Fruta, kutsadura eta Teleberria

Fruta, kutsadura eta TeleberriaAtzoko Teleberrian kutsaduraren inguruko albiste larria ematen ziguten, 2014 urtean inoiz baino CO2 isurketa gehiago izan zirela dioen ikerketa aipatuz, eta horrela jarraituz gero ondorio atzera-ezinak izan daitezkeela azalduz. Larriena da, gainera, joera eta ohiturak egoera hau hobetzera zuzendu beharrean, kontrako norabidean egiten dugula askotan.

Amaitu da gaiari buruzko albistea eta aurkezleak, ohiko hitz joko horietako bat eginez, hurrengoari egin dio bidea: “Preocupa la contaminación, pero también la alimentación… comer sano no está a la orden del día” esan du. PERO bat sartu du hor tartean, osasunak eta kutsadurak elkarrekin loturarik izango ez balute bezala.

Frutari buruz hizketan hasi da aurkezlea. Esan du, gaur egun zabaldua dagoen bizi estiloaren ondorioz (presaka bizi gara) gehienetan ez dugula ondo jaten, zaila dela behar bezain beste fruta eta barazki jatea. Eta “arazo” hori konpontzeko asmoz zabaltzen ari den produktu baten berri eman digu: zatituta, jateko prest enbasaturik saltzen den fruta.

Hauxe da emandako albistearen laburpena: fruta bere modu naturalean jateko denborarik ez dugunez, gure osasunean pentsatuz produktu hau sortu dute (ikerlari baten agertu da hau esaten), eta berau komerzializatzeko lanetan ari dira gainera (enpresa “jator” hauek zein diren ere oso argi utzi digute”.

Oso modu politean kontatu digu dena Teleberriak. Baina, honen aurreko albistera itzuliz, ez ote lukete kutsaduraren inguruko aipamen txiki bat egin behar? Zenbat plastiko sortuko da produktu berri honen komertzializazioaren ondorioz? Zenbat CO2 produzituko da prozesu horretan? Osasuna bada enbasatutako fruta saltzeko arrazoia nagusia -Teleberriak hala esan digu- faktore guzti horiek ere aipatu behar lituzkete, nere ustez. Horra hor erreportaje baten eta publierreportaje baten arteko ezberdintasun handi bat.

ETBren albistea bera tamalgarria iruditu zait, baina are eta tamalgarri eta larriagoa produktua bera. Ahalik eta zabor gutxien sortu behar dugula entzuten ari garen momentu hauetan, “zero zabor” filosofiaren guztiz aurkako norabidean datorren produktu bat da hau. Alferrikako “enbaseak” gure egunerokotasunetik nola kendu pentsatzen aritu beharko genuke, ez alderantziz.

Inolako hondakinik sortzen ez duen elementu batetik, kiloka hondakin sor ditzakegu aurrerantzean, eta Teleberriak gure osasunaren aldeko zerbaiten moduan apaindu digu albistea.

Fruta, kutsadura eta Teleberria

3 pentsamendu “Fruta, kutsadura eta Teleberria”-ri buruz

  • Eta berri hau ez al zuten ETB 1-en albistegian emititu?

  • Galder Gonzalez 2015-11-12 09:19

    Ez da hori bakarrik. Egunotan SIGREren iragarki hau eskaintzen dute telebistan:

    https://www.youtube.com/watch?v=jav2vA8hEDk

    Bertan esaten zaigu farmaziek mundua hobetzeko lana egiten dutela, eta birziklatzea garrantzitsua dela. Izan ere farmazeutika handiek botikak modu ekologikoagoan saltzen omen dituzte, farmaziek kontzientzia dute eta erabiltzaileek ere birziklatzen dute. Eta ondoren esaten digu: “Zer egingo luke naturak zu gabe?”. Ba erantzuna oso sinplea da: gu gabe naturak ez luke botika enbaserik sortuko eta, beraz, arazoa akabo. Iragarkiak esaten diguna da eskerrak hor daudela farmazeutikak eta botika, bestela zuhaitzik ere ez zela jaioko.