Xuxen 5 > euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikal berria

  • Zuzentzaile ortografikoaren datu-basea berritu dugu, Hiztegi Batuko eta Elhuyar hiztegietako azken aldaketak kontuan hartuta.
  • Hiztegi Batuaren hobespenen araberako proposamenak egiten ditu.
  • Erregela gramatikalak berritu ditugu, proposamen gramatikal eguneratuak egin ditzan.
  • Plugin berriak prestatu ditugu, zuzentzailearen azken bertsioa hainbat sistematan txertatzeko.
Xuxen 5
Ezkerretik eskuinera: Leire Cancio Orueta (Elhuyar); Xabier Artola Zubillaga (Ixa Taldea) eta Itziar Cortés Etxabe (Elhuyar)

Xuxen 5 zuzentzaile ortografiko eta gramatikal berria aurkeztu da gaur Usurbilen, Elhuyarren egoitzan egindako ekitaldian. Euskal Herriko Unibertsitateko IXA Taldeak eta Elhuyarrek eman dituzte zuzentzaile berriaren xehetasunak. Hiru lagun hauek hartu dute parte agerraldian:

  • Leire Cancio Orueta, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia.
  • Xabier Artola Zubillaga, Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa Taldeko ordezkaria
  • Itziar Cortés Etxabe, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko kidea

 Bi hamarkada joan dira dagoeneko Xuxen euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoa sortu zenetik. Hizkuntzalari eta informatika-ingeniariek elkarlanean sortutako sistema hark iraultza ekarri zuen ordenagailu bidez testuak euskaraz idazten ditugunontzat.

Hasierako Xuxen sortu zenetik, haren hainbat bertsio sareratu dira (Microsoft Officerako, OpenOffice.org eta LibreOfficerako, web-nabigatzaileetarako, Adobe Indesign-erako…), eta, ortografia-akatsak detektatzeaz gain, proposamen gramatikalak egiten ere ikasi du Xuxenek.

Baina informatikan oso azkar gertatzen dira aldaketak, eta programa eta aplikazioak etengabe eguneratzen dira. Gure hizkuntzan ere gertatzen dira aldaketak: Euskaltzaindiak arau berriak egiten ditu, hitz berriak sortzen dira…

Horiek denak kontuan hartuta, Xuxen ere eguneratuz joan da. 2014an, xuxen.eus webgunean txertatu genituen eguneratze guztiak, eta gizartearen esku jarri genituen ordura arteko bertsiorik berrienak.

Beste jauzi bat eman dugu orain. Ixa Taldeak eta Elhuyarrek Xuxen 5 jarri dugu sarean, doan deskargatzeko (xuxen.eus/bertsioak).

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko eta Elhuyar hiztegietako azken aldaketak txertatu ditugu euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoaren datu-basean, eta erregela gramatikalak berritu ditugu, Microsoft Office-rako sortu dugun azken zuzentzaileak proposamen ortografiko, lexiko eta gramatikal eguneratuak egin ditzan.

Xuxen 5-ek, idazten ari garela, gorriz azpimarratzen ditu gure akats ortografikoak: zihur, xagu, iharduera, akanpaleku, konbidatu… Eta horiek nola zuzendu proposatzen digu.

Bestalde, berdez edo urdinez azpimarratzen ditu hitzak, zuzenak izan arren Euskaltzaindiak beste forma bat hobesten duen kasuetan, hala nola bordatu, fondo, nahastu, ainitz… Eta Euskaltzaindiak Hiztegi Batuan hitz horien ordez hobesten dituen ordainak proposatzen dizkigu.

Azkenik, zenbait akats gramatikal ere berdez edo urdinez azpimarratu eta zuzentzeko proposamena egiten du: gosea daukat, ikusiko gara

Microsoft Office berrienetan (Office 2013 arte) erabiltzeko prest dago Xuxen 5. Beraz, gure ordenagailura deskargatzen badugu, aipatutako hizkuntza-zuzenketa eta -proposamen guztiak balia ditzakegu Word-en testu bat idazten ari garenean, adibidez. Eta erabiltzailearen hiztegia osatzeko aukera ere izango dugu, Xuxen 5-ekin batera erabiltzeko.

Horrez gain, sistema hauetan guztietan txertatzeko pluginak berritu ditugu, zuzenketa ortografiko eguneratuak egin ditzaten:

Eta, jakina, xuxen.eus webgunean ere berritu ditugu datuak, zuzendu nahi dugun testua orri nagusiko testu-koadroan sartzen dugunean zuzenketa eta proposamen eguneratuak egin ditzan.

xuxeneus

Xuxen 5 zure ordenagailura deskargatu nahi baduzu, hemen aurkituko dituzu zuzentzailearen bertsio guztiak: xuxen.eus/bertsioak.

Microsoft Officerako Xuxen 5 erabiltzeko argibideak eskuliburu honetan aurkituko dituzu: xuxen.eus/eskuliburua.

xuxen.eus webgunean erregistratzen direnek (xuxen.eus/erregistratu), gainera, Xuxenen eguneratze eta nobedade guztien berri jasoko dute beren helbide elektronikoan.

xuxen.eus
www.elhuyar.eus

Xuxen 5, euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikal berria

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

2 pentsamendu “Xuxen 5 > euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikal berria”-ri buruz

  • Hobelex-en konpetentzia da? Beharrezkoa da konpetentzian aritzea?

    • Nire mugikorrean Hobelex Xuxen baino hobeto doa. Nahita hitz oker batzuk idatzi ditut, eta Hobelexek zuzendu dizkit akats horiek, Xuxen ordea, ez.