De Rerum Natura 6 Erosteko (Eta Irakurtzeko) Sei Arrazoi

De Rerum Natura 6 Erosteko (Eta Irakurtzeko) Sei Arrazoi

Pozgarria da bi urtetik bi urtera Patxi Huarte Zaldi Eroaren zinten antologia dendetan ikustea; aurten, gainera, niretako pozgarria da ale berri honen aurkezpenean parte hartzea; hortaz, deus baino lehen eskerrak adierazi nahi nizkioke Patxi Huarteri eta Xabier Mendigureni gaur hemen egoteko aukera emateagatik.

Arras gustuko ditut De rerum natura liburuak, baina susmoa dut arrunt zaila izan behar duela bi urteko zinta guzien artean hoberenak zein diren aukeratzeak, gehien-gehienak onak baitira. Horregatik, antologia lan hori egin izana saritzeko –eta ale hau seigarrena delako–, pentsatu dut akaso ideia ona izan litekeela De rerum natura 6 erosteko eta irakurtzeko sei arrazoi ematea. Honako hauek:

1. Bilduma osoa egiteko: aitzineko bortzak erosiak baldin badituzu, seigarrena nahitaez erosi behar duzu, bilduma osoa izateko; orain artio, bakarrik zenbaki bikoitiak erosi badituzu –De rerum natura 2 eta 4–, bistan da seigarren hau ere hartu behar duzula; aldiz, zenbaki bakoitiko aleak bertzerik ez baduzu erosi –De rerum natura 1, 3 eta 5–, noizbait hasi beharko duzu zenbaki bikoitiko aleak erosten eta irakurtzen, eta zergatik ez seigarren ale honetatik?; eta sekulan ez baduzu ez erosi ez irakurri De rerum natura alerik, bada, hementxe duzu aukera paregabea behingoz Patxi Huarteren unibertsoan murgiltzeko: liburu hau erosiz eta irakurriz gero, lagun eta ezagun artean aipu interesgarriak botatzeko eta komentario politiko zorrotzak egiteko parada izanen duzu, eta modan egonen zara, heldu diren hilabeteetan toki guzietan mintzatuko baita liburu honi buruz. Seigarren ale hau irakurrita, bertzalde, gainerako bortzak irakurtzeko premia eutsiezina sumatu eta nahitaez bilduma osoa egin beharko duzu.

2. Poetikoa delako. Niri ez zaizkit katuak bereziki gustatzen –tira, ez katuak, ez zakurrak, ez animaliak oro har–, baina, halere, garai batean, Patxik Xaxa katuari buruz egiten zituen zintak ziren nire gogokoenetarikoak. Gaur aurkezten ari garen alean ez dugu Xaxa aurkituko, baina zinta poetikoen kopuruak goiti egin du –irudipen hutsa da, ez ditut zenbatu–, eta maiz une jakin batzuen alde lirikoa erakusten digu Patxik.

3. Politikoa delako, eta Patxik ez duelako ezkutatzen ideologia bat baduela. Iñigo Urkullu, The Organization, La Pilota Basqua, Patxi Lopez, Jose Iribas, Munilla… denak daude orrialde hauetan, eta guzien inguruan egiten du gogoeta Patxik. Eta anitzetan, ez du txisterik egiten, ekarpen politikoa baizik; edo, bai, txistea egiten du, eta irri egiten dugu, baina irriarekin batera, pentsatzera animatzen gaitu. Behin baino gehiagotan, saiakera luzeetan baino aise hobeki laburbildu izan du Patxik tesi bat bi binetatan –edo bineta bakarrean–.

4. Gure esnobismoa bulkatzeko. Ongi da Lewis Trondheim edo Nicolas Mahler irakurtzea –gustuko ditudan eta nire ustez Patxirekin antzekotasunak dituzten bi marrazkilari aipatze aldera–. Biak, segur aski, Patxi baino ezagunagoak dira nazioartean; ez nahitaez, ordea, hobeak. Aukeratu duen hizkuntzagatik, Zaldi Eroaren zintak guti batzuek ezagutzen ditugu, gure altxor sekretua da: hori txarra da egilearendako –nori ez zaio fama gustatzen?–, baina ona barnean daramagun esnobarendako. Zaldi Eroa kultuzko marrazkilari bihurtu behar dugu. Euskal Herritik kanpo haren ezaugarriak aipatu eta goraipatu behar ditugu–zorrotza da, fina, irri-emangarria, ironikoa, badaki auziak bi esalditan eta bi marrazkitan laburbiltzen–, azkenean zera gaineratzeko, a, bada, nik haren bilduma oso dut etxean…

5. Eskuzabala delako: asteartero, norbaiten ekarpena egiten du bere, eta nik uste dut guzioi ilusio handia digula gure txio bat zinta bilakatua ikusten dugunean. Eta horrek, kanpoko ekarpenak onartze horrek, are aberatsago egiten du Patxiren unibertsoa.

6. Liburu honekin gozatzeko arrazoi berezirik behar ez delako.

[Testu hau irakurri dut gaur, azaroak 10, Patxi Huarte Zaldi Eroaren De rerum natura 6 liburuaren aukezpenean]

De Rerum Natura 6 Erosteko (Eta Irakurtzeko) Sei Arrazoi
Komikiak, zaldieroa
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude