, internet aurretik, nola galtzen genuen debora lanean? Urruti gelditzen da garai hori, batzuk ahaztuta dute jada eta beste batzuk ez dute sekula ezagutu. Freskatu dezagun memoria eta gogora ekar ditzagun internet aurretik lanik ez egiteko erabiltzen genituen estrategiak.

Lankideekin hitz egin

Internetek gure arreta osoa lapurtu baino lehenago, lankideekin genituen solasaldiak askoz ere aberatsagoak ziren. Horrek ez du esan nahi gaur egun lankideen artean komunikaziorik ez dagoenik, baina denbora ahalik eta arinen pasatzea nahi genuenean, aukera bakarretakoa zen hura.

Telefonoz deitu

Lankideekin hitz egitea aukera bat bazen, lagunei edo etxekoei telefonoz deitzea ere aukera ona zen (eta da). Telefono mugikorrak existitzen ez zirenez, alboan telefono bat izatea altxor preziatua zen asperraldi luzeak arintzeko. Ezin zen intimitatea bermatu, baina hori gehiegitxo litzateke.

Ordenagailuko jolasak

Internet baino lehenago, ordenagailuek bazuten denbora galtzenko ezkutuko arma bat: jolasak. Bakar-jokoa, mina-bilatzailea edota Paint-en zirriborratzea. Jainkoak bedeinka bitza Windowsen jolas mitiko horiek. Dena den, zenbait bertsiok –batez ere enpresetara bideratutakoak- ez zuten jokorik ekartzen langileek denbora galdu ez zezaten, hain zuzen ere.

Pentsatu

Nola galtzen genuen denbora lanean internet aurretik?Klasiko bat. Bulegoko puntu bati begira jarri eta laneko gaiekin zerikusirik ez duten gauzetan pentsatzen hasi:  arazo pertsonalei konponbidea aurkitzen saiatu, etorkizuna imajinatu, mota guztietako pentsamenduak piztu…  Kontzentrazio maila gorena aurrean duguna ikusteko gai ez garenean iristen da.

Paperezko denbora-pasak

Egunkarietako gurutzegramak, letra-zopak, asmakizunak, denbora-pasa liburuxkak… eta, zergatik ez, baita papiroflexia ere.

Lo egin

Eroso jarri, angelu guztiak kontrolatu, inork zure asmoak ikusten ez dituela ziurtatzeko, eta begiak itxi.

Irakurri edo puntua egin

Batez ere harreran lan egiten dutenek momentu oso aspergarriak jasaten zituzten. Ordenagailu eta internetik gabe, irakurketan aurkitzen zuten babesa: eleberriak, prentsa… Eskulanak ere, puntua egitea adibidez, langile askoren denbora-pasa nagusia izan ohi zen.

Zirriborroak egin

Arte-grina loratu egiten da egitekorik ez dugunean edo egitekoa zeharo aspergarria denean. Paper zati bat eta hainbat koloretako axotak hartu eta ausazko marrak egiten hasi subkontzientearen bulkadei jarraituz.

Etxera lehenago joan

Azken minutuetako asperraldiaren izurriteak langileen garunak suntsitu baino lehen, inork ikusten ez zaituela, ihes egitea da aukeretako bat.  Aio, Peio! Eta bihar arte.

Eta zeuk? Zertan ematen zenituen momentu aspergarriak?

Nola galtzen genuen denbora lanean internet aurretik?

Zer duzu buruan “Nola galtzen genuen denbora lanean internet aurretik?”-ri buruz

  • Internetekin gauza asko aldatu dira gure bizitzan, bai aisaialdian eta baita lanerako orduan ere. Baina horrelakoak irakurrita badirudi orain dena internet dela, denok internetera konektatuta dagoen ordenagailu batekin lan egiten dugula eta lanik egiten ez dugunean interneten `nabigatzen´ egoten garela. Eta ez da horrela, jende askok ordenagailurik ukitu gabe lan egiten du eta tarte bat daukanean ez du ordenagailura jotzen. Sarrera honetan aipatzen den kontu hau ordenagailuarekin lan egiten duten langileentzat dela zehaztu beharko litzateke. Hori bai, lanerako orduan ordenagailua ondoan daukagunok zenbat lan-ordu egiten ditugu lanetik kanpoko kontuekin interneten?