We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari)

We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) –

We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari)Martxoaren 13az geroztik, ez dut karrikarik zapaldu. Halere, ez naiz aspertzen. Berriki, bi lagunek faltan sumatzen dituzten gauzak zerrendatu zizkidaten –ostatu batean garagardo bat hartzea, sexua, zuzeneko musika aditzera kontzertu batera joatea–. Nire egiten ez dudan zerrenda horrek bi gauza erakutsi zizkidan: adinez ni baino zaharragoak diren bi lagun horiek espirituz ni baino aise gazteagoak direla; eta zeinen aspergarria naizen, zeren gogoeta egiten badut, konfinamendua bitarteko nire bizimodua eta konfinamendua baino lehenagokoa ez baitira hain desberdinak.

Nik, lagunek ez bezala, gauza gutiren falta sumatzen dut. Zinemarena, beharbada. Bai, etxean plataformak eta DVDak baditut, baina gustuko nuen filmak pantaila handian ikustea, gustuko nuen zinema aretora semearekin edo lagun batekin joatea. Zinema areto batean, Donostiako Beldur Astean, ikusi nuen egun hauetan Netflix bidez hain arrakasta handia izan duen El Hoyo, eta haren inguruan idatzi nuen orduan; halere, aitortu behar dut, ez nion 2019ko urri hartan koronabirusarekin duen lotura begi-bistakoa igarri –hementxe duzue lotura: irakurtzea ez da baitezpadakoa, baina harira ez etorrita ere, lerro hauen txistearen parte da nire testuren baten propaganda egitea–.

Tarteka, –noizbait areto ilun batean baina oraingoz etxean– ikusi nahi nituzkeen filmen gaineko kritikak irakurtzen ditut. Filmak merezi ote duen errateko eskatzen diot kritika bati. Istorioa interesgarria ote den; ikuslea harrapatzen ote duen; pertsonaiak topikoak edo originalak ote diren, konplexuak edo sinple-sinpleak, gure enpatia pizten ote duten, edo gure mespretxua; beldurrezko edo zientzia-fikzioko zinemaz ari bagara, filmak generoari ekarpenik egiten ote dion jakin nahi izaten dut, generoaren arauak errespetatzen dituen edo hausten saiatzen ote den; hasmenta erakargarria ote den eta akabera istorioaren tamainakoa ote den. Azken buruan, zinema kritikari gomendio bat eskatzen diot, zinemaz gehiago –teorian bederen– dakien lagun batek zinemazale den bertze lagun bati ematen diona. Filma ona edo txarra den erratea zaila da, objektibotasunik ez dela onartzen dugun heinean, baina kritikari batek argudio sendoak –edo ahulak– ematen ahal ditu filma ona dela edo txarra dela defendatzeko. Irakurlearen adimena errespetatzen duten argudioak, erran nahi baita.

Martxoaren 13az geroztik ez dut karrikarik zapaldu. Halere ez naiz aspertzen. Edo bai. Beharbada hasia naiz etxean sartuta emandako egun hauen guzien pisua sentitzen; beharbada horregatik hasi naiz kritika mota jakin batez –lehenago grazia handiagoa egiten zidan kritika mota jakin batez– aspertzen eta nekatzen. Gogaitzen. Kritika mota horrek film bat hartu eta, haren aitzakian, daitezkeen gauza guziez hitz egiten du, filmaz izan ezik. Are amorragarriagoa egiten zaidana: kritika mota horrek ez du gomendiorik ematen; kritika mota hori horren gainetik dago, egon ere, eta irakurle zinemazaleak baino aise gehiago daki. Batez ere, kritika mota horrek badaki filma zergatik gustatu zaion ikusleari –ez da, bistan dena, ikusleak bere inozoan usten zuen arrazoiengatik–; badaki filma gustatzen baldin bazaio, ikuslea ezinbertzean Trumpen txorimaloa, neoliberala edo, tira, zuzenean faxista dela –baliteke hura orain artio horren jakitun izan ez izana, baina hain zuzen ere horretarako balio du kritika mota eskergarri horrek–.

Tronu dema edo El hoyo gogoko badugu, arrunt gaizki gauden seinale. 80ko hamarkadan ere, apezek eta mota guzietako elkarte kontserbadoreek bazekiten heavy metala musika satanikoa zela, eta asots deabru hura aditzea, aditzeko gogoa izate hutsa, gizarte eri baten isla bertzerik ez zela. Gaur egun gure entretenimenduaren moralitateaz arduratzen direnek ez daramate sotanarik, eta bi esaldian behin Zizek, Benjamin, edota Lacan –gehiagotan eta, edo baino– aipatzen duten ezkertiar erradikalak izaten dira. Baina haien jarrerari darion moralismo kiratsa jasangaitza da, eta, aparatu kritikoa gorabehera, haien diskurtsoa eta jarri musika baxuago oihu egiten duen guraso eskandalizatuarena ez dira hain diferenteak.

We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari)

Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

10 pentsamendu “We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari)”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2020-04-16 11:09

    Pozgarria duk berriz hire berri izatea. Eutsi goiari!

  • Amonamantangorri 2020-04-16 11:41

    Egia esan, Zizek-ek, hain juxtu, dio zuzentasun politikoa totalitarismo forma bat dela eta beharbada arazo sozialak estaltzen dituela, konpondu gabe.

    Filmak irizpide politiko-moraletatik, genero eta dibertsitate tratamenduaren aldetik-eta epaitzen dituztenek ez dira Zizeken lerrokoak, lerro hau zein dela ere.

  • Oier Aranzabal
    Oier Aranzabal 2020-04-16 23:59

    Santi!
    Ze poza zu berriz irakurtzea.
    Faltan botatzen zaitugu sareetako lagunok.

    bsrkd monami

  • joseba gabilondo 2020-04-17 00:37

    Santi¡ Faltan bota zaitugu, desadostasunetik bada ere¡ Besarkada bat. Ea noiz ikusten zaitugun Twitterren¡ Egunerokotasunaren kronista txiolari onena zinen¡

    • Santi Leone

      Esker mila erantzunagatik, Joseba. Badazkizu ni ere zure txioen fana naiz, beti ados egon ez arren. Eta beti ulertu ez arren. Honetan, adibidez, ez dakit nortaz ari zaren; ez bederen nitaz edo Ibanez, nik dakidala inork ez baitu erran teoriko horiek “euskal kulturaren gaitzik handiena” direnik. Orain artio inork aipatu ez duen feminismoa solasera ekartzea ere ez dakit zertara heldu den, non eta ez den Godwin legearen aldaera berri bat. Orain serio, konfinamendua akituta, ea noizbait etortzen zaren metropoli foralera; bazkaldu bitartean, mundua konpontzen saiatuko gara, edo gure desadostasunez mintzatzen. Eta gure adostasunez ere bai, jakina.

  • Juanjo Olasagarren 2020-04-17 16:00

    Barkatu, baina oker izan behar du bat. Hala arnasa hartzeko larritasuna, sukarra, karkaxarik ez, dastamen-usaimen galtze, berdin koronabirusa analisiak egin gabe ere, nola Santi Leonek aipatzen duen zinema-kritikaria, berdin Joseba Gabilondo. Eta, berriz diot, oker izan behar du bat Joseba Gabilondok El Hoyo-ri buruzko analisia zinema kritika dela erabakitzeko, finetan finena bada ere.
    Gabilondo leitu eta ezagutzen duen edonork badaki zinemari buruzko artikuluak ez direla zinema kritika, baizik eta zinematik mundua pentsatzeko, are bere ustez, aldatzeko ahalegina, gauza ohikoa berau filosofia, kritika kulturala eta aktibismoaren arloan; George Steinerrek, Isaiah Berlinek (arrunt gehiago dira) zinema ez baina literatura (Dostoyeski, Holderling, Tragedia Grekoa,) erabili zuten mundua pentsatzeko. Bere belaunaldiko kritikoen artean, gainera, Gabilondo da bakarra mundua pentsatzeko “produktu kulturalak” erabili dituena , gainontzekoek mundua erabili baitute “produktu kulturala” irakurri eta dekodifikatzeko; zilegi, baina ahalegin exkaxagoa nire irudiko. Eta zer esango dizuet, Joseba Gabilondok hainbat gauzatan ni baino gehiago daki, ez literatur kritikan, beharbada, baina bai filosofian, soziologian, psikologian, historian.
    Liberalismoari buruz zer esango dizuet, gaudenean egonda, sozialdemokratetatik hasi eta ezker erradikalekoak barne dio munduak ezin duela daukan martxan segitu, eta martxa horren ardura nagusia neoliberalismoaren ondorio dela, neoliberalismo-etiketa batzuetan zakua bihurtzen dela onarturik.
    Eta liberalismoari aurre egiten hasteko jarrera morala aldatzea da lehenengo. Ikusiko genuen bai nola ez genukeen hegazkin bat hartuko kutsatzea moralki gaizki ikusia balego? Edo kamiseta bat erosiko gure kontzientzia Bangladesheko andre baten errietak inarrosiko balu?
    Dibinotasuna ere jarrera morala da, onargarria baina morala. Eta zoritxarrez, musika altu jarri izanak, ez du gizartea honaino ailegatu izana galarazi. Oso muturreko eskuinekoentzat zen hevy metala musika satanikoa. Heideggerrek esan zuen jainko bat behar dugula salbatuko bagara, hura etorri bitartean, niretako behintzat, ongi etorri apaizak.

    • Santi Leone

      Egia: Joseba Gabilondo ez da zinema kritikaria, baina nire testua irakurrita erraz ondorioztatzen ahal da nik halakotako hartzen dudala. Mea culpa. Egia: Joseba Gabilondok nik baino franko gauza gehiago daki hainbat alorretan, zuk aipatzen dituzun alor horietan, bai eta bertze anitzetan ere naski. Uste dut nik Gabilondoren lanak ez duela deusetarako balio, ez duela deus argitzen, ez digula zer hausnarturik ematen? Ez, jauna, ez dut hori uste. Zure defentsa orokor hori, beraz, ez zen beharrezkoa.
      Baina zinema kritikaria ez izanda ere, eta filmak munduaz gogoeta egiteko pentsagai gisa erabilita ere, produktu horien gaineko eta haien ikusleen gaineko balorazioak ere egiten ditu. Game of Thrones telesailari buruz idatzi zuen artikuluan, adibidez, superheroien komikiak gustutko dituztenak alienatuak, betiereko nerabeak, drogazale modukoak eta abar, eta abar dira. Hori, barkatuko didazu, gurasoen utzi-komikiak-behingoz-eta-irakur-ezazu-fundamentuzko-zeozer-en baliokide intelektuala da.
      Ezin dugula orain artio bezala segitu? Bistan da ezetz. Jarrera morala aldatu behar dugun? Horixe baietz. Ez dut hori salatzen, jarrera moralistak baizik. Ez ditut zalantzan jartzen zure apezen gaitasun analitikoak. Baina apezkeria ez zait gustatzen, hain zuzen ere okerreko galdemoduak egitera eramaten gaituelako. Musika altu jartzeak ez du gizartea honaino ailegatzea galarazi; bistan da ezetz, baina ez zuen zertan. Nire iduriko, halere, ez da hori galdera; galdera da musika altu jartzeak ekarri ote duen gizartea honaino. Nik uste dut ezetz.

  • joseba gabilondo 2020-04-17 21:50

    plazer bat izango da, inoiz hegazkina berriz hartzen uzten badigute¡

  • joseba gabilondo 2020-04-17 22:08

    Hemen Santik aipatzen duen artikulua, irakurleak berak juzka dezan. Ohar bat bakarrik. Izenburua editoreak jarri zion, neurea aldatuta. Jatorrizko izenburua zera zen: “Juego de Tronos. Por qué somos tan adictos a fantasías neoliberales en tiempos de precariedad”

    https://blogs.elconfidencial.com/cultura/tribuna/2019-05-24/juego-de-tronos-final-precariedad_2018658/

  • Oier Aranzabal eta Joseba Gabilondori:
    Uste ote duzue “faltan bota” espainierazko “echar en falta” erranmoldea ezagutu gabe ulergarria dela? Edo bakarrik Hego Euskalerritarrentzat idatzi behar ote da?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude